Legezkoa, bidezkoa eta zoriontasuna

Herritarren ekimena eta udalaren elkarlanari esker herrian daukagun zine-klubean ikusi genuen François Ozon-en azken pelikula, Quand vient l’automne, Udazkena datorrenean, ederra. Itxura batean xume, xehetasunez josita, legezkoak edo moralki bidezkoak ez diren jokabideak iradokitzen ditu pertsonen zoriontasunaren mesedetan. Zer da garrantzitsuago, ondorioztatu genuen aretotik irtetean, legea bete, moralki jokatu, ala legea eta moralaren kontrako jarrerak izan eta pertsonen zoriontasuna eta ongizatea erdietsi? Galdera buruan bueltaka ibili zitzaidan aste osoan zehar.

Astean bertan ogasuneko teknikari batekin izandako elkarrizketa batek berpiztu zidan galdera. Bezero baten arazo bat, desgaitasun bat, azaldu teknikariari legezko zerga obligazioen betetzea atzeratzeko, eta teknikariaren erantzunean batere moralik edo zoriontasunik ez, ordea. “Ez da gure errua”, diote. Ogasunaren erantzunean ez dago zalantzarik nola jokatu erabakitzerakoan: bere legea. Bidebatez, noizko meme bat “ogasuneko teknikari batek baino enpatia gutxiago izan” esaldiarekin.

Gertakari oso desberdinez betetako aste honetan bertan, denboratxo bat gaixo daraman lagun bat ikusten izan nintzen. “Desiatzen nago lanera itzultzeko”, esan zidan. Legeari esker dauka gaixotasun-baja, zoriontasuna ostera lanera bueltatzeak emango lioke. Hazten ari dela dioten absentismoa etorri zitzaidan burura.

Azkenik, berriro planteatu zitzaidan legea, morala eta zoriontasunaren artean aukeratu beharra oinordetza bat kudeatzea egokitu zitzaidanean. Oinordetzan jasotzen diren ondasunak legeak edo testamentuak horrela xedatuta jasotzen dira. Oro har baina, oinordetzan ondasunak jasotzeko ez dago meriturik egin behar, meritokraziaren aurka dagoen erakunderik nabarmenetarikoa da lege oinordetza. Legezkoa da ondasunak familia barruan geratzea eta familiakoak izatea oinordeko. Hala ere, moralki bidezkoa da legeak ondoan izan duzun laguna ez ikustea (testamenturik ezean) ondasunak jaraunsteko orduan? Beti pertsona egokienak jasotzen ditu ondasunak oinordetzan?

Zenbat adibide ez ote ditugun topatuko enpresa oinordetzan jaso zuten familiakoena, kanpoko langile baten kaltetan, azkenean zoriontasuna eta ongizatea inor gutxiri ekarri ziona. Urrutira joan gabe, hau idazten nenbilela, entzun dut irratian Maurice Raveleren egile eskubideen jabeak, bere lana domeinu publikoan sartu aurretik, Ravelen anaia gaztearen andrearen bigarren senarraren bigarren andreak zeukan aurreko alabarenak direla! Legezkoa, jakina.

Pelikula bakarrak galdera ugari bizitzako arlo gehienetarako. Aste honetan Almodovarren The room next door ematen dute. Gauzak horrela, ari naiz pentsatzen koadernotxo batekin ez ote dudan joan beharko zinema aretora.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK