Langilea

Oso gaztea denetik lan egin du, baina bere burua ez du langiletzat aitortzen. Ikasketak egiten ari zen bitartean, han-hemenka sos batzuk ateratzeko lan egiten zuen, eskolak ematen hasieran eta gero denda edo tabernatan. Udako txandakako lanetan ere ibilia da, noski. Badaki zer den lau orduko lanaldi bat, baita zortzi ordukoa ere, eta jakina, ezagutu ditu ordukako horiek ere, nahi baino maizago. Gizarte-segurantzan ez dago horren guztiaren arrastorik, baina berak ongi daki bere laneko bizitza aski luzea dela horren gaztea izateko. Eta hala ere, ez du bere burua langiletzat hartzen.

Hitzek adiera formala eta sinbolikoa dute, eta azken horretan gero eta maizago irrist egiten dugu, hitz batzuk zaharkituta geratu zaizkigulako, gaur egun ematen diegun adiera desberdin hori (malgua, likidoa) jaso ezinda. Langilea lan egiten duena da, bai, baina gure buruan hirugarren kontura lan egiten duena da langilea, harreman arautu eta ziurtatzen duen idatzizko agiri baten bidez egiaztatu daitekeena baita lanpostua, bi aldeko konpromisoak ezarrita baldintza jakinean gertatzen dena. Gazte hark, bada, nekez ikusiko du bere burua “langile” berbaren ispiluan.

Prekarietatea lan-merkatuaren berezko ezaugarria dela ulertu dugu (sinetsi dugu edo sinetsarazi digute) eta beraz, normaltzat hartzen dugu kalitate eskaseko lanak egitea, arautu gabeko lan-harremanak onartzea, gutxi edo gaizki ordaindutako lanaldiak bete behar izatea, bizitza halakoxea delako. “Zer nahi duzu, lan bat izatea edo lan on bat izatea?” galdetu du urliak, eta bistakoa da zein den galdera horren intentzionalitatea: ezin da den-dena batera eduki.

Erabateko etsipenean ez erortzeko, goranzko progresioaren mitoa ere asmatu dugu. Horren arabera, prekarietate-etapa hori ezinbestekoa da noizbait lanaren munduan kalitate-maila onargarriak lortzeko. Agindu zaigu (sekula ziurtatzen ez bazaigu ere) helburu hori, dena hobea izango den balizko egoera hori eta haren alde sakrifikatu behar omen dugu.

Lanaren kultura horrek erlijio baten antz handiegia du oinarrizko eskubide soziala izateko.

Enpleguaren ereduaren oinarri den itun sozialak ez du egundo funtzionatzen. Lehen promesa argia zen: lan egin ezazu, soldata bat izango duzu eta horri esker, zeure bizitza egin ahal izango duzu.

Gaur egun nork ziurta dezake horrelakorik?

Lana eskailera sozialean aurrera egiteko ezinbesteko baldintza izatetik zaurgarritasun-arriskua izatera pasa da. Soldata ez da jadanik aurrerabidearen eta bizitza autonomoaren motorraren baliokidea. Ziur naiz gure aitonak ez ziola sekula galdetu bere buruari zertarako lan egiten zuen, lana beste bizitzarik ez baitzen garai horretan eta, beraz, erantzuna agerikoa zen: bizitzeko. Hurrengo belaunaldian, gure aitarentzat kezka izaten hasiko zen, ia seguru, ordura arte pribilegio hutsa izan ziren oporretatik bueltan, eskuarki. Eta ziur asko, gugan pentsatuko zuen erantzutean: seme-alabei etorkizun bat emateko lan egin zuen gure aitak.

Agian, galdera deseroso batzuk maizago egin beharko genituzke. Zertarako lan egiten du bere burua langiletzat ezin identifika dezakeen gazte batek? Bizimodua ozta-ozta aurrera atera dezakeenak nola irudikatzen du bere etorkizuna? Ez dakigu nolakoa izango den etorkizuna, baina modu bakarra dago jakiteko: galdera egokiak egin, erantzunak adostea eta printzipio eta eskubideak ukigarri egiten dituen sarea indartzea. Erantzun errazik ez duten galderak egitea arte bat da, gurean gutxi praktikatzen dena.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK