"Zer zara?” galdetu izan digute behin baino gehiagotan, eta erantzuna ia beti lanbidearekin lotuta eman izan dugu, edo? Mediku, irakasle, igeltsero, enpresari. Lanak definitzen gaitu, eta hala irakatsi digute. Hala eraiki dugu geure burua, baina lanak benetan definitu behar al gaitu? Historian zehar, lana bizimodua ziurtatzeko bitartekoa izan da, eta neurri batean, komunitate baten parte izateko modua ere bai. Baina azken hamarkadetan, lana gure identitatearen muin bihurtu da, eta nahiz eta askok gustura egiten dugun lan, euskaldunen %49a ez da baloratua edo motibatua sentitzen bere lanean (2025eko apirileko datuak). Orduan, definitzen al gaitu lanak? Lanik gabe, nor gara? Galdera deserosoa da, baina gero eta beharrezkoagoa bihurtzen ari da galdera hori geure buruari egitea.
Ez da berria lanik gabeko gizarte baten beldurra. Teknologia berriak, robotak eta adimen artifiziala gure bizitzetan sartzearekin batera, lanaren inguruko eztabaida berriro piztu da. Lanpostuak desagertuko al dira? Guztiok enplegu duina izango al dugu? Edo lana gutxi batzuentzat bakarrik geratuko da, eta besteok diru-sarrerak bermatzeko oinarrizko errenta baten bidez bizitzera ohitu beharko al gara?
Eszenatoki distopikoa dirudien arren, gaurko lan askok zentzua galdu dute, ez dute balio sozialik, edo zuzenean, alienagarriak dira. Plataformen ekonomiak errepikapenean oinarritutako mikro-lanak eskaintzen dizkigu: klikak egitea, etxeko janaria eramatea, ordainpeko algoritmo baten jarraibideak betetzea. Lana dugu, baina zertarako? Zer ematen diogu gure komunitateari, gure buruari? Lanaren balioa bere egite hutsean datza ala lanak komunitatearentzako eta guretzako zentzua —8 ordu egiten ditugunez gero— izan behar du? Hor dago gakoa. Zenbat jende dago egunero lanera joan eta zergatik egiten duen erantzuten ez dakiena? Zenbat ordu ematen ditugu gure eguneroko bizitzatik arrotzak zaizkigun zereginetan, baliorik sortzen ez duten jardueretan? Lana badugu, baina AAk eta robotizazioak ez al diote kualifikazioa murriztu?
Teknologia baliatzen ari gara lana errazteko. Nazioarteko Diru Funtsaren araberan, enplegu globalen % 40 inguru automatizatzeko arriskuan dago, eta ekonomia aurreratuetan, %60a. Lanik gabeko —edo lanaren beste kontzeptu berri bat— gizartea eraikitzen hasi beharrean gara, edo behintzat, lanik gabe bizitzen jakiteko tresnak erabiltzen hasi. Langilearen rola gero eta sinpleagoa da: ez pentsatzeko, ez sortzeko, baizik eta algoritmoek agindutakoan klik egitea da gure egitekoa askotan, eta alienazio moderno batean murgiltzen ari gara. MIT irakasle batek honela dio: “lanak ez du zentzurik izango, ez du izango loturarik komunitatearekin, ez du garapen pertsonalik bermatuko eta beste baten logikan funtzionatuko du beti.”
Orain arteko gizarte ereduan lanak gizakiaren balioa definitzen zuen, baina aldaketa une batean egon gaitezke: adimen artifizialak eta automatizazioak lanaren zati handi bat egiteko gai diren honetan, aukera berrien aurrean gaudela uste dut. Lanaren kontzeptua birdefini genezake? Komunitatearen zentzuak indarra hartu dezake: zaintza komunitariorako, elkarbizitzarako eta instituzioetan parte hartzera dedikatu, akaso. Langabezia ez da arazo, denbora birbanatzeko aukera bat besterik. Lanaren osteko mundua ez da iristear dagoen amesgaizto bat, aukera bat baizik. Lanak garrantzia izaten jarrai dezake, baina bere moduan, tresna moduan. Lana gure identitatearen erdigunetik atera, eta bizitzaren antolaketa kolektibo eta duin baten barruan kokatzea da erronka. Agian, azken ariketa gisa, hemendik bost edo hamar urtera “zer izango naiz?” galderari erantzuteko hausnarketa egin genezake.