Lanerako errealitate birtuala

Orain astebete Apple Vision Pro aurkeztu zuten Cupertinon, Kalifornian. Silicon Valleyko erreginaren egoitzan gertatu zena produktu teknologiko berri baten aurkezpena baino gehiago izan zen. Aspaldian bolo-bolo dabilen gaia da errealitate birtualarena, baina orain arte benetako eraginik edo efektu biderkatzailerik izan ez duen olatu teknologikoa izan da. Aitzitik, aurreko astean Applek aurkeztu zituen betaurrekoek erabat irauli dute VR edo errealitate birtualaren aplikazioa edo erabilera.

Mundu mailan errealitate birtualaren aldeko apustu ezagunena Metarena izan da; ia 30 mila milioi dolarreko inbertsioa, hain zuzen ere. Inbertsioak inbertsio, oso urruti gelditu da iadimen artifizialak gerora izan duen arrakastatik, eta argi dago apustua —orain artea behintzat— ez zaiola ondo atera. Aldiz, Applena bestelakoa da.

Meta eta Applen arteko ezberdintasuna ez dago hardwarean, ezta erabilera-esperientzian ere. Aldea da Applek gailu errealitate birtuala arlo pertsonalerako planteatu duela, eta ez sozial edo aisialdikotzat. Esaterako, Applek ez du abatarrik erabiltzen bideokonferentzietan, eta argi eta garbi erakusten dizu beste pertsona beste leku batean dagoela. Meta, ordea, abatarretan oinarritu da erabiltzaileak bisualizatzeko orduan, eta adibide berdina jarraituta, gela berean elkarrekin dauden bilerak simulatu nahi ditu bideokonferentzietan.

Beste diferentzia handietako bat eskuen erabilera izan da. Steve Jobsek Iphonea merkaturatu zuen arte, mugikor guztiek zuten erakusle edo “puntero” delako bat. Jobsek, ordea, erakuslea ezbaian jarri, eta erakuslerik gabeko gailua aurkeztu zuen. Antzeko zerbait gertatu da oraingoan, Metak proposatzen zituen eskuko mandoei uko eginez: zertarako mandoak? Horretarako sistema berri bat planteatu dute: sagua gure begirada izango da; non fijatu begirada, hara joan pantaila. Eta bigarren ezaugarria, lurrera begiratzen duten kamerak, eskuekin egiten diren keinuak jaso eta sagua bailitzan erabil daitezen.

Teknologien erabilgarritasunean dagoen beste mugarria 12 milisegunduen erregela da. Applek dioenez —nahiz eta aurretik Spotifyek ere aplikatu duen bere plataforman— 12 milisegunduko denbora-tartea dago giza-garunak ekintza bat gauzatu eta ekintza hori gauzatzean egon daitekeen atzerapena atzemateko mugan. Applek bete du mugarri hori.

Azkenik, eta niretzat interesgarriena, lan erabileraren kasu erreal bat proposatu du Applek. Errealitate birtualak inoiz izan duen erabilera erreal eta masifikatuenaren kasua izan daiteke. Nork behar du lanean monitore bat? Eskritorioaren gehigarri bezala planteatzen du, eta produktibitatea hobetuz gero, jendeak diru hori ordainduko du. Laneko erabilera betaurrekoen erabilerarekin lerrokatuta dago; izan ere, betaurrekoak jazteko, denbora luzerako eginkizun bat egiteko izan behar du (lana, esaterako).

Sarean barre asko egin da betaurrekoengatik, baina Applek errealitate birtuala aplikatzeko erabilera-kasu garbi bat topatu duelakoan nago, eta zeresana emango duela datozen urteetan lan arloan behinik behin.

Informazio gehiago
GAUDÍtik Apple Vision Prora
Applen errealitate berria
Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK