Langile espainiar izatea

Espainiako lurraldean bizimodua egin asmo daukaten migrante gehienek helburu bikoitza izan ohi dute lehen muga zapaldu orduko: bertan lan egiten utz diezaietela lortzea, eta Espainiako herritar batek dauzkan eskubide eta obligazio berberen (edo antzekoen) jabe bilakatu ahal izatea. Bi helburuetara iritsi ahal izatea oztopoz betetako kross-trail moduko lasterketa bat da Schengen ez denarentzako. Behar da Espainian errotuta egotea frogatzea, behar da lan kontratu bat, edo autonomo bezala lan egin ahal izateko dirua badutela egiaztatzea. Eta lan eta bizi baimena lortzeko ginkanaren ondoren, beti behin-behineko, askoren ametsa da nazionalitate espainiarra eskuratu ahal izatea. Nazionalitateak ematen duen pasaporte gorria, auzoko espainiarren eskubide eta obligazioen bedeinkapena, Europan eta munduan ibili ahal izateko pase librea, lan eta bizi baimenak berritzen ibili behar ez izateko eskubidea.

Nazionalitatea, baina, ez du merke saltzen estatuak. Bi azterketa pasa behar dituzte langileek: Konstituzioa, kultura eta gizarteari buruzko azterketa bat, eta hizkuntza azterketa, A2 maila gutxienez betetzen dutela egiaztatzeko. Konstituzioak aitortzen dituen hizkuntza ofizialen arteko zein hizkuntza da aztertzen dena? Jakina, gaztelera. Ez dago atzerritar batentzako espainola izateko beste modurik gaztelerazko azterketa gainditzea baino.

Zer gertatzen da Elgetan bizi den langile atzerritar batek, bizitza euskaraz egiten duenak, bertan bizi izateko baimen behin-betikoa nahi badu eta zergak ordaintzen dituen estatuaren morroi izan nahi badu? Bada, gaztelerazko azterketa egin behar duela. Berdin dio euskarazko C2 lortu badu edo BECeko finalean bertsotan lehiatzeko moduko hizkuntza maila izan. Espainolak espainolez.

Espainiarentzako ez da nahikoa euskara jakitea. Are gehiago, espainiar izateko betebehar bakarra, arnasgune batean bizita ere, gaztelera jakin beharra da eta hori frogatu. Gaztelera dakizu, espainiarra zara; euskara, urdua eta ingelesa dakizkizu, NAN eta pasaporte gorririk ez.

Gure bulegoan azterketa horrekin bueltaka kezkatuta urduri ibiltzen diren langileak etorri zitzaizkidan gogora irakurri nuenean Konstituzio Auzitegiak zein argudio erabili duen Udal Legearen 6.2 artikulua, euskaraz dakien langileari euskarazko aktak eta agiriak ematea bideratzen duena, Espainiako Konstituzioaren aurkakotzat jotzeko. Epai osoa irakurtzeko zain, laburpenean agertzen denez Konstituzio Auzitegiak udaletxeetako langileek hizkuntza modu librean aukeratzeko duten eskubideen kontra egiten du. Inolako aipamenik ez zein derrigorra den Espainian bizi diren langileentzako gaztelera jakitea, zein ezinbestekoa den edozein lanpostutan gaztelera jakin beharra. Eta ostera, zein egoera desberdinean dagoen euskara, eta desberdin denari zein kaltegarri zaion berdin tratatzea.

Estatuak enpresari ahalguztidunaren pare jokatzen du: enpresa antolatzeko eta zuzentzeko ahalmena du, tartean zein hizkuntzatan lan egin behar dugun erabakitzea. Ordainduko ditugu zergak, egingo dizkiogu ekarpenak Gizarte Segurantzako kutxari. Baina hizkuntza hautua ez dago gure esku; hizkuntza ofizial nagusia nahitaez ezartzen digun morroiak baino ez gara.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK