Lanpostu igoera bati uko egin bai?

Urtea amaitzear dago eta betiko lez urteko balantzea egitea egokitzen da. Aurreko batean lagun batekin lanaren inguruan hausnartzen ari ginela, aipatu zidan bera oso pozik zegoela igoera bati uko egin ziolako. Nire lehen erreakzioa harridurazkoa izan zen, beti ulertu baitut lanean lanpostuz igotzea zerbait positiboa dela, baina pentsamendu okerra zela azkar ulertu nuen.

Pentsatu nuen lehenengo gauzetako bat zera izan zen: igoerari uko egitean, agian, enpresak zure jarduera onagatik egiten duen aintzatespena edo saria ukatzen ari zarela. Eta zortez Peterren printzipioa izeneko teoriarekin topo egin nuen. Printzipio hori Laurence J. Peter pedagogo eta idazle kanadarrak formulatu zuen 1969an, eta Kaliforniako Hegoaldeko Unibertsitateko Hezkuntza Zientzietako katedraren titularra izan zen The Peter Principle. Teoriak jasotzen du profesional batek enpresaren barruan posizioak igotzen dituen heinean, bere eraginkortasuna txikitzeko aukera handiagoa dagoela, batzuetan eraginkortasun ezaren punturaino iritsi arte.

Teoria honek azaltzen duena kontuan edukita, langilearen bide profesionalaren geldialdia eragin dezake edo alderantziz. Baliteke enpresan lan ibilbidean aurrera egiteko ezarritako eskakizunen exigentzia eta prestakuntza maila oso altuak izatea. Gaur egungo langileek nekez lortuko dute hori zenbaitetan, prestatzeko denborarik ez dutelako, eta horrek ezinegona sortzeaz gain, aurrez aipaturiko ibilbide profesionaleko geldiaraztea ekar dezake.

Teoriak alde batera utzita, igoera bat eskaintzea al da enplegatu bat baloratzeko modurik onena? Sistema meritokratikoa sustatzen jarraitu behar dugu? Egia da bidezkoagoak izaten laguntzen digula, baina, era berean, ahantzarazi edo gutxiestera eramaten gaitu arrakasta baldintzen batuketa bat dela, alegia, meritua ez dela banakakoa.

Agian, igoera bat onartzen dugunean, gure jardunean arrakastatsuak izaten jarraitzeko baldintzak galtzen ditugu. Oso garrantzitsua da langile gisa balioestea, baina are garrantzitsuagoa da ulertzea askotan lanpostu altuago baterantz aurrera egiteak ez digula bermatzen arrakasta eta gogobetetasun pertsonala.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK