Bat ez etortzeagatik lana uztea ez uztea baino hobea ote? Akordio ezak zeri eragiten dion, horrek baldintzatu dezake erantzuna. Ez da berdina egiturazko zerbaitekin adostasunik ez egotea, eguneroko dinamikan eragiten duena, edota zerbait superfizialarekin. Bat ez etortzeak esan nahi du soilik bi parteetako batek arrazoi duela? Ez, noski. Baliteke besterik gabe ikuspegi desberdinak izatea. Are gehiago, baliteke bat ez etortze hori positiboa izatea hazten jarraitzeko.
Behin kasuistika guztiak mahaigaineratuta, demagun lanean zure arduradunarekin ez zatozela bat eta talka egiten duzula. Lana utziko al zenuke? Gizona bazara, erantzuna baiezkoa izango da kasuen %67an. Emakumezkoa bazara, ordea, %59k esango du baietz. Hori diote Workforce Confidence Indexen azken datuek, LinkedInen oinarriturikoak. Ikerketak ez du argitzen bat ez etortzeak zer esan nahi duen zehazki, eta Espainiako portzentajeak dira eskaintzen dituenak. Baina, interpretazioak interpretazio, zergatik dago %8ko alde hori?
Ikerketak ez du arrazoietan sakontzen, baina genero arrakalaren ikuspegitik egindako azterketa geroz eta gehiago ditugu horri buruzko pistak eman ahal dizkigutenak. Jakina da oraindik ere emakumeok, oro har, oztopo gehiagorekin egin ohi dugula topo lan esparruan, kuotek edota kontziliazio politikek horri buelta ematen laguntzeko funtzioa pixkanaka betetzen badute ere. Diskriminazioa ez da desagertu, eta generoari loturiko estereotipoek desberdintasuna areagotzen dute, besteak beste, enplegua bilatzeari dagokionez, Almudena Sevilla ekonomista espainiarraren azterlanek erakutsi duten bezala. Era berean, lanpostu feminizatu zaurgarri ugari dago oraindik, etxeko langileena esaterako. Eta norbere buruari buruzko pertzepzioak edota iruzurgilearen sindromeak berak ere ez dute laguntzen.
Arrazoi horiek guztiek eraman dezakete arestian aipaturiko egoerara: adostasun faltak daudenetan emakumeek joera txikiagoa izango dute lana uzteko gizonezkoek baino. Horretan ere bada arrakala. Zenbaitentzat %8ko aldea ez da esanguratsua izango. Baina beste behin emakume-gizon balantzan, emakumeak dira galtzaile.
Beraz, zuri, emakume. Bat ez etortze egiturazko bat ikusten ari bazara, une aproposa izan daiteke pentsatzeko lanez aldatzeko unea iritsi ote den. Horrek soilik ez du baldintzatuko erabakia, badakit; baliteke bestelako ardurak izatea, oraindik lan berria bilatu behar izatea, zure lehen lanean egotea eta aukera eman dizunari agur esatea zaila egitea. Noski, saltoak beldurra ematen du. Baina frenatzen zaituena beste zerbait bada, zure buruari galdetzen badiozu gai izango ote zaren, ez izan zalantzarik gai izango zarela.