Lazkao Txiki, lana eta adimen artifiziala

Adimen artifizialaren munduan dabilen edonork ondo daki hilero albiste berriren bat ematen dela sorkuntzan duen eraginari buruz, edo gizakiak gero eta konplexuagoak diren jokoetan irabaziz. Iritziak iritzi nire ustean Alphabeteko (Google) DeepMindekin hasi zen gaur egungo olatua.

DeepMindek zarata mediatiko itzela egin zuen 2016. urtean, AlphaGo programak Lee Sedol Go jokalari profesionala garaitu ondoren. Garai horretan Lee Sedol munduko txapelduna zen, eta dokumental bat egin zuten erronka jarraitzeko. Gure artean Go jokoa ez da ez oso ezaguna, baina Asian milaka urteko tradizioa dauka. Nahiz eta arauak oso sinpleak izan, logika aldetik oso joko konplexua da, xakea edo bestelako mahai-jokoak baino gehiago.

Ordutik hona, gero eta zailagoak dira erronkak. Duela bi urte, benetako iraultza mediatikoa izan genuen OpenAIren GPT3rekin, interaktiboki frogatzeko aukera eduki genuen eta.

GPT gainbegiratu gabeko transformazio hizkuntza-eredua da. Eredu horrek erakutsi zuen hizkuntza-eredu generatibo bat gai dela mundu-mailako ezagutzak lortzeko eta sakonera handiko mendekotasunak prozesatzeko, elkarren ondoko testu-zati luzeak dituen corpus askotariko batean aurre-entrenamenduaren bidez. Laburrean, ikasketa sakona erabiltzen duen adimen artifizial bat giza sormena eta idazketa simulatzen duten testuak sortzeko.

Hurrengoa DALL-E izan da 2021ean, testu-deskribapenen bidez irudiak sortzen dituena, edo kontrakoa egiten duen CLIP.

Berriena eta azkena, ChatGPT azaroaren amaieran. Ikerketa-beta bat bezala eskainita, eskolako etxekolan arruntak erraz egiteko gaitasuna dauka. Kamerek pintura fotorealistari edo sakelako kalkulagailuak oinarrizko aritmetika egin zioten moduan, ChatGPT zerbitzuak gure idazketa basiko beharrak asetzeko gaitasuna erakusten du. ChatGPT zer den ulertzeko onena froga bat egitea da. Lehena nire esaldia da, eta bigarrena bi-hiru segundotan adimen artifizialak sortutako testua da.

Chatekin eginiko proba
Chatekin eginiko proba

Galdetu nahi duzuna, ChatGPTk segundo gutxiren buruan erantzun koherentea eta ondo garatua emango dizula. OpenAIk entrenatutako hizkuntza-eredu handi gisa, ez du muga argirik. Bere asmoa erabiltzaileei laguntzea da, informazio pilulak garatuz emanez. Ez du inguruko mundua hautemateko edo harekin inola ere elkarreraginean aritzeko gaitasunik, eta ez du pentsamendu, sentimendu edo iritzi pertsonalik. Gu bezalako erabiltzaileei informazioa eta laguntza emateko diseinatutako tresna besterik ez da. Bere gaitasunak trebatutako ezagutzara eta informaziora mugatzen dira, eta ezin du bere prestakuntzatik kanpoko gaiei buruzko informaziorik eman edo kanpoko informazio-iturrietara jo.

Adimen artifizialaren (AA) mugak ez dira zehatz-mehatz ezagutzen, AA eremua etengabe garatzen eta aurreratzen ari baita. Oro har, AA sistemen gaitasunak entrenatuta dauden algoritmoek eta datuek mugatzen dituzte, baita duten ahalmen informatikoak ere. Horrenbestez, AA sistemen gaitasunak asko alda daitezke, diseinu espezifikoaren eta aurreikusitako erabileraren arabera. AA sistema batzuk oso konplexutzat eta gizakiarentzat kognitiboki zorrotzat jotzen diren lanak egiteko gai dira, hala nola joko estrategiko konplexuetan aritzeko edo datu-multzo handietan ereduak ezagutzeko. Hala ere, AA sistemek ere mugak dituzte, eta ez dira gai giza adimenaren trebetasun guztiak errepikatzeko, esaterako, enpatia eta nolabaiteko zentzua. Litekeena da muga horiek AAren arloko ikerketa- eta garapen-gune izaten jarraitzea.

