Ekintzailea eta Osoigo plataformaren fundatzailea

Kurba bertikalean

2026ko azaroaren 2a - 05:30
IMG 0131

Ia ulertezina da adimen artifizialarekin bete-betean —eta honek esan nahi du AAk probesten dizkigun aukera guztiak erabiliz— lanean ari denaren eta gainerako guztion arteko tartea. Harrigarriena, ordea, ez da arrakala bera, denboran izaten ari den joera baizik: lerroak ez dira elkartzen, urruntzen ari dira. Teknologia gehienek ibilbide bera izan dute: hasieran jauzi handia egon izan da, baina gero erabileraren kurba apaldu izan ohi da, teknologiak berak ere mugak izan dituelako. Apaltze horretan, gainerakoek harrapatzeko astia izaten dute: prozesuak estandarizatu, prestakuntza antolatu eta, azkenean, denek modu berean erabiltzen dute tresna. Abantaila lehiakorra desagertu egiten da, eta teknologia azpiegitura bihurtzen da, argindarra edo posta elektronikoa bezalaxe.

 

Adimen artifizialarekin kontrakoa gertatzen ari da. METR ikerketa-taldeak neurtu zuenez, ereduek bere kasa burutu ditzaketen zereginen iraupena zazpi hilabetez behin bikoizten da, eta azken neurketek erritmo hori bizkortu egin dela iradokitzen dute. Kurba ia bertikala da. Horrek zera esan nahi du, duela hiru edo sei hilabete zure prozesuak adimen artifizialaren inguruan antolatu bazenituen, seguruenik atzean gelditu zarela berriro. Pentsa, orduan, non dauden duela urtebete pilotu bat abiatu, eraldaketa digitalaren txostenean berdez markatu eta lana amaitutzat eman zuten enpresak.

Arazoa ez da teknikoa soilik, kognitiboa eta antolakuntzakoa ere bada. Gure garunak ez daude prestatuta berrikuntzak hilabetero eguneratzeko, eta enpresen aldaketa-kudeaketa are motelagoa da: urteko aurrekontuak, lau urteko plan estrategikoak, kontseilu errektoreak, hiru urterako sinatutako kontratuak... Hilabeteka neurtzen den teknologia bat urteka mugitzen diren egituretan txertatu nahi dugu, eta hor sortzen ari dira arazo nagusiak. Zein enpresak du horretarako denbora, jendea eta, batez ere, ohitura?

 

Adimen artifizialaren aroan jaiotako enpresek ez dute ezer 'desikasi' beharrik: haien prozesuak tresnaren erritmoan sortu dira, eta harekin batera eguneratzen dira. Enpresa handiek kapitala dute, baina baita inertzia ere. Eta tartean geratzen dira gure ehun ekonomikoaren bizkarrezurra diren ETEak: bost edo berrogeita hamar langileko tailerrak, ingeniaritzak, zerbitzu-enpresak… inork ez die esaten zein den Claude edo Gemini-k atera duten azken bertsioa, ezta zer egin dezakeen ere lanak automatizatu eta errazteko.

Arrakala hau ez da berez itxiko. Kurba laua denean, denborak berdindu egiten du, baina kurba bertikala denean, denborak are arrakala handiagoa sortuko du enpresen eta egitura ezberdinen artean, merkatua haustera arte. 

Ez dugu gure bizitzan horrelako abiaduran eboluzionatzen duen teknologiarik ezagutu. Eta makinak bere burua hobetzen laguntzen duen heinean, erritmoa are biziagoa izango da. Erritmo honi eusten ez diona ez da geldirik geratuko: atzera egiten ari da.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain