Kuantika, zein da galdera zuzena?

Teknologia kuantikoak askotarikoak dira. Gaur egungo aplikazioak eta, batez ere, etorkizunekoak, zabalak eta iraultzaileak dira. Euskadin konputazio kuantikoan egindako inbertsio handiei buruzko azken albisteek arreta mediatiko handia sortu dute. Asko dira konputazio kuantikoaren orainari eta etorkizunari buruz galdetu didatenak. Askotan, galdera sinplea da: noiz izango dira benetan erabilgarriak eta enpresarentzat baliozkoak? Erantzuna sinplea da: enpresaren sektorearen eta bere anbizioaren araberakoa, baina 7 edo 12 urte gutxienez.

Txosten gehienek 2030eko hamarkada aipatzen dute konputazio kuantikoak espero bezala erantzuten duela ikus dezagun. Teknologia kuantikoek, beren ahalmen disruptiboa dela eta, zeregin berezia dute etorkizuneko garapen ekonomikoan eta gizarteen oparotasunean. Konputazioaren zientziak, telekomunikazioak, kontrol-sistemak, fisika eta matematika uztartzen dituen eremua da. Jakintza-alorren aniztasunak apustu integralak eta zabalak eskatzen ditu.

Lehen iraultza kuantikoan, duela 75 urte baino gehiago, gaur egun Eraldaketa Digitala deitzen dugunaren oinarriak sortu ziren. Erdieroaleen fisika ulertu genuen, eta transistoreak eta mekanika kuantikoaren propietateak erabiltzen dituzten oinarrizko beste osagai batzuk eraikitzen ikasi genuen. Substratu digital hori gabe, gure gizarteak gaur egun ez luke funtzionatuko.

Orain, bigarren iraultza kuantikoa deritzona gertatzen ari da, mekanika kuantikoaren propietateak erabiltzetik haratago doan etapa berria. Materia zuzenean manipulatzen ikasten ari gara, mekanika kuantikoaren ezaugarrietan oinarritutako prozesuak aprobetxatzeko, hala nola gainjartzea edo elkartzea. Konputazio, komunikazio eta detekziorako garapen tekniko berriak sortzen ari gara. Horiek manipulazio hori ustiatzen dute, eta, ziur asko, azpiegitura berriak sortuko dituzte etorkizun hurbilean gizarteak jarduteko.

Baina hori da funtsezko galdera? Ezetz uste dut. Nire ustez, lasterketa berri hau nork edo nortzuk irabaziko duten da gakoa. Bereziki ustiapen komertzialaren sari nagusia nork eskuratuko duen. Berriki Jose Ignacio Latorrek, besteak beste, Singapurreko Centre for Quantum Technologieseko zuzendariak esandakoarekin guztiz ados nago: “The question is not when, the question is who” —galdera ez da noiz, nork baizik—.

Hedabideetan, askotan, Estatu Batuek eta Sobietar Batasunak 1950eko hamarkadan hasi zuten karrera espaziala erabiltzen da, gaur egun Txinak eta Estatu Batuek konputazio kuantikoaren esparruan duten lehia deskribatzeko. Zalantzarik gabe, bi herrialde horiek dira inbertsio gehien egiten ari direnak, baina diziplina horretan ez dira inola ere jokoan kartak dituzten bakarrak.

Konputazio kuantikoan liderrak izatea, edo, gutxienez, jakintza-arlo horretan oinarri teknologiko sendoa izatea garrantzitsua da. Izan ere, litekeena da epe ertainera herrialdeen arteko desberdintasuna ezartzea, ez bakarrik ikerketa zientifikoaren esparruan, baita telekomunikazioetan, ekonomian edo kriptografiaren eremu sentikorrean ere, herrialde askorentzat kritikoak diren arlo batzuen artean.

Alde horretatik, Europa (eta bere kideak, gu geu barne) inbertsio-, ikerketa- eta garapen-plan indartsuak egiten ari dira. Gure herrialdea, txikia eta batzuetan zatituegia, martxan dago. Duela ia hiru urte (2020ko irailan), lehen aldiz idatziz utzi nuen teknologia kuantikoen gaineko iritzi artikulu bat. Artikulu hura berriro irakurri dut, eta orduko lau gakoetan berresten naiz, pixka bat aldatuta ere.

Lehena, erabilgarritasunaren ikuspuntutik konputazio kuantikoa bizirik eta hilik dagoela aldi berean. Batzuentzat erabilgarria dena (eta bizirik dagoena) beste batzuentzat oso urrun dago erabilgarritasunaren ikuspegitik (eta, beraz, ez dago bizirik).

Bigarrena, hedapenaren ikuspegitik, konputazio kuantikoa hodeiaz jatorrizko moduan baliatzen den lehen belaunaldia izango da. Baten batek on premise edukitzerik izango du, baina kasu zehatzetan bakarrik, orain Euskadin iragarri dena bezalakoa. Inbertsio horien gakoa ez dago bakarrik begi-bistakoan (Euskadin konputazio kuantikoko sistema bat berton izatea), inbertsio horien letra txikian baizik, eta sortzen duten talentuaren garapen- eta erakarpen-efektuan. IBM Quantum One ordenagailua Donostian hartzea dakarren akordioa aukera bikaina da adimen artifizialeko ikerketarako, optimizaziorako, eta simulazioko puntako ikerketa gaitasunak garatzeko. Hodeiko beste sistema batzuk ere erabiltzen jarraituko dugu, eta bertokoekin lan egiten duten beste ikertzaile batzuek hodeitik lan egingo dute gurekin. Zientziak eta ikerketak nazioarteko lankidetza eskatzen dute, eta inbertsio hori (eta ziur etorkizunean iritsiko direnak) epe ertain eta luzerako estrategietan oinarrituta daude.

Hirugarrena, estatuen eta berrikuntza ekosistemen ikuspegitik konputazio kuantikoa tresna garrantzitsua da, eta gaur egun inbertsio handiak egiten dira. Maratoia da, eta guztiok ondo koordinatuta izan behar gara.

Azkenik, pentsatu behar da konputazio-eremu hori bizirik eta hilda dagoela maila lokalean. Bizirik, euskal ikerketa-talde batzuk modu aktiboan ari baitira lanean ikerketa-ildo desberdinetan, unibertsitatean, zentro teknologiko batzuetan (nirea kasu) eta zenbait enpresetan. Ez hori bakarrik: punta-puntako enpresa batzuk eta nazioartean nabarmentzen diren ikerketa-talde batzuk ditugu. Hila… asko kostatzen delako azaltzea teknologia horien aplikagarritasuna esponentziala izango dela, konputazio klasikoa inoiz ordezkatu gabe, baina bai gaur egun konponezinak diren konputu-problemak, bihar bertan eskuragarriak izatea lortzeko ahalmenarekin.

Ia hiru urte igaro dira, baina uste dut lau gakoak baliozkoak izaten jarraitzen dutela. Gaur egun lantzen ari garen teknologia guztietatik, kuantikak izango du, seguru asko, eragin erradikal eta sakonena gure gizarteko hainbat arlotan, hala nola osasunean, ingurumenean, energian, garraioan, segurtasunean eta industrian. Eraldaketa digitalaren funtsezko arazoak konpontzeko baliabide berriak eskaintzen dituzte, hala nola adimen artifizialarekin, simulazioarekin, komunikazio ziurrekin, ultrasentikorra den detekzioarekin edo hiperprezisioko metrologiarekin zerikusia dutenak. Teknologia berriak izan arren, beren kontraparte klasikoak nabarmen gainditzeko promesa egin dute.

European Quantum Flagshipen Agenda Estrategikoak dioenez, oso onartuta dago teknologia sakonak (Deep Tech) menderatzeak mundu osoko herrialde eta eskualdeen etorkizuneko oparotasuna zehaztuko duela: “teknologia horien gaineko subiranotasuna funtsezko elementu bihurtuko da etorkizuneko garapen ekonomikorako eta gizarteen autodeterminazio digitalerako”.

Euskadi teknologia digitalen erabiltzaile eta ustiatzaile goiztiarra izan da tradizioz, eta indarra du sortzen ari diren teknologia kuantiko horiek menderatzeko, haien garapenean parte hartuz. Horretarako, bere indarguneak aprobetxa ditzake: ezagutza-azpiegitura garrantzitsua du arlo honetan, eragile ekonomikoen arteko harreman-sare trinkoa eta lankidetza publiko eta pribatuaren oinarri finkatua.

Latorre irakasleak zioen whoaren parte izango gara herrialde, enpresa-sare eta gizarte gisa? Baiezkoan nago.

Informazio gehiago
Prest al dago Euskal Herria konputazio kuantikorako?
Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK