Gipuzkoako ENBAko presidentea

Lurra bakarra omen

2022eko ekainaren 3a
Eg. 2022eko ekainaren 4a
inaki goenaga enba

1972ko ekainaren 5ean Nazio Batuen Erakundeak, lehenbizikoz, ingurugiroari buruzko konferentzia ospatu zuen Estokolmon. Erakundeak handik gutxira erabaki zuen, egun hori, ekainaren 5a, alegia, Ingurumenaren Nazioarteko Eguna izendatzea eta handik aurrera, urtero ospatu izan da. Aurten, igandean.

 

Egunaren aitzakiaz baliatzen dira, nahiz erakunde nahiz eragile edo enpresak, ingurugiroaz hitzegiteko, sentsibilizatzeko, ekintza politikoak aldarrikatzeko eta gizartearen arreta bereganatzeko. Batzuk, zintzotasunez egingo dute; beste batzuk euren kontzientzia zuritu eta kontraesanak estaltzeko. Badira moda sozial hutsagatik ospatzen dutenak ere.

2022ko ekainaren 5ean, Estokolmon ere, 50 urte beranduago, Nazio Batuen Erakundeak beste konferentzia bat ospatuko du Lur bakar bat lelopean. Ospakizunaren arrimuan, bizitza jasangarria eramateko beharra azpimarratu nahi dute ospakizunaren sustatzaileek, argi utziz, horretarako ezinbestean bultzatu beharreko oinarrizko aldaketaz gain, gure egunerokoan bizitza jasangarriagoa egikaritzen duten jarrera eta ekintza txikiak direla gure esku daudenak. Gutako bakoitzaren eskutan daudenak.

 

Aurtengo leloari buruz, Lur bakar bat, hausnartzen hasi ahala burura etorri zait baserri mundutik somatzen dugun paradoxa, lurra bakarra izanik, gizarte bakarra izanik, bi trataera zeharo ezberdinak jasotzen baititugu.

Hiriak gero eta gehiago zabaltzen ari diren unean, azpiegiturak gero eta erraldoiagoak sustatzen ari direnean, nekazal lurra gero eta artifizialago bilakatzen ari denean, orduan eta estuago hartzen gaituzte landa ingurunean bizi garenak. Hau da, orain dela hamarkada gutxira arte, lur hiritarrezina zena hiritartatu ostean, nahiz eta erdi utzita izan, lur gehiago okupatzen ari dira, egungo eta etorkizuneko nekazaritza eta elikadura arrisku bizian jarriz. Landa ingurunean, aldiz, gure Euskal Herriko bailaretako goiko partean, beheko bekatuen barkamena irabazi asmoz edo, gero eta araudi estuagoa dugu. Ez naiz ari etxebizitzak edo aireportuak egiteko aukeraz, nekazaritza, abeltzaintza eta basogintzaz baizik.

Lurra bakarra omen dela dio Nazio Batuen Erakundeak. Geuk ikusten eta bizitzen duguna, ordea, guztiz kontrakoa da, ingurumena eta jasangarritasuna neurtzeko erregelaren tamaina oso ezberdina baita, erraz ulertzeko moduan esanda, goiko edo beheko gauzak neurtzeko garaian.

Baserritarrok sarri askotan esan ohi dugun bezala, lurraldearen ia % 90 kudeatzen dugu gure jarduerarekin eta uste dugu, inor gutxik esango duela, Euskal lurraldea, landa ingurunekoa behintzat, gaizki kudeatuta dagoenik. Beraz, lurra eta gizarte bakarra garen heinean, egin ditzagun gauzak eta sustatu ditzagun arauak, logikaz eta zentzuz, goikoak museoko pieza bailitzan tratatu gabe eta, beheko barrabaskeriak eta gehiegikeriak goikoei ordainarazi gabe.