• IRITZIA
  • Langile autonomoaren harrotasuna

Langile autonomoaren harrotasuna

2025eko ekainaren 27a
elena laka

Langile autonomoentzat ekaina eta uztaila zerga obligazioz beteta datozen hilabeteak dira, eta planifikazioa behar da ordainketei aurre egiteko: pasa den urtealdiko PFEZren likidazioa, aurtengo PFEZeko hiruhileko ordainketa eta BEZaren bigarren hiruhilekoa ordaindu behar dira oporretara joan aurretik. Gehitu horri Gizarte Segurantzaren hileroko kuotak, bertan sartuta abuztukoa ordaintzeko aurreikuspena, baldin eta abuztuan ez bada fakturatzen. Soldatapeko langileak dauzkan autonomoak, gainera, hileko soldatez gain, udako aparteko pagak ordaindu beharko ditu eta aurreikuspenak egin abuztuko Gizarte Segurantza ordaintzeko.

 

Ez da gaixoa ni arrangura, gauzak horrelaxe daude bat baizik. Hizpide dator sasoi honetako kezka zabaldua delako langile autonomoen artean, eta batez ere, kontraste handia gertatzen delako kontratupeko langileen udako pozaren (aparteko paga, egutegiko opor egunak, udako ordutegia kasu askotan) eta langile autonomoen kezkaren artean.

Eta hizpide dator baita ere joan zen egunean entzundako elkarrizketa batengatik: kontratupekoak galdetzen dio autonomoari ea ekaineko arratsaldetan lan egiten duen. Autonomoak baietz, goiz eta arratsalde, urtean zehar legez. Kontratupekoak errukiz erantzuten: jakina, autonomoa.

 

Hego Euskal Herrian 200.000 pertsona inguru dira langile autonomo. Emakumeak dira kopuru horren %35 inguru. Eta, estatistikek diote, Espainian langile autonomoen erdia inguru 50 urtetik gorakoa da. Norbere kontura aritzea, askotan, errukiz begiratzen den zerbait da. Ez da gazteen artean modan dagoen joera; gazteek kontratupekotza (eta ahal bada, funtzio publikoa) hobesten dute langile autonomo moduan lan egitearen aurretik.

Koinatukeriatan erori gabe, nabarmenak dira bi erregimenen arteko desberdintasunak lan orduei dagokionez, gaixotasunagatiko eta bestelako baimenetan, soldataren finkotasunean, lan baldintzen estabilitatean eta sindikatuetako estalduretan. Ez dira horiek norbere kontura diharduten langileen ezaugarriak, askotan administrazioak bai ala bai jartzen dituen burokraziazko labirintoetan itota, gaixotasunei ziabogak egiten, fakturazioaren menpeko bizitzan, norbere arrakasta eta porroten arduradun, eta inor eurentzako lan baldintza duinik aldarrikatu barik.

Baina halako batean langile autonomoa sartzen da nola bukatuko diren ez dakien proiektu berri kitzikagarrietan, lortzen du kideekin edo bezero batekin konexio berri bat, eskuratzen du fakturazio inportante bat, lapurtzen du egun libre bat hobbyetarako konturik emateke, edo asmatzen du ondo eginda dakien lan bat bukatzen, nahiz eta igande iluntzea izan. Eta orduan magia sortzen da, norberaren kontura antolatzen den eta nagusirik ez duen langileak irribarre egiten du eta ondorioztatzen du, batzuetan bada ere, maite duela bere lana eta gauza handia dela langile autonomo izatea norberak gustuko duen lanbidean. Harrotasunetik gertu dagoen sentimendu bat, etorriko da hurrengo kaskarrekoa.