Ekintzailea eta Osoigo plataformaren fundatzailea

Lanerako indar faltan

2025eko azaroaren 3a
xabi murua 2022

Goiz batean albiste txar bat jaso duzu, ezbehar bat gertatu da, proiektu bat atzera bota dute, edo gertukoren bat gaixotu egin da. Eta hala ere, eguna aurrera doa. Egutegian bilerak ditugu hitzartuta, mezuak pilatzen ari dira, eta “lan egin behar da” mezua igortzen diogu gure buruari. Baina, nola egiten da lan horrelakoetan? Nondik ateratzen da indarra? Ez al zaizue horrelakorik pasa orain arte?

 

Lan munduan produktibitatearen kultua nagusitu da: errendimendua, efizientzia, emaitzak… Baina bizitzak ez du timing perfekturik eta batzuetan eguna ilun hasten da eta ez gara gai ohiko abiadura berean aritzeko. Orduan, akaso, galdera ez da nola izan produktibo, baizik eta izan behar al dugu produktibo? Ingurukoek “utzi denbora pasatzen” edota “denborak edozer sendatzen du” esaten digutenean, lan esparruan ere ahala egin beharko genuke, ezta?

Inertziak eta eguneroko abiadurak garamatzan plan, bilera, ataza… amaigabeetan pilotu automatikoa jarri eta aurrera egiten dugu gehienok. Askori akaso lanaren jardunak asko laguntzen dio burua argitu eta lasaitzen, baina beste batzuen kasuan, dena utzi, gelditu eta bere burua mimatzeko denbora ere behar izaten du. Batzuetan gelditzea da indarra gorpuzteko forma bakarra. Lanaren kultura modernoan, atsedenak errudun bihurtu gaitu, baina benetan arduratsuak bagara, eta dolu betean gauden uneetan gorputzak “nahikoa da” esaten badigu, gure egoera emozionala kudeatzeko ardura osoz lanari muzin egitea ere erabaki ederra da. Ez dugu beti “errendimenduan” egon beharrik. Akaso produktibitatea ez genuke egiten dugunaren arabera neurtu beharko, baizik eta nola zaintzen garenaren arabera.

 

Zaintzak ez du PowerPointik, ez da KPIetan agertzen; baina talde batek taldekide bati momentu zail batean arnasa hartzen uzten dionean, hor sortzen da benetako indarra eta errendimendua. Askotan horregatik irauten du pertsona batek ekintzailetza proiektu luze batean edo enpresa bateko lanpostu berean urte luzez: norberak egun edo denboraldi zaila duenean bere lekua utzi eta errespetatzen delako. Eta hori ez dago soldataz ordaintzerik.

Lan egiteko indarrik ez dugunean, ez dugu ahuleziarik agerian uzten, gure gizatasuna, gainontzekoekiko errespetua eta “gaizki nagoenaren” aitortza besterik ez dugu egiten. “Gaizki nago” esatea ez da porrota, konfiantza adierazpen bat baino, agian hor bertan baitugu behar dugun oinarria beste guztia berriro eraikitzeko. 

Eta lanerako indarrik ez dugunean, zer egin? Batzuetan, ez da ezer egitea bera ekintza ausartena izaten. Eguna arintzea, bilera bat atzeratzea, isilpean arnasa hartzea, edo lagun bati deitzeak ere mina edo dolua arindu dakiguke. Lanak ez du zertan beti mugimendua izan, batzuetan arreta beste nonbait jartzea da benetako lana. Besteetan, gorputzak eta buruak berriz konektatu arte oinarrizkoena egitearekin ere nahikoa da: ez dena, baina bai behar dena. Horrelako momenturen bat bizi baduzu “hatu anasa”, kontatu lankide eta arduradunei, eta utz zaitez laguntzen eta mimatzen, “gauzak ez baitira horrela, gauzak horrelaxe daude”, eta hobera egingo dute, zalantzarik gabe.