Lurraren esnatzea

Gure gizarte modernoa osatzen duten engranaje konplexuen artean, askotan, ez da aintzat hartzen landa-eremuak edo lehen sektoreak gure hiri zaratatsuetarako elikagaien horniduran duen funtsezko eginkizuna. Eta batzuetan ez datorkigu batere gaizki gogoratzea. Horixe egiten ari dira Ipar-Euskal Herrian hasi eta lurralde osora zabaltzen ari den lehen sektorean berriki egindako grebei esker: agerian utzi du berriro sektorearen funtsezko garrantzia, eta agenda publikoan txertatu du bete-betean gaia.

Grebak elikagaien ekoizpena eta banaketa aldi baterako geldiarazi ditu, eta gure hornikuntza-kateen hauskortasuna eta lurrean lan egiten dutenekiko dugun mendekotasuna gogoratzeko balio izan badu, hala egin bedi. Erraza da jakiak lurretik gure mahaietara eramateko behar den konplexutasuna eta ahaleginari muzin egitea, batez ere hiri-bizitzako erosotasunean murgilduta gaudenok. Agate Deuna lurra esnatzeko kantatu genuen, eta baita esnatu ere. Hirietan dira laborariak orain eta esnatu ez ezik, ordainetan baldintza eta ogibideak duin bilakatzera etorri dira gurera.

Healthy food edota bizitza sanoa bermatzen duten Instagrameko errezeta goxoak gure nekazarien eta sektoreko langileen funtsezko eginkizunarekin hasten dira, kalitatezko produktuen ekoizpen eta banaketarekin. Hauen lan sakrifikatuak elikagai elikagarriak emateaz gain, baliabide naturalak zaintzen eta gure planetaren oreka ekologikoan laguntzen dute ere. Eta lehen sektoreaz eta honen garrantziaz ari garela, ez nituzke nekazariak ez den gainontzeko balio-katea atzean utzi nahi. Sektore honen parte dira ere ereintza eta laborantzan aritzen diren negozioak, eta baita uzta eta banaketak ibiltzen direnak.

Garai hauetan, teknologia eta digitalizazioa goitik behera aldatzen ari dira sektorea, eta, horri esker, eraginkortasun handiagoa lortzen da produkzioan eta baliabide naturalen kudeaketa iraunkorrean. Niko Cuencak Talaian ondo dioen bezala, sektorearen digitalizazioak laboreen kudeaketa, lurzoruaren monitorizazioa eta izurriteen kontrola hobetzen ari da, eta horiei esker, nekazariek beren ekoizpen-prozesuak optimizatu dituzte, kostuak murriztuz eta ingurumen-inpaktua minimizatuz.

Ordea, landa-langileek lan-baldintza eskasak, soldata txikiak eta gizarte-onarpen falta izaten dituzte maiz eta egunotako greba entzutetsu hau, egunero kontsumitzen ditugun elikagaiak behar bezala baloratu eta laguntzeko premiari erantzuteko deia da. Gero eta urbanizatuago dagoen mundu honetan, erraza da landa eta hiriaren arteko lotura bistatik galtzea eta instituzioetatik hasi eta gainontzeko hiritarrak esnatzera etorri dira oraingoan. Beharrezkoagoa zen Agate Deuna.

Oraingoan greba izan da, baina heldu diezaiogun hiri eta landa-eremuaren arteko lotura hori bizirik eta indartuta mantentzearen garrantzia gogorarazteko mezuari. Lehen sektorea gure gizartearen funtsezko zutabe gisa ezagutu eta baloratu behar dugu, eta elkarrekin lan egin behar dugu, bertatik bizi direnentzat bidezko eta baldintza duinak bermatzeko. Esna dezagun hiria, esna dezagun gizartea! Har dezagun gure bideko laguna eta bete dezagun egunotako jarduna!

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK