Legea beti lege. Edo ez

2026ko ekainaren 16a - 05:30
josu uriguen

Bai irakurleok. Askotan ez, edo ez da bakarrik legeak dioena, baita ere (edo batez ere) auzitegiek legea interpretatzerakoan esaten digutena.

 

Horren eredu da kaleratzeetan gertatzen dena. Izan ere, 2024aren amaierara arte, enpresa batek diziplinazko kaleratze bat jakinarazten bazuen, nahikoa zen horretarako gutun bat ematea, langileari egotzitako egitateak eta kaleratzearen ondorio-data adierazita. Ordutik hona, ordea, beste baldintza bat ere bete behar da: langileari aldez aurreko entzunaldia ematea. Eta hori ez da legean agertzen, Auzitegi Gorenaren interpretazioan baizik.

Auzitegi Gorenaren arabera, eskakizun berri hori Lanaren Nazioarteko Erakundearen 158. hitzarmenean oinarritzen da, zeina Espainiak 1985ean berretsi zuen. Hitzarmen horrek exijitzen du langileak entzuna izateko aukera izatea, enpresak jokabide- edo errendimendu-arrazoiengatik kontratua azkendu aurretik. Ordura arte uste zen nahikoa berme zegoela kaleratze-gutuna ematearekin: bertan adierazten ziren kaleratzea eragin zuten gertaerak, eta langileak bazuen bere burua defendatzeko aukera, epaitegietara joz gero. Orain, aldiz, Auzitegi Gorenak aurretiazko entzunaldia beharrezkotzat jotzen du. Lehen soilik langileen ordezkari bat kaleratu aurretik bete behar zena, orain langile guztien kasuan bete behar da.

 

Kasu bakoitzaren inguruabarren arabera, defenda liteke enpresak diziplinazko kaleratzea komunikatzea aldez aurreko entzunaldirik eman gabe. Adibidez, ezinezkoa gertatzen denean langilearekin harremanetan jartzea ez-betetzea preskribatu baino lehen.

Beraz, lege zehatz batek hori eskatzen ez badu ere, eta horretarako prozedurarik ezarri ez bada ere, enpresak langilea “entzun” behar du kaleratu aurretik.

Hala ere, zehaztapen eza horrek nolabaiteko malgutasuna ematen dio enpresari, behintzat epaitegiek joko arauak ondo zehaztu arte.

• Formaren aldetik: balio al du posta elektronikoz egiteak? 
• Edukiaren aldetik: diziplinazko kaleratzea eragin dezaketen gertakari zehatzak argi eta garbi adierazi behar dira.
• Helburuaren aldetik: aldez aurreko entzunaldiak aukera eman behar dio langileari egoki deritzona alegatzeko, hura kaleratzeko erabakia hartu aurretik. 
• Epearen aldetik: komeni da egun batzuk ematea langileak alegazioak egin ditzan (kasuaren konplexutasunaren arabera). Gomendagarria da epe hori gutxienez bizpahiru egunekoa izatea, defentsa prestatzeko denbora emateko.

Hala ere, auzitegiek zehaztu beharko dituzte kasu bakoitzaren ñabardurak eta berezitasunak.

Bien bitartean, gu, betiko moduan (eta gure etxeko gazteen antzera Unibertsitatera Sartzeko Probarako) ikasten, beti ikasten.