Logelak alokatzen ditugu

2026ko apirilaren 30a - 05:30
JC21316(1)

“Porno-modu bat”, “fantasia-iturri bat” da Danele Sarriugarteren Beste zerbait nobelako protagonistarentzat idealista.comen ordu alferrak ematea. 

 

Porno edo fantasiatik oso urruti, errealitatea gordina da bizitzeko lau pareta txukun topatu nahi duenarentzat. Etxea ezin erosi, etxea ezin alokairuan hartu, etxeko logela bat alokairuan hartzera behartuta dago jendea. Bizitza logela batean. Sukalde eskubidea, esaten zitzaion garai batean. Orain logelak alokatzeko kontratuak sinatzen dira. 650 euro hilean Donostian, adibidez, berriki ikusitakoa.

Logelak alokatzeko negozioak errentagarritasun ona ematen du, eta ez du aparteko know-howrik eskatzen. Etxe bat erosi eta logelak banaka alokatu. Alokairu mota hauek ez dira Hiri-errentamenduen Legearen (LAU) barruan arautzen, logela kontratuak aldi baterako beharrak asetzeko pentsatuta daudelako (ikasleak, aldi baterako langileak, premia puntual bat zeukan maizter bat…) eta hortaz Kode Zibila aplikatzen zaie.

 

Ondorioa: Hiri-errentamenduen Legearen barruan sartzen ez denez, ez da derrigorrezko luzapena aplikatzen. Eskubide gutxiago beraz errentariarentzat.

Hiri-errentamenduen Legeak etxebizitza premia iraunkorrari erantzuten dion etxebizitza alokairuak arautzen ditu. Epea jakina da: urtebeterako kontratua bost urte arte luzatu daiteke maizterrak hala nahi badu. Aparteko neurri moduan, 8/2026 Erret Lege-dekretuak maizterrari bi urte arteko aparteko luzapena eskatzea ahalbidetzen dio 2027ko abenduaren 31 baino lehen bukatzen diren kontratuetan. Espainiako Kongresuak, baina, ez dio lege-dekretuari onespena eman, eta beraz, bertan behera geratzen da. Nire iritzia da indarrean egon den bitartean eskatutako luzapenak egingarriak direla.

Logela batean bizitzea gero eta gehiago bizitzeko modu iraunkorra bihurtzen ari da, baina kontratuaren epea bukatzen denean ez denez luzapenik aplikatzen, logela utzi edo kontratu berri batekin errenta altuagoa ordainduz jarrai daiteke.

Hiri-errentamenduen Legeak logela kontratuak eta sasoiko errentamendu kontratuak ez dituenez barruan hartzen, milaka maizter daude orain iraupen-ertaineko kontratu bat eduki ezinik, nahiz eta logela bat izan modu iraunkorrean gehienez izan dezaketen etxebizitza.

Babes legerik ezean, banaka bada ere, ari dira lurralde auzitegi desberdinen epaiak azaltzen logelen alokairua ohiko etxebizitza alokatzearen parean jartzen dutenak eta, ondorioz, kontratu hauek Hiri-errentamenduen Legearen barruaren araupean sartzen dituztenak. Emaitza: bost urte eta aparteko luzapena maizterrarentzat. Albiste izan den azken epaia Kantabriako Lurralde Auzitegiarena izan da, martxoaren 10ekoa.

Argumentazioa honako hau da: logela bat alokatzen bada etxe partekatu batean urtebete bertan bizitzeko helburuarekin, etxebizitza funtzioa betetzeko, ulertu beharko da, egungo egoera ikusita, gaur egun modu iraunkorrean bizitzeko modu bat dela. Eta legeak aplikatu behar diren gizarte errealitatea kontutan hartuta aplikatu behar direnez, ez dago aitzakiarik logela bateko errentariari ere eskubide batzuk aitor dakizkion, gutxienez alokairuaren iraupenean lasaitasun apur bat izan dezan eta indarrean dauden derrigorrezko luzapenak ezar dakizkion. Alegia, logela bat etxebizitza oso bat izango balitz legez.