Belaunaldi berriak ez daude inondik inora prest osasuna galtzeko enpresaren mesedetan; hori dela eta, gazte ugarik lan erraza, ordutegi malgua, soldata altua, eta estresa ahal bezain justua izatea dute amets. Bizitza ez da izaten hain ideala eta edozertarako prest egon beharko ginateke, bai hainbeste gorroto dugun lan hori egiteko, bai eta beharrezkoa balitz ardurak hartzeko. Ordea, lidergo postuetan daudenek beti izaten dute anker fama, gupidagabearena, arima falta… zergatik horren idealizazio krudela?
Edozein erakundek behar du buruzagia, bidelaguna, erreferentea… mila izen, baina funtzio bakarra: taldeen gidaritza. Halaber, askotan langileen ongizateari begiratzen diogu, beraien beharrak, desirak, edota ezinegonak, eta noski, horiek bide onetik ez badoaz, kexak, eta kasurik okerrenean, grebara jo azkar askoan. Geure aterpera ere ekarri dezakegu egoera bera, etxearen edota familiaren norabidea bideratu eta hura osatzen duten partaideen eredu izan beharko luke liderrak, izan guraso, arreba edo amona.
Enpresa-munduan edota familia-arloan, liderra beti gaizki eta ez gizaki. Eguna suteak itzaltzen pasa, arazo bat bestearen atzetik konpondu behar, eta gainera, irribarre batekin, zoriontsu agertu behar gainontzekoen aurrean. Liderrik liderrenak ere sentimenduak ditu, ez dira harrizkoak, nahiz eta zenbaitetan ez aintzakotzat hartu.
Emozioak dira gaur egungo edozein erakunderen lan-giroaren gako nagusiak, are gehiago, lan taldearen funtzionamenduaren motorra nolabait esatearren. Horixe bera, argi eta garbi jaso du Mente y esencia aldizkari digitalak; izan ere, ondorioztatu ahal izan da emozioak identifikatu eta kudeatzen dakien bidelagun orok ez duela soilik taldearekiko harremana eraldatzen, baita partaideak bere osotasunean kudeatzeko gaitasuna ere. Barne-gatazkak, lan-estresa, lan-karga handiak... ez dira une gozoak, ez horixe, baina bai konpondu beharrekoak.
Gure zaindariak nork zainduko ditu? Hor dago koska. Emakundek zaintza modeloen inguruko txosten batean argi adierazten du zer nolako gabeziak izaten dituzten zaintzaileek; izan ere, dutena eta ez dutena ematen dute babestu beharreko horren alde, inongo baldintzarik gabe, nolabait ere, zaurgarritasun hori estaltzea baitute xede. Noski, kontu berbera buruzagi-enplegatu botere-harremanean: enpresariak bere etxea zaindu nahi du, baina oztopoak aurkitu ohi ditu nonahi.
Burnout sindromea etenik gabe gora eta gora, bidean harrapatutako guztia aurretik eramanez inongo gupidarik gabe, baita zenbaiten bizitza ere, zentzu hertsian. Dena irentsi barru-barruraino, egon daitezkeen albo-ondorioen beldurrez, sumendia erupzioan ez sartzeko ahaleginak eginez. Liderrak ez du kexatzeko eskubiderik? Negar egitekorik? Aski dela esatekorik? Gizatasun apur bat, eta entzun hurkoa, taldea izango bada etorkizunekoa.
Ez gaitezen izan hain perfektu, zaindu dezagun hurkoa, izan aske, eta P(re)fektu.