Ekintzailea eta Osoigo plataformaren fundatzailea

Lan-trantsizio berrirantz

2026ko ekainaren 1a - 05:30
xabi murua 2022

Gutariko nork erabiltzen du AA egunerokoan, lanerako? Hamarretik bik altxako lukete orain eskua. Ez naiz bilaketak egiteko ChatGPT erabiltzeaz ari —adimen artifizialaren adopzio oso txikitzat hartu liteke gaur egun bilaketak egiteko erabiltzea—, egunerokoan lanerako erabiltzen dugun tresnatzat kontsideratzeaz ari naiz: emailak erantzun, aplikazioak garatu, dokumentuen analisia egin eta interpretatzeko, etab. Hori dugu benetako erronka, ez AA beldurgarria den ala ez den eztabaidatzea. Adopzioan. Erabileran. Egunerokotasunean erabiltzean jarri behar genuke fokua.

 

Orain artean iritzi publikoan oinarritu den eztabaida gizakia versus adimen artifiziala izan da. Baina hori ez da lehia erreala, benetako eztabaida hemendik aurrera zera da: adimen artifizialarekin lan egiten dakiten pertsonak eta egiten ez dakitenak. Eta hor dago koska, adimen artifizialarekin lan egitera ohitu behar du jendarteak, lan-fluxuaren parte natural bihurtu behar dugu egunerokoan, sistematikoki eta kontzienteki. Gizakiak izan behar du kontrola eta egiten den guztiaren ardura, baina AAk ahalbidetzen duen azkartasun eta kalitatea ez dago ezeztatzerik.

AA erabiltzearen eta ez erabiltzearen arteko aldeak denboran diferentzia handiak sor ditzake langileriaren artean: prozesu osoak berregituratuko ditu, ordu askotako lanak gutxituko ditu, informazioa modu erabat ezberdinean prozesatuko du, eta azken batean, AA hobeto erabiltzeak, diferentziak handitu eta abantailak emango dizkio erabiltzen duenari. Lehenbailehen hasi behar gara guztiok erabiltzen, atzerapena ez baita lineala izango, konposatua izango da.

 

Zer egin orduan? Adituek framinga aldatu behar dugula diote. AA ez da teknikoentzako eta programatzaileentzako tresna bat: idaztearen, kalkulatzearen edo bilatzearen maila berean dago jada. Hori ulertzen ez duenak, hamabost urte barru kalkulagailua erabiltzen ez dakien batean bilakatu liteke: ez da ezgai izango, baina dezente motelagoa izango da, eta horrek badu ondorioa.

Bigarrena, AAri galdera onak egiten ikasi behar dugu. Askok pentsatzen dute AA ondo erabiltzeko kode-lengoaiak jakin behar direla edo eredu ezberdinen arteko ñabardurak menderatu behar direla. Baina ez da hala. Gakoa garbi pentsatu, galdera edo prompta garatu eta galdetzea da. Zenbat eta hobeto azaldu testuingurua, orduan eta hobea izango da emaitza. Hori ez da gaitasun teknologikoa, komunikazio-gaitasuna da, eta denok ikas dezakegu.

Hirugarrena, ez itxoin baldintza perfektuari. Enpresa eta profesional asko oraindik estrategia bat prestatzen ari dira AA integratzeko, batzordeak osatzen, azterlanak egiten. Praktika egin behar da, erabili eta pixkanaka estrategia eraikitzen hasi, eskolan, administrazioan eta kalean.

Lan-trantsizio baterantz goaz, eraldatzailea izango delakoan nago eta ez du inor itxarongo. Batzuek beldurrez hitz egiten dute lanpostu galeraz, baina AAk gizakia ordeztuko du ala lanpostu berriak sortuko ditu eta moldatu beharko gara? Mehatxua ez da adimen artifiziala bera, mehatxua da AA erabiltzen ez ikastea, atzean gelditzeko arriskua dakarrelako. Ez gaitzala beste alde batera begiratzen harrapa.