Gustukoa dut ikasleei bizitza errealeko erronkak planteatzea. Beharrezkoa ikusten dut, hobeto esanda: erabakitzaile politikoaren edo enpresa zuzendariaren oinetan jartzerakoan, gure gizarteak aurre egin beharreko arazoen konplexutasunaz hausnartzeko aukera paregabea ematen zaie. Aldi berean, beharrezko eraldaketen atzeko aldaketaren teorian dauden faktoreak identifikatu eta ulertzeko beta dute. Baina, nahiz eta klima aldaketa, petrolioarekiko menpekotasuna, populazioaren zaharkitzea, berrikuntza teknologikoa, muga-sarien ezarpenak edo etxebizitzen eskasia ezaugarri eta jatorri oso ezberdinak dituzten prozesuak izan, ikasleengana jotzerakoan oso uniformeak izaten dira jasotzen diren soluzio potentzialak: kasu gehienetan, gobernuaren dirulaguntzena da gehien errepikatzen den aukera.
Gure garaiko zeitgeist (alemanetik, euskaraz literalki "garaiko espiritua") izanen da. Estatuaren dirulaguntzen babesa bilatzen dugu edozein dinamika sozial edo ekonomiko zuzentzeko, baliabide horiek politikaren makilatxo magikoa izango balira bezala. Merkatuaren nagusitasuna goraipatzen dutenek (mozkinen pribatutasuna aldarrikatuz eta zergen konfiskazio-izaera askotan salatuz) ere, bere diskurtsoei 180 graduko norabide aldaketa ezarri diete, bere interesen defentsan estatuari patrika (guztion praktika, hain zuzen ere) husteko eskatuz.
Eta egia esanda, politiken exekuzioen arduradunek arrazoia ematen diete eskaleei ere, beren praktiken arabera. Pedro Sanchezen gobernua horren adibide paregabea izan da: kulturaren kontsumoa sustatzeko, garraiorako, energiarako edo gutxieneko errenta bermatzeko ezarritako dirulaguntzak dira adibide batzuk. Laguntza horien legitimitatea eta justifikazioa talde zaurgarrien defentsan oinarritzen da. Baina, nor da horrelako neurrien onuradun nagusia? Benetan dira pertsona zaurgarrienak dirulaguntza hauek jasotzen dituztenak? Iristen al dira beharrik handienak dituzten taldeengana?
Tamalez, ebidentzia enpirikoak esaten digunaren arabera, neurri horien guztien eraginkortasunak hobekuntzarako eremu zabala du. Espainiako Bizitzarako Gutxieneko Sarreraren kasuan, adibidez, tresnaren diseinua egokia izan arren, ez da erabiltzaile potentzialengana iristen, ezagutza faltagatik edo oztopo administratiboak gainditzeko gaitasun ezagatik (gaitasun digital ezagatik, kasu askotan). AiREFek Espainiako Bizitzarako Gutxieneko Sarreraren inguruan egindako ikerketa batean ondorioztatu zuen laguntza jasotzeko eskubidea eduki lezaketen familien %55ek ez zuela eskatzen.
Elektrizitatearen bonu sozialaren kasuan, jasotzen duten familien heren bat ez zegoen egoera zaurgarrian, ESADEk egindako ikerketa baten arabera. Hau da, dirulaguntzak klase ertain edo ertain-altuko familietara filtratzen ziren, errentaren inguruko baldintzen ezagatik (gogoratu bonuak familia ugariak barneratzen zituela onuradun bezala, inongo errenta baldintzarik bete behar gabe). Hemen laguntza sozialek eduki dezaketen atzerapausoaren adibide ikusgarria edukiko genuke.
Beste politika batzuen helburuetan errentaren birbanaketa barneratuta ez dagoen arren, ezin ditugu alde batera utzi dimentsio horretan eduki ditzaketen ondorioak. Horixe izango litzateke kultura edo garraio bonuen kasua. Horietan, helburuak gazteen artean kultura kontsumoa sustatzea edo garraio ohiturak aldatzea lirateke, baina bi kasuetan ebidentziek diote laguntza horiek errenta maila ertaineko edo altuko gazteen artean askoz ere arrakasta handiago izan dutela. Beraz, ondoriozta daiteke beren aplikazioak ere errenta mailaren araberako joera nabarmena dutela.
Beraz, Espainian laguntza publikoek eredu sistematiko bat dute: konplexutasun administratibo handiagoa edo aurrekontu-zuzkidura txikiagoa duten politikek familia ahulenak baztertzeko joera dute, eta diseinu sinpleagoak edo unibertsalagoak dituztenek, berriz, estaldura handiagoa lortzen dute, baina birbanaketa-zehaztasun txikiagoaren kontura.
Ebaluazio zorrotzik gabe, politika publikoek asko gastatzeko eta gutxi lortzeko arriskua dute. Inpaktua neurtzea funtsezkoa da eraginkortasuna hobetzeko eta legitimitate sozialari eusteko.