Langileen parte hartzea enpresetan

Urteetan enpresetako goi zuzendariek definitu izan dituzte enpresaren estrategia, modu aldebakarrean, eta goitik beherako norabidean. Azkenaldian, ordea, belaunaldi berriek hankaz gora jarri dituzte arauak, soldata eta onura ekonomikoen gainetik baloratzen baitute enpresaren partaide izan eta erabakietan parte hartzea. Are gehiago, bat egin ezean, enpresa egun batetik bestera uzteko arrazoitzat jotzen dute. Orain gutxi, esaterako, Espainiar estatuan egin zen makroinkesta batek zera zioen: 17 eta 24 urte bitarteko inkestatutako gazteen % 75ak baino gehiagok urtebete baino gutxiagoan enpresa uzteko asmoa zutela, eta laurden bat baino gutxiago gustura zegoela lanarekin.

Inflexio-puntua izan da arlo horretan, eta erakutsi digu antolakuntza eta kultura behetik gora egiten hasi behar dutela enpresek talentuaren fideltasuna lortu nahi badute. Lehenago aipaturiko erabaki estrategikook ezin dira zuzendaritzatik soilik eraiki. Jakina, zuzendaritzak ildo orokor batzuk eman behar ditu, baina enpresako kideek landu behar dituzte helburu, jarraibide eta estrategiak egunerokoan bizi eta ikasten dutenetik. Langilea enpresara atxikitzeko tresna eraginkorrena, burutapen, ideia edota iritziak libreki partekatu eta kontuan hartuko dituen tresna (teknologikoa, denbora-tartea…) da, zalantzarik gabe. Ohiko lan mekanizatuaz gain, pentsatu eta ekarpen intelektuala egiteko tresnak ematean datza langileen parte hartzea, eta azken batean, enpresarekiko atxikipena.

Langileekin entzute aktiboko metodoak izatea funtsezkoa da erabakiak kolektiboki, eta ez asanblearioki, hartzeko. Ezin dugu jakin gure langileek zein behar, kezka, nahi eta gustu dituzten, ez baditugu entzuten. Entzuteko gogoa eta beharra ikusten duten zuzendaritzak asko dira, baina errekurtso minimo batzuk eskatzen baditu (ekonomikoa, teknologikoa, denbora, dedikazioa…), lehentasun gutxiko gauzen apalean artxibatzen dute ideia. Duela bost urte, parte hartzeko guneek leku edo ekitaldi fisiko bati egingo zioten erreferentzia: ohiko batzar nagusiak, akziodunen batzarrak, bilera estrategikoak… Zorionez, pandemiaren etorreragatik teknologia aukera berriak garatu ditu, langileen beharrak maizago entzuteko eta parte hartze prozesuak modernizatuz. Honen erakusle dira bozketa digitalak, parte hartze prozesu digitalak, barne-komunikazioa sustatzeko interfazeak, etab.

Edonork komunitate edo ekimen batekiko duen atxikipen maila, parte hartzearen ordainetan jasotzen duen aitortza eta balio emate mailarekiko proportzionala da. Edo, beste era batera esanda, langileak partekatzen duen iritzia edo ideia kontuan hartzen dela ikusten badu, enpresa edo ekimenarekiko atxikipena indartu, konfiantza areagotu eta etorkizunean egingo diren entzute edo erabakitze-prozesuetan parte hartzera animatuko da.

Aldiriko batzarren dinamikek berrikuntza eta aire freskoa behar dute. Langileek enpresen erabakien parte izan nahi dute, eta ez badira hau erraztuko duten tresna teknologiko berritzaileak txertatzen, AEBtan gertatzen ari den The Great Resignation edo sekulako etsipenaren fenomenoak domino-efektua izango du mendebaldeko herrialdeetan. Soldata eta ohiko lan-baldintzak erabakigarriak dira talentua erakartzeko garaian, baina jada ez dira nahiko. Enpresaren balioak, kultura eta parte hartze mailak gero eta garrantzia handiagoa hartzen ari dira langileen artea. Erabakiak erabaki, hartu kolektiboki. Entzun, ezarri eta irabazi!

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK