Langileen whatsapp taldeak

Datu pertsonalak babesteko Espainiako Agentziak ebazpen interesgarria argitaratu berri du langileen datu pertsonalen inguruan dauzkaten eskubideen inguruan: iritzi dio ez dagoela inolako arazorik langile bat enpresak sortutako Whatsapp talde batean sartzeari, talde horretan egotea beharrezko baldin bada lan kontratua gauzatzeko, lana antolatzeko eta lana behar bezala egiteko.

Kasu zehatz bati buruz eman du ebazpena: langile batek bere kexa agertu zuen Agentziaren aurrean, argudiatuz bere eskuko telefono zenbakia datu pertsonala dela (zer pertsonalago norbere telefono zenbakia baino, diot nik), eta berak baimenik eman gabe ezin dela sartu Whatsapp talde batean. Printzipioa hori baita: inork ezin ditu datu pertsonalak erabili datuen jabearen baimenik barik, ez bada datu pertsonala babesteko legearen barruan sartzen diren salbuespenak gertatzen direla.

Eta Agentziak ebatzi du, planteatu zitzaion kasuan, justifikatuta dagoela langilea Whatsapp taldean sartzea. Ebazpenean kontatzen denez, enpresak, logistika arloan diharduenak, bi Whatsapp talde sortu zituen langileekin, eta talde horietan argitaratu egiten ziren banaketa ibilbideei buruzko datuak, nortzuk egiten zituzten, orduak, furgoneten kokapena eta beste lan informazioa. Taldeko kide guztiek ikus zezaketen lankide guztien informazioa.

Erabiltzen dituen argudioen artean, Agentziak dio lan harremanen esparruan, datu pertsonalen tratamendua lan kontratuaren gauzatzeari dagoela lotuta. Dio, kasu horretan erabiltzen diren datuak, lana antolatzeko beharrezko diren gutxieneko datuak direla eta langileei adierazi zaiela datu tratamenduaren xedea lan kontratuarekin zerikusia duten komunikazioak egitea dela. Beraz, justifikatutzat ematen du langileen Whatsapp taldeak sortzea, eta langileak talde horretan sartzea nahiz eta langileak adostasunik eman ez, beti ere lan kontratuaren gauzatzearekin zerikusia badu taldeak.

Eztabaida interesgarria zabaltzen du horrek langilearen pribatutasunari buruz eta langileak lan egiteko behar dituen tresna pertsonalen inguruan. Onartuta daukagu langilea banku kontu baten jabe izan behar dela lan egiteko. Onartzen dugu orain lan askotan ezin dela lanik egin eskuko telefono barik eta norbere zenbakia emateke, adibidez, beharrezko da sinadura elektroniko batean segurtasun koordenadak bidal dezan. Whatsappa hain bihurtu da eguneroko tresna, lan askotan ere aplikazio horretan izena ematea beharrezkoa dela. Baina nahitaez Whatsapp talde baten egon beharrak dakar langilearen pribatutasunaren zati batean amore ematea, lan antolakuntzaren mesedetan.

Egungo teknologiak ezinbestean eramaten gaitu gure alor pertsonala gero eta txikiagoa izatera eta gure datu pertsonalak harat-honat barreiatzera, horrela izan beharko. Hala ere, ez dago gaizki, noizean behin behintzat, barreiatze horren kontzientzia izan dezagun, eta une batez behintzat jabe gaitezela zer ari garen ematen eta zer jasotzen dugun trukean.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK