Lurra lantzeko modu bat baino gehiago dago. Badira uztarik handiena lortzera zuzendutako teknikak, bai, baina baita askoz ere geldoagoa eta isilagoa den beste eredu bat: lurra bera zaintzea, hurrengo uztak posible izaten jarrai dezan. Lehenengoak gaurko onura eta irabaziak neurtzen ditu eta bigarrenak, berriz, biharko emankortasuna. Galdera saihestezina da: bateragarriak dira bata eta bestea?
Zarata handia sortu du egunotan Donald Trumpen eta Gianni Infantinoren arteko harreman estuak: botere politikoak eta botere ekonomikoak elkar elikatzen dutela ikusi du, ezikusiarena egitea ezinezkoa baita. Futbola, munduko hizkuntzarik unibertsalenetako bat, negozio globalaren erakusleihoa da eta politika (ai politika!) akziodunen batzar baten gero eta antzekoagoa.
Estatu Batuetako presidenteak aitortu zuen ez zekiela "ze deabru" diren txartel gorriak, baina Folarin Balogun jokalariari ezarritako zigorra bidegabea iruditzen zitzaiola. FIFAko presidenteari deitu zion erabakia berrikus zezan eta handik gutxira, zigorra bertan behera geratu zen. Infantinok dio bi gertaerek ez dutela zerikusirik. Groucho Marxek esango lukeen bezala: "Hauek dira nire printzipioak, baina gustatzen ez bazaizkizu, lasai, beste batzuk ditut eta". Ikuskizuna, eragina eta baita konfiantza ere merkantzia hutsak dira.
Botere gordin neurrigabearen kontua dela uste baduzu, irakurle, kontuz: inor ez dago salbu. Erauzketa-kapitalismoa erabakiak hartzeko logikaren araberakoa da, ez erakundearen tamainaren araberakoa. Enpresa batek ere, edozein enpresak, lurra agortu dezake: basokoa edo landakoa, eta baita pertsonen motibazioa, konfiantza edo erosten diotenen leialtasuna bera ere. Han eta hemen gerta daiteke eta gainera, epe laburrera emaitza apartak lortzen dira horrela, merkatuek txalotu egiten dute eta akziodunek beren etekinak ospatzen dituzten algara bizian.
Ez dirudi joera horretatik ihes egitea erraza denik, baina, gutxienez, beti egon beharko luke galdera deserosoa egiteko prest dagoen norbait, zalantzei bide emateko. Besteak beste zera galdetuko duena: zer geratuko da hurrengo denboraldia iristean?
Lidergo batzuek baliabideak ustiatu egiten dituzte beste batzuek gaitasunak sortzen dituzten bitartean. Lidergo erauzleek mendekotasuna sortzen dute eta lidergo birsortzaileek autonomia. Beldurretik gobernatzen dute lehenek, konfiantzatik bigarrenek. Ez da zaila jakitea non dagoen bat eta non bestea: emaitzak gora-behera, erakundeen osasuna eta etorkizun-bideragarritasuna aztertzea nahikoa da.
Ez gara gehiegikerien ataka gaiztoan egon den lehen belaunaldia, eta ez gara azkena izango, zoritxarrez. Oraingoak baino askoz bortitzagoak izan diren praktika suntsitzaileak bizi izan ditugu, eta batzuek erantzun desberdinak bilatu zituzten. Guk baino lehen ere, gure aurrekoek ulertu zuten oparotasuna ez dela bakarrik gehiago ekoiztea, baizik eta atzetik datozenei baldintza hobeak uztea.
Auzolana, adibidez, elkarrekin etorkizuna eraikitzeko modu zehatz bat da, keinu sinbolikotik haratago. Kooperatibismoa, enpresa formula arrakastatsu bat baino lehen, intuizio ekonomikoa izan zen: balioa partekatzen denean sortzen da, eta sarritan kontzentratzen dena baino gehiago irauten du.
Ez dut legatua idealizatu nahi, ongi baitakit inongo tradiziok ez duela etorkizuna bermatzen. Baina auzolanak eta kooperatibismoak oraindik indarrean dagoen intuizio bati eusten diote: beste logika ekonomiko bat posible da.
Gero eta zatituagoa dagoen mundu honetan, gure benetako lehia-abantaila (egungo eta etorkizuneko ongizatearen bermerik onena ere badena) konfiantza izango da, ez tamaina, ez kostuak, ezta kapitala ere. Uste sendo bat: gizarte-erantzukizunak ez du lehiakortasuna geldiarazten, posible egiten du.
Lidergo batzuek uzta ikusgarriak biltzea lortze dute, horretarako lurra zeharo agortuta utzi behar badute ere. Zoritxarrez, ongi dakigu hori. Bide hori ez da ezinbestekoa, ez da patua: aukera da. Eta beste zerbait aukera genezake, beste lidergo batzuk ere badaudelako, beste eredu batzuk. Agian uzta ez da hain liluragarria izango, baina lur emankorra utziko dute, datozenek ere aukera izan dezaten.
Etorkizuna ez du datorren urteko uztak erabakiko: bizia sortzeko gai den lurrak erabakiko du.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta