Lana eta ekonomia, horiek bai loteria

Aurrekoan anaiarekin kriptodiruari buruz aritu nintzen hizketan, eta horri lotutako teknologia eta app guztiek gazteak inbertsio munduan sartzeko eskaintzen duten bide errazaz. Zenbait errealitatek harrituta utzi ninduten: batetik, inbertsiorako eta antzeko erabilpenerako dagoen aplikazio kopuru handiak; bestetik, inbertsioen munduarekiko gazte askok duten ikuspegi edo pertzepzio arinak, denbora-pasa gisa hartzeraino. Hori da, behintzat, inguruan ikusi duguna.

Poztu egiten nau jakiteak geroz eta gazte gehiagok dutela inbertsioen munduan interesa, alegia, saiakerak egiten ari direla ekonomia pertsonalaren inguruko kontzientzia piztu eta hau hobetzeko edo errentagarria izateko bideak topatzeko. Aldiz, arriskutsua iruditzen zait hain arin aritzea diruarekin, joko bat izango balitz bezala, eta edozein aplikazio edo metodologia berrietan itsu sinistea. Kezka sortzen dit inbertsioak eta, zehazki, kriptodirua mozkinak modu azkarrean lortzeko estrategia moduan erabiltzen dutela jakiteak. Agian gazte zaharra naiz dagoeneko, horrelako eragiketa finantzarioak aplikazio baten bitartez egiteak beldur eta errespetu handia ematen didalako, eta nire finantza kudeatzailearen bitartez egiteak lasaitu egiten nauelako.

Azken belaunaldiok berehalakotasunean hazi gara, klik kolpe baten inguruan: telesailak nahi dugun unean eta moduan ikus ditzakegu, edozer gauza online erosi eta hurrengo egunean etxeko atean dugu. Oso argi daukat teknologia gure bizimodua erraztera etorri dela, lehen oso astunak ziren egitekoak arintzeko, baina batzuetan segurtasuna, fidagarritasuna eta gertutasuna falta zaiola iruditzen zait.

Anaiarekin izan nuen hizketaldiaren ondoren, zenbait ikasketak edo ondorio atera nituen: batetik, badela garaia hezkuntzan bizitzako ekonomia edo egunerokotasunari lotutako ekonomiari buruzko ikasketa jar dezaten, Europako zenbait herrialdeetan egin duten moduan; bestetik, belaunaldi berriek teknologia eta honekin batera datorren gamifikazio kontzeptua oso gertukoa sentitzen dutela, eta ondorioz, batzuetan ez direla gai neurtzeko mugikorrarekin denbora pasa gisa egiten dituzten inbertsioen benetako arriskua; eta, azkenik, azkar etortzen den dirua, azkar xahutzen dela. Euskaraz esan ohi da: "Loteriarik onena, lana". Gaztelerazko bertsioan, lana ez ezik, ekonomia ere aipatzen du. Eta uste dut horrek primeran laburbiltzen duela aipatutako ideia. Lana eta ekonomia, horiek bai loteria.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK