• IRITZIA
  • Lor daiteke! Elayra egindako bisitaren kronika
Euskalgintzako eragilea eta soziolinguistikan aditua

Lor daiteke! Elayra egindako bisitaren kronika

2026eko martxoaren 26a
Argazkia: Kike Amonarriz

Urte hasieran, Antzuolako Elay enpresan hitzaldi bat emateko proposamena egin zidaten. Elayrena, lan-munduan izan den euskalduntze-prozesurik ezagunenetakoa da. Aspaldi hasi ziren langintza horretan, Abadia Saria eskuratu zuten 2003. urtean, haien esperientziaren berri eman dute hainbat biltzar eta batzordetan... Neronek ere, banekien bide luzea egina zutela euskara normalizatzen, baina ez nuen haien esperientzia zehaztasunez ezagutzen.

 

Horiek horrela, jakin-min handia piztu zidan deiak. Zertarako behar ote zuen eredu eta aitzindari izan den enpresa batek halako hitzaldi bat? Gonbidapena egin zidan Xabier Arregik aipatu zidanez, Elayn lana euskaraz egiten da gaur egun, baina geldialdi bat nabaritu dute. Inertziaren eraginez tentsioa jaitsi egin da, lehen euskaraz egiten zuten langile batzuk erdaraz egiten hasi dira, langile berri batzuk erdararako joera handiagoa dute, kontratazioetarako gero eta arazo gehiago dute... Alegia, motibazio-txute bat behar zutela, atzera ez egiteko.

Hitzaldia eman aurretik, aukera izan nuen lantegia bisitatzeko eta errealitatea bertatik bertara ezagutzeko. Eta aurkezpen- eta sarrera-lanak egin zituzten Kristina Elkoro kontseilari delegatuaren eta Iratxe Muxika Euskara Taldeko kidearen hitzetatik ere, beste enpresa askorentzat interesgarriak izan daitezkeen pista eta ondorio batzuk atera nituen. Hona:

 

Prozesuaren abiapuntuan, langileen eta zuzendaritzaren arteko nahi partekatu bat egon zen: “Euskaraz egin nahi dugu lan!”.

IMG 9767
1992an dokumentuen %95 gazteleraz izatetik, 2014an %95 euskaraz izatera pasa dira Elayen | Argazkia: Kike Amonarriz

1987an Euskara Batzordea osatu zuten langileen eskariz, zuzendaritza-jabegoak ateak zabaldu zizkion euskalduntze prozesuari, eta haren aldeko apustu tinkoa egin zuen. Garai hartan langile euskaldunak bi heren ziren (gehienak alfabetatu gabeak) eta erabat gaztelaniaz egiten omen zen lantegian. Euskaraz ez zekitenek ere bat egin zuten asmoarekin. Batzar orokor batean %90ak eman zion baietza asmoari.

Egoera edozein dela ere, asmo argi eta partekatu batek euskalduntze-prozesua abiarazteko oinarri sendoa eskaintzen du.

  • Erabilera normalizatzeko nahi horri babes teknikoa eskaini zioten, Elhuyarrekin Euskara Plana abiatuz, erabilera sistematizatuz eta prozesuetan integratuz.
    Oinarri teknikoa beharrezkoa da era honetako enpresa baten euskalduntzeari begira.
  • Prozesuan zehar, jarraipena bideratzeko moduak eta organoak aldatu egin dira. 2013an Euskara Batzordea desagertu egin zen eta Euskara Taldea sortu zen jarraipena egiteko.
  • 25 urtetan egoera irauli egin zuten: 1992an dokumentuen %95 gazteleraz izatetik, 2014an %95 euskaraz izatera pasa dira, nazioarteko harremanetan hartzaileen hizkuntzara egokitzen direlarik. Anekdota bezala aipatu zidaten, Mexikon ere, pieza batzuk euskaraz izendatzen dituztela, izenak hala ikasi dituztelako, eta ez forma elebidunetan.
IMG 9763
Errotulu guztiak, makinetako eta botoien izenak, eskuz idatzitako oharrak edota softwarea euskara hutsez ditu konpainiak | Argazkia: Kike Amonarriz

Lantegian egindako bisitan, frogatu ahal izan nuen, errotulu guztiak, makinetako eta botoien izenak (asko zizelkatuak), eskuz idatzitako oharrak, softwarea… euskara hutsez zeudela. Prozesu hau aurrera eramateko administrazioaren laguntzak izan dituzte, baina enpresak ere bere gain hartu izan ditu kostu asko. Lantegiaren prozesu guztiak kudeatzeko darabilten tresna informatikoa ere euskaratu dute, eta horri eskerrak, bestela erdaraz izango liratekeen bilera eta harreman asko euskaraz garatzen direla ziurtatu zidaten. Euskara hutsez lan egiteko erabakia izan da, haien ustez, lorpenei eutsi ahal izateko arrazoi nagusietako bat.

Etorkizunera begira, ahozko erabilerari eustea, softwarea eta adimen artifiziala euskaraz erabiltzen jarraitzea eta inguruan eragitea dituzte erronka nagusi.

Aurkezpenean, bilera-hitzaldiaren arrazoiak aletzean Elkorok aipatutako bat nabarmendu nahi nuke amaitzeko: inertziei aurre egite aldera, euskaraz lan egiteko nahia berriro esplizitatu beharra; hau da, prozesuak atzera egin ez dezan, ezinbestekoa dela aldiro gaia berriro erdigunera ekartzea.

Enpresen funtzionamendua euskaldundu nahi dutenek ezagutu beharreko eredua dute Elay.

Zorionak lortutako guztiarengatik, eta animoari horren goian eusteagatik. Biba zuek!

IMG 9765
Argazkia: Kike Amonarriz