Lehen aldia

Nolakoak izan ohi dira zure lehen aldiak normalean? Buruan pentsatu bezala ateratzen da ala ezbeharren bat izan ohi duzu? Bi pertsona eredu baino ez daude gizarte honetan: lehenengoan gauzak ondo ateratzen zaizkienak, eta gainontzekoak. Lehenengoek ideia bat pentsatu, planifikatu eta exekutatu egiten dute inongo arazorik gabe. Handik aurrerakoak ez du etenik. Bigarrenen multzoan bazaude, ordea, zein esperientzia izan zenuen lehen aldiz zerbait egin zenuen azken aldian? Hori bada, kuxidadea.

EnpresaBIDEAko zutabean ari gara, eta ez gara eskiatzera joan gineneko lehen aldiaz jardungo, ezta asmorik ere. Enpresa bat sortzea ere bada lehen aldi bat. Behar bat detektatu, soluzio bat diseinatu eta produktu —edo zerbitzu— bilakatzen dugu. Lehen aldiz ekintzaile diren horientzat sustapenak bultzaturiko azelerazio-programak, bankuek eskainitako formakuntzak eta bestelako erraztasun ekonomiko batzuk izaten dira. Baina denak laguntzeko prest diruditen horretan, inork ez gaitu benetako beharra dugun horretan zuzenki laguntzen: lehen bezeroa.

Nola lortuko dut nik lehen bezeroa ez banau inork ezagutzen? Nori aurkeztu diezaioket? Zenbati aurkeztu behar diet lehenengoak eros diezadan? Proba pilotua egiteko eskatu dit, debalde probatzeko hilabetean zehar… Utziko diot? Erosten ez dena ez al da mespretxatzen?

Dozena bat artikulu dago interneten How to get your first client diotenak. Lehenengoak hala dio: egin bezero potentzialen zerrenda bat, saretu zure kontaktuak, erakutsi produktu-zerbitzua, sektoreko kongresu eta ekitaldietara azaldu zaitez, ezagutu beste ekintzaile batzuk, sortu presentzia digitala… Eta noiz demontre iristen da lehen bezeroa? Lagun, sentitzen dut: honetan bakarrik gaude.

Mentalki gogortasun beretsua duten bi etapatan eraikitzen dira enpresak: zerotik lehenengo bezerora iristeko etapa eta lehen bezerotik n artekoa.

Lehen aldiz dena ondo ateratzen zaien horiek alde batera utzita, lehen bezeroa lortzeak ez du parekorik. Enpresa berri bat sortzeko momentuko programa, azelerazio, formakuntza eta abarren osteko une horretan hasten da. Ez dago aitzakiarik. Ez dago denbora galtzerik. Orduak aurrera doaz, eta parte hartu beharreko networking ekitaldi guztietan izan zara. Momentu horretan handikeri eta nagikeria guztiak albo utzi eta kalera irten behar gara etxe azpiko dendariari, bizilagunari, kuadrilakideari edo familiari gure produktua saltzera. Epe horrek astebete, hilabete edo eternitate bat iraun dezake; izan ere, enpresa asko lehen bezerorik gabe hiltzen dira saiakeran. Hor hasten da dena.

Lehen bezeroak hasten du guztia. Enpresaren oinarriak eraikitzen lagunduko digu: zerbitzu edo produktuaren lehen erabilera, lehen feedbacka, lehen kontratua eta ondoren faktura, lehen ordainketa, saldu osteko zerbitzua, jarraipen edo fidelizazio teknikak… Enpresaren erruberak eman du lehen itzuli oso bat. Handik aurrerakoa, beste etapa bat da.

Bigarren etapak —lehen bezerotik n bezerora— indar bat aplikatu eta inertziari abiadura ematean datza, eta lehen bezeroa lortzeko egin dugun ahaleginaren errepikapen efizienteago bat egitean. Nolakoa izan da edo zen zure lehen aldia?

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK