“Ez da erraza niretzat besteen aurrean hitz egitea, eta erronka bat izan da eredu parte hartzailea, baina hausnarketa eta ikasketa handia daramat, abiapuntu berri bat”. Feedback informalak argiak eta itzalak erakutsi dizkit gaur, formazioen itxierak maiz aitortza ere bilakatzen dira.
Komunikazio modu eta testuinguruek ere eragina dute, botere aldagaiak dira. Ezberdintasunari begiratu diogu ertz ezberdinetatik, generoa eta aldagai sozialez gain, antolakunde mailakoei ere. Hierarkiek bai, baina informazioak, eremu informalek edota espazioak nola egituratu eta zer balio marka duten, horren arabera marrazten da gure kokapena lantoki, ekarpen gune edota talde ditugun horietan. Eta horrek jartzen gaitu gorago ala beherago, inon idatzita ez dagoen horren indarrez.
Eskertu dut jasotako ikuspegia, besteak beste, komunikazio testuinguruen diseinuak berak parte sentitzea, ekarpena egin ahal izatea eta elkarrekin hobe pentsatzea ekar dezakeelako. Gehiago baitakigu elkarrekin, baldintzak eta pazientzia baldin baditugu lapikoan denok kabitzeko eta suaren erritmoa denon neurrira egokitu, moldatu, frogatu eta egosteko. Piperrarekin bezala, urarekin. Eraginez bezala, itxaroten ere.
Gogora ekarri dizkidate “lapikogintzan” maistra eta maisu handi izan nituen egitasmo eta pertsonak, KoopFabrikan ekintzailetza sozialeko bidelagun gisa ezagututakoak. Zartada eta zailtasun handienak ezberdintasunak ekartzen dizkigu, hala izan zen niretzat ere multikulturalitatea ezaugarri nagusitzat zuen proiektua, Luma. Hizkuntza ezberdinak, logika ezberdinak, kultura ezberdinak dituzten kideek non topatzen dute elkar, non aurkitzen dute elkar lan prozesuak diseinatzerako orduan? Eta are gehiago, nola lagundu ditzakegu proiektuok gure europar mentalitatetik tresna karratu hauekin? Buruan arrakalak sortzeraino izan nuen erronka, bidelaguntzarako modua, tresnak eta komunikazio modua deseraikitzeko arrakalak topatu genituen arte.
Eta ez, ez naiz hizkuntzaz (soilik) ari, komunikazioaren alde soilenaz ari naiz. Binkuloaz, loturaz, pertsonok elkarri begiratzen diogunean gertatzen den horretaz. Hori da hasiera eta bukaera, mamia eta modua, elkarrekin egiteko modu bakarra. Izan ere, Makoduk elkarrizketak nola ulertzen zituen, harremanetan jartzeak zer erritmo duen, eskaera eta eskaintzetara pasa aurretik ze komunikazio erritual behar ditugun konturatzean, topatu ahal izan nuen ulermen berria. Komunikazioa soilenera ekartzean topatzen dugu abiapuntu komuna. Lapikoa da komunikazio kontestua elkar sortzea, bakoitzak berea botatzea, zapore ezberdinekin, tonu ezberdinekin, testura anitzekin, salda bakarra sortu arte. Ez da izango ni zurera egokitu, edota zu nirera, elkarrekin egostea baizik.
Virginia Satirrek krisiak, zailtasunak, aldaketa eta hazkunderako ate gisa ikusten zituen: zerbait desegituratzen denean, dela gatazka, dela galera, edota haustura, honek sistemak modu zabalago batean berrantolatzeko ate gisa, alegia. Gaur eskertu egin ditut ezberdintasunek eragin dizkidaten arrakala denak, horiek gabe ez baikinake komunikazio lapikoetan eseriko.
