Lepo zuriak estu

Aste bakarrean bi aldiz izan da albiste Kutxabank. Lehena langileen grebarengatik. Bigarrena finantza erakundeak iaz izandako irabaziengatik. Txanpon bat, bi alde. Atzekaldea: langileek greba oharretan irakurtze hutsarekin ileak lazten zituzten lan baldintzak kontatzen zituzten. Ileak tentetu eta aldi berean mendearen bigarren hamarkada honetako langileek bizi dituzten gaitzen katalogo eguneratua jaso. Langileak, diote, gaizki tratatuak sentitzen dira, euretariko asko antsietateak jota omen daude eta arazo fisiko eta mentalak dituzte. Horren jatorrian dago, langileen esanetan, entitateak sartzen dien presioa, helburu komertzialak lortzeko nola sakatzen eta kontrolatzen dituen, langile gutxi batzurekin asko egin beharra. Egoera larritzat eta muturrekotzat daukate, eta azaleratzen dute orain arte gizarte honetan ezagutzen ez genuen egitate bat: gazteek ez dutela Kutxabanken lan egin gura.

Gazteak baino adinean aurrerago gauden belaunaldikook gogoratzen dugu nola gurasoek amesten zuten bere seme-alabek finantza erakunde batean, eta ahal bazen probintziako aurrezki kutxan, lanpostu baten jabe izatea. Edo badakigu bertan lan egiten zuen suhi edo errain bat topatzea nola izaten zen txalo eta ahapeko inbidia gai gurasoen lagunen artean. Kanpotik ikusten zen erakundeko langileak trankil samar egiten zuten lan, lan baldintza erosoak zituztela eta inguruko kafetegietako bezero on eta dotoreak zirela. Kaleko hitzetan: ondo bizi zirela.

Gero jakin genuen, ai, guztia ez zela urre. Azken urteetan presio komertziala areagotzearekin batera, izan zen lana utzi zuen langilerik, enpresak nahi ez zuena egitera behartzen zuelako. Adibidez, gerora epaitegietan eztabaidatu diren eta epaileek errotik bertan behera utzi dituzten produktu finantziero askoren salmenta. Zenbat diru bueltatu behar izan diete finantza erakundeek bezeroei euren langileen bitartez informazio bariko produktuak saltzeagatik, gehiegizko klausulak sartzeagatik maileguetan, gehiegizko komisioak eta ordainketak egiteagatik? Preferenteak, gordailu ilunak, lurzoru klausulak, usuratik gertuko interesak, maileguaren gastuak… Horrek produktu guztiak kutxa eta bankuetako langile izen-abizendunak, askotan bizilagunak, saldu zituzten, baita Kutxabankekoak ere, enpresak hala eskatuta, helburu komertzial jakin batzuk lortzea helburu. Hortik langile gutxi batzuren deserzioa; ez da erreza, gehienak enpresaren jarraibideari isilik men egin zioten edo egin behar izan zioten.

Gaur egungo errealitatea da finantza erakunde gehienetako langile gazteen lan egoerak okerrera egin duela, finantza sektoreko enpleguak aje ugari dauzkala. Langile horiek erosahalmena ere galdu dute, lana prekarizatuta topatu dute eta lanaren inguruko baldintzak estutu.

Aste honetako bigarren albisteak ertz gutxi, borobila baita: Kutxabanken iazko irabaziak aurreko urtekoak baino % 53 handiagoak izan dira, 330,50 milio euro borobil. Ez da bakarra, badakigu, gainerako finantza erakundeen bidetik dator. Dizdira irabazi erraldoiak, atzea langileen lehengo lepo zuria estutua.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK