Erronkari Garagardoaken bazkidea

Lau urtaro, lau enplegu

2022eko ekainaren 9a
ainhoa elizalde ojer

Euskal Herriko bazter honetan, inon baino nabarmenagoak eta ederragoak dira naturak eskaintzen dizkigun lau urtaroak: neguak, zuri-zuriak eta hotz-hotzak; udaberriak lorez jantziak, San Joan ukendu onenak egiteko moduko lore-sortak dituzten larreekin; udak, bero-beroak, ibaietako ur freskoetan murgildurik pasatzeko modukoak eta udazkenak, hamaika koloretako baso-paisaiez, Van Goghren margolan baten gisakoak.

 

Argi dago Nafar Pirinioak postal-paisaia ederrak eskaintzen dizkigula eta euskaldun anitzen txoko kuttuna ere badela, aisialdi, turismo eta mendizaletasuna bete-betean praktikatzeko. Baina urtaroak bezain anitzak izaten dira leku honetan bizirauteko ditugun lan-aukerak. Eta hemen bizitzea erabaki dugunok kameleoien antzera lurraldera eta urtaroetara egokitu beharra gara.

Hemen berdin du Michiganen bi urtez masterra ikasi badut, Estatuko unibertsitaterik onenean egon banaiz edota Eskandinaviako hiri moderno batera joan banaiz Erasmusera. Hemen, lurraldearen beharrak eta lan-aukerak direnak dira eta mugatu, egokitu, berrikasi edota zure proiektu propioari ekin beharko diozu edozein dela ere zure ikasketa ibilbidea. Onki xin autoenpleguaren lurraldera!

 

Egia da askotariko lan-konbinazioak egin ditzakedala urtean zehar, eta hilabeteak aurrera joan ahala, aukera ezberdinak suertatzen zaizkit, lan batetik bestera salto eginez. Hemen polifazetikoa izatean datza kontua. Neguan Ipar eskiko eskola kanpainan monitore lanetan jardutea aukera bat izaten da, astero-astero Nafarroa guziko haurrak ezagutzeko parada ematen diguna, Erribera, Iruñerria zein Mendialdekoak. Eta zenbat eta haur gehiago ezagutu, orduan eta gehiago eskertzen dut euskalduna izatea eta euskal balioen artean hezi izana. Baina, era berean, inoiz baino gehiago madarikatzen dut Nafarroako zonifikazio lingustikoa, haur anitz belarrimotzak baitira. Udaberrian, mendietako elurra urtzen hasi eta hartza iratzartzen hasten denean, turista gehiago sumatzen hasten dira, eta Aste Santua tarteko, ostalaritzan sartzen naiz aste zoro batzuk pasatzera. Maiatzan turistak badoaz eta ibarra lasai gelditzen da, berriro bere ohiko isiltasuna gailentzen delarik; orduan jana bilatzen hasteko probesten du hartzak. Honen aurrean, eztabaidak eztabaida eta ekologisten eta abeltzainen ika-miketan sartu gabe, Nafar Gobernuak artzain lana eskaini dit, eta Pirinoetako mastin zakurraren gisan, datozen bost hilabeteak Bortuan emanen ditut ardien zaindari eta hartzaren zain, eleak onki erraten duen moduan: (h)ar-(t)zain.

Udazkenean, ardiak bordan gordeko ditu berriro abeltzainak eta ez du nire zaindari lanen beharrik izanen, beraz, azkenean, onddoen bila joateko tenorea izanen dut! Uzta oparoa hartuko dudanez eta etxeko izozkailuan guziak sartzerik ez ditudanez izanen, Iruñeko merkatura jaitsiko ditut sosa batzuk ateratzeko.

Hara! Jauzi dira lehen elur malutak eta oharkabean Ribaforadako, Txantreako eta Iruritako haurren autobusak ailegatu dira Izabara elurra ikusteko irrikitan. Bihar bada, eskiak jantzi eta pistetara berriro! Errandakoa: herri txiki, aukera ugari.