Lanetik deskonektatzea, oinarrizko eskubide?

Irail honetan lanera bueltatu garen langileoi galdetuko baligukete defini dezagula oporren zertarakoa bi hitzetan, burua jokatuko nuke erantzunetan nagusiki bi aditz aterako liratekeela: deskonektatzeko eta atseden hartzeko. Deskonektatzea behar izatea, egun batzuk hartzea deskonektatzeko, XXI. mendeko langilearen mantra bihurtu da oporretan. Nagusiki lana daukaten pertsonen artean, baina baita ere erabilia lanera joateko eguneroko obligazioa ez daukatenen artean, adibidez, erretiratuen artean. Antza, eguneroko bizitzatik behar du jendeak deskonektatu, oro har. Baina zutabe hau ez denez psikologoaren kontsultategi bat, lanetik deskonektatzeko eskubideaz arituko gara soilik.

Lanetik digitalki deskonektatzeko eskubidearen aitortza atzo goizekoa da. Lehen aldiz 2018an jaso zen Espainiako Legedian, datu pertsonalen tratamendu automatizatuaren inguruko Europako Zuzentarauen transposizioa egiten duen 3/18 Lege Organikoaren bitartez, Datu Pertsonalak Babestu eta eskubide digitalak bermatzen dituena. Lege horren 88. artikuluak ezartzen du langileek deskonexio digitalerako eskubidea daukatela, legezko lan denboratik kanpo, bere atsedena, baimenak, oporrak, eta intimitate pertsonala eta familiarra errespeta daitezen. Honen ondorio izan zen Langileen Estatutuak enpresei lanaldia erregistratzeko obligazioa ezarri izana 2019an, langilea lanean noiz hasten den eta noiz bukatzen duen argi gera dadin.

Enpresek, beraz, beharginaren lanorduak errespetatzeko obligazioa daukate, eta zehapenak izan ditzakete horrela egiten ez badute. Langilearentzako lan eskubide bat da, negoziazio kolektiboan xedatutakoari, edo, horrelakorik ezean, enpresa eta langileen ordezkarien artean adostutakoari lotu behar zaiona. Deskonexio digitalak garrantzi berezia dauka telelanean, eta beraz, nagusiari dagokio deskonexio eskubidea bermatuko duen baliabideak jartzea, eta formazio eta sentsibilizazio ekintzak bultzatzea langileak neke informatikoa sahies dezan.

Ostera: jaso dezala eskua opor guztiak laneko emaila begiratu barik eman duen langileak. Eman dezala pauso bat aurrera ezarritako lan orduetatik kanpo konektatuta egon ez denak. Gutxi, ziur asko. Berdin da tresna, kontua lotura da: emaila, telefonoa, whatsappa. Orduan, lanetik digitalki deskonektatua egoteko eskubidea bai lan munduan, baina oinarrizko eskubidea al da?

Auzitegien doktrinari jarraituz, lanaldia mugatzea, egunero, astero edo urtero atseden egun batzuk hartzea oinarrizko eskubidea da Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideetan jasotakoa, baina ez da jasotzen oinarrizko eskubide moduan Espainiako Konstituzioan. Zergatik ez? Bada, lanaladiaren mugak eta atseden eskubidea Konstituzioaren 40.2 artikuluan jasota daudelako, politika sozial eta ekonomikoaren irizpide arauleak jasota dauden atalean, ez oinarrizko eskubideak jasota dauden atalean (14-31 artikuluak).

Lanetik digitalki deskonektatzeko eskubidea ez dago Konstituzioak bereziki babesten dituen artikuluen artean; horrela ebatzi du Kataluniako Auzitegi Nagusiak oraintsu jakin dugun maiatzeko epai batean. Beraz, ondorioztatzen du epaiak, enpresak deskonexio digitalerako eskubidea urratu izanak ez dakar, besterik gabe, langilearen osasunerako eskubidearen edo intimitaterako eskubidearen urrapena, eta hortaz, ez du zuzenean langilearentzako kalteordain bat jasotzeko eskubiderik sortzen. Enpresari kalteordaina erreklamatzeko eskubidea sortuko litzateke bakar-bakarrik frogatuko balitz kausazko lotura bat dagoela deskonexio digitalaren urrapenaren eta langilearen osasunari egindako kaltearen artean.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK