Azken aste hauetan, ez dira ustelkeria kasuak edota gerrateak izan soilik egunkarietako titular; gertuagotik ukitzen gaituzten beste hainbat kontu ere izan dira. Izan ere, denon ahotan ibili da asteko lanaldi arrunta behingoz 40 ordutik 37,5era jaitsteari loturiko eztabaida, baina oraingoan ere kale egin du. Azkenean, betikoa: politikarien ika-mikak guk ordaindu behar, nola ez, langile klaseak.
Zenbat aldatu da gure bizitza azken 42 urte hauetan? Izugarri. Ez da galdera “erreflexibo” horietako bat, ez horixe. Baieztapen hutsa! Den-denok kontura gaitezen zenbat egin dugun aurrera, hala nola, berdintasunean, gizon-emakumeen askatasunean, eskubide sozialetan, edota lan-arloko gaietan. Ez, ordea, gure aisialdiko denboran. 1983an murriztu zen azkenekoz lanaldia, eta egungo gizarteak beharrak aldatu dituen heinean, bada ordua horri ere bultzadatxoa emateko. Egungo beharginek, lan egiteaz gain, ikasi egiten dute, kirola egin nahi izaten dute, guraso edota umeen zaintza lanak bete behar izaten dituzte, eta horrek enpresan ordu gutxiago sartu behar izatea dakar.
Lan-ordu gutxiago sartzea ez da soilik gizartearen eskaria, zientziak ere lanaldia murriztea defendatzen baitu. Nature Human Behaviour aldizkariak duela pare bat hilabete argitaratutako ikerketan argi eta garbi geratu zen gutxiago lan egiteak beharginen ongizatean eragin positiboa zuela, izan ere, nekea murriztu, lo egiteko arazo gutxiago, eta osasun mental hobea baitzuten ikerketan parte hartu zutenek.
Erabaki hori ez da gure nahi edo behar hutsa: datuek ere aldaketa egingarria dela diote, Islandia, Erresuma Batua, edota Japonian egin diren probetan oso emaitza baikorrak lortu baitira. Langileak lasaiago, gusturago, edota motibatuago joan ohi dira lantokietara. Gainera, beraien ongizate orokorra izugarri hazi da; behargin zoriontsua enpresaren arrakastaren isla izango baita.
Forbes aldizkaria ere ordu gutxiago sartzearen alde agertu da. Aargi eta garbi dio: ordu gehiagok ez dute bermatzen emaitza arrakastatsuagorik. Arrazoia argia da: 8 orduko lanaldian, benetako arreta eta esfortzua lehen lau orduetara mugatuko da, eta horiek izango dira zinez produktiboak. Hortik aurrera, arreta galtzea askoz ere errazagoa da, eta gehienetan egoteagatik egoten gara, probetxuzko ezer egin gabe.
Ezbairik gabe, neurri berri horren aplikazioa ez da erraza izango, ezta egun batetik bestera gauzatzekoa ere. Apurka-apurka egin beharreko aldaketak graduala izan beharko luke, noski. Ez da enpresarientzat berri ona izango, ez dago duda izpirik. Herriko zapata denda, bi langile dituen igeltsero autonomoa, etxe alboko kafetegitxoa…horiek izango dira kaltetuak, eta ez behin eta berriro kexaka dabiltzan multinazional handiak.
Dagokion administrazio publikoak esku hartu behar du. Langileen bizitza hobetu bai, konforme, baina ez ditzagun ahaztu gure kaleak argitasunez betetzen dituzten enpresatxoak, horiek izango baitira benetan garesti ordainduko dutenak. Gobernuak negozio txikien bidelagun izan behar du, egoera berrira egokitzen langundu, eta duda izpirik gabe, hasierako egokitzapenean behintzat languntza ekonomikoa ere luzatu. Buruzagi-enplegatu hartu-emana urezta dezagun, ez baikara ezer bata bestea gabe.