Irakurle maitea, aurreko parrafoa ChatGPTek idatzi du, oso-osorik. Bere erantzunean aipatu ez duena Moravecen paradoxa izenekoa da: "Nahiko erraza da ordenagailuek helduen mailako errendimendua erakustea adimen-probetan edo damekin jolasten, eta zaila edo ezinezkoa da pertzepzioa eta mugikortasuna ematea, urtebeteko ume baten trebetasuna erakutsiz". Beste hitz batzuetan, adimen artifizialak erraz gainditzen gaitu edozein lan logiko batean, baina aurrerapenak oso geldoak izango dira guretzat oso sinpleak diruditen lanak egiteko, naturaren pertzepzioa edo mugikortasuna medio. Paradoxa 1980ko hamarkadakoa da, eta nahiz eta zenbait aurrerapen egin diren (adibidez, Boston Dynamics ekoiztutako SPOT robot-txakurra hortik dabil), Moravec eta bere kideak botatakoa betetzen ari da.

Posible al da AA giza langileak ordezkatzen hastea sormenarekin lotutako eremuetan? Nire ustez, erantzuna oso argia da: bai, eta nahiz eta GPT bezalako aurrerapen handiek komunikabide-zurrumurrua sortzen duten eta mundu osoan ordu gutxiren buruan ezagutzen diren, kontua da hori aspaldi hasi zela zenbait lanbidetan. Jar ditzagun bi adibide oso desberdin.

Batetik, musika. AAko hainbat tresna erabil ditzakete musikariek musika konposatzen, errendimendua hobetzen eta ekoizten laguntzeko. Musikarientzat erabilgarriak izan daitezkeen AA tresnen adibide batzuk dira: musika konposizioko tresnak, AA algoritmoak erabiltzen dituztenak melodia berriak, akordeen aurrerapenak eta bestelako musika elementuak sortzeko; AA erabiltzen duten musika-trebatze tresnak, musikariei instrumentuak zehaztasun handiagoz jotzen laguntzeko edo musikariaren sarreran oinarritutako musika denbora errealean sortzeko; eta AA erabiltzen duten musika ekoizpeneko tresnak, pistak automatikoki nahastu eta menderatzeko, edo pistak antolatu eta antolatzeko zereginekin laguntzeko.

Tresna horiek denbora eta ahalegina aurrezten lagun diezaiekete musikariei, eta inspirazioa eman dezakete musika-ideia berrietarako. Hala ere, garrantzitsua da aipatzea AAren tresnak ez direla giza sormenaren eta musikologiaren ordezko, eta sormen-prozesuari laguntzeko erabili behar direla, haren ordezko gisa erabili beharrean. Adibiderik bai? Noski, Blackbinder Nafarroan.

Bestetik, software-garatzea. AAko hainbat tresna erabil ditzakete software-garatzaileek kodifikazioa, proba eta arazketa bezalako zereginetan laguntzeko. Hona hemen software-garatzaileentzat erabilgarriak izan daitezkeen AA tresnen adibide batzuk: kodea sortzeko tresnak, AA algoritmoak erabiltzen dituztenak automatikoki kodea sortzeko, garatzailearen sarreran oinarrituta, hala nola diseinuaren zehaztapena edo kode batetik automatikoki beste batera pasatzeko tresnak; AA erabiliz kodea betetzeko tresnak, idazten den kodearen testuinguruan oinarritutako kode-zatiak edo kode-lerro osoak iradokitzeko; eta AA erabiltzen duten tresnak ohikoak diren akatsak automatikoki detektatu eta zuzentzeko edo arazoak konpontzeko iradokizunak emateko. Adibiderik bai? Noski, GO4IT Bizkaian.

Lanbide gehiagorekin jarrai genezake, baina itzul gaitezen Lazkao Txikira. Ofizio askotan aritu zen bere bizitzan zehar, denak zailak adimen artifizial batentzat: igeltsero, baserritar, pentsu saltzaile... baina zerbaitengatik ezaguna izan bazen, bertsolari gisa izan zen noski. Adimen artifizialak bertsoak sor ditzake?

bertsoa adimen artifiziala
 

Antza, gaitasun makala erakusten du ChatGT-ek, jakin badaki-edo. Dena den, ez dut zalantzarik norbait lanean ari dela horretan, Euskal Herrian enpresa asko baitaude hizkuntza-teknologietan lanean, Langunekoak kasu. Hala ere, ChatGPT gai da dagoeneko olerki kuriosoak sortzeko.

adimen artifiziala 2
 

Lazkao Txikik automatikoki sortutako bertso baten gainean esango lukeena, auskalo. Gera gaitezen lanari buruz botatakoarekin:

Beste batean onela galdetu zioten:

- Zuek zenbat senide izan zerate?

- Gu zazpi -Joxe Migelek-. Hiru arreba eta lau anai

- Eta bizi?

- Bizi, ni bakarrik.

- Eta besteak?

- Ez; haiek lana egiten dute. 

Lazkao Txiki eta adimen artifiziala, lagunak ziur!

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK