Nekazariak pantaila handira

Euskal kutsua izango duen Goya sarien atarian lanbideen soldatak eta zergen erreforma albiste izan dira. Asteko protagonista, halere, nekazarien protestak izan dira

Nekazaritza izan dugu aste honetako protagonista nagusia | Argazkia: iStock Nekazaritza izan dugu aste honetako protagonista nagusia | Argazkia: iStock

Goya sarietarako 45 izendapen lortu ditu euskal zinemagintzak, horren herena Esti Urresola zuzendariaren “20.000 erle espezie” filmak bildu ditu. Gariza Produkzioak SL da, besteak beste, filmaren ekoizlea. Pelikularen estreinaldian Garazi Elorza ekoiztetxeko arduradunarekin hitz egiteko aukera izan genuen EnpresaBIDEAn, eta filmak lortu duen uzta oparoak biziki poztu gaitu. Urte oso emankorra izan da 2023 euskal zinemarentzat, gure herrietako txokoetan errodatutako filmen zerrenda ikustea baino ez dago. Bihar izango duzu euskal zinemaren osasunari buruzko erreportajea gure atarian. Gero eta ohikoagoa da gure kaleetan barrena errodaje batekin topo egitea. Euskal Herriko bazterrak filmak girotzeko kokaleku ezin hobeak baditugu ere, nekez ulertu genezake egungo ikus-entzunezkoen ekoizpenaren loraldia zerga hobariak aztertu barik.

Nafarroa izan zen Hego Euskal Herrian errodaje platoa bilakatzeko zerga kenkariak baliatu zituen lehen lurraldea, 2016an. Estatu mailako zerga onurak %25 ziren (Kanariar Uharteetan %40) eta Nafarroak filma zein ikus-entzunezko produkzioetan inbertitzeko %35eko kenkaria onartu zuen. Covid-19ko pandemiaren garaian estatuak hobariak %30era igo zituen, eta foru komunitateak kenkaria %40ra igo zuen baldintza jakin batzuk betetzen zituzten ekoizpenetan. Iaz, baina, Bizkaiko Foru Aldundiak aurrea hartu egin zion Nafarroari %60ko hobariarekin, euskaraz errodatuz gero %70ra igota. Ogasuna berrikuntzarako kenkarien ereduan oinarritu zen zinemagintzarako fiskalitatea diseinatzeko orduan. Hala, inbertitzaile batek zinema ekoizpen batean inbertitu dezake, mailegu emaile bailitzan, %20ko errentagarritasuna lortuz. 151 ekoizpen errodatu ziren Bizkaian aurreko urtean, 58,5 milioiko eragin ekonomikoa lortuz, bi urte lehenago baino lau aldiz gehiago.

Euskal Herriko bazterrak filmak girotzeko kokaleku ezin hobeak baditugu ere, nekez ulertu genezake egungo ikus-entzunezkoen ekoizpenaren loraldia zerga hobariak aztertu barik

Zinemagintzaren industriaren loraldia ekarri dute zerga kenkarien politika berriek eta hurrengo urteetarako ikus-entzunezkoen alorrerako funtsezkoak diren azpiegiturak diseinatu dituzte. Ikusteko dago, baina, joerari eutsiko dion, izan ere, Arabako eta Gipuzkoako Foru Ogasunek ere zinemaren industriari koska egin nahi diote. 2023ko bukaeran Bruselak argi berdea eman die bi lurralde hauen zinemagintza eta arte eszenikoentzako zerga hobariei, Bizkaikoak berdinduz. Jokin Perona Gipuzkoako finantza eta ogasun diputatuak adierazi bezala, litekeena da lehen hiru hileko honetan Batzar Nagusiek zerga araua onartzea. Arabak ere zerga kenkarien bideari ekin dio. Aste honetan bertan Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak zinemaren industriarekin bildu da Madrilen, Goya sarien atarian, lurraldera ekoizpen gehiago erakartzeko.

Zergen erreforma laster, baina oraindik ez

Zinemarenak ez dira hurrengo hilabeteotan hizpide izango ditugun zerga neurri bakarrak. Aspaldi ari dira agintari politiko nagusiak zergen erreformari ekiteko asmoz. Hauteskundeak ate joka izanik, ez da espero hurrengo asteotan akordiorik ixtea. Legebiltzarra eta, ondorioz, Jaurlaritza aukeratzeko bozak dira, eta zergen eskuduntza Batzar Nagusien esku dago, baina fiskalitatea sona handiko gaia izaki, ez da espero hurrengo asteotan nobedade handirik egotea. Ahaldun nagusiak, baina, debatea girotzen hasi dira “politika publikoak bermatuko dituzten” diru-sarrerak behar direla aldarrikatuz. Ez da sakoneko aldaketarik espero baina litekeena da etxebizitza eta pentsio planak (BGAEak) jomugan egotea.

Gariza filmseko kideak, joan den asteko '20.000 erle espezie' filmaren aurkezpenean | Argazkia: Gariza Filmsek utzitakoa
 Euskal zienemak presentzia handia izango du Goyetan | Argazkia: Gariza Films

Estatu mailan aspaldi kendu zuten etxebizitza erosteko zerga kenkaria, eta Nafarroak neurri bera hartu zuen 2018an, lehenago etxea erosita zutenentzako salbuespen jakin batzuekin. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan oraindik hobariak zutik dirau 36.000 euroko mugarekin. Egun hauetan Iñaki Arriola Eusko Jaularitzako etxebizitza sailburuak muga erdira jaistea proposatu du. Alokairuaren trataera fiskala moldatzea ere proposatu du. Arriola ez da izan aste honetan zerga erreforma hizpide izan duen agintari bakarra. Jokin Peronak 2013 eta 2018ko zergen erreformen ondorioak aztertu zituen astelehenean, eta etorkizunari begira jorratu beharreko hainbat alderdi azaleratu zituen, gazteen emantzipazioan azpimarra eginez.

Gutxieneko soldataren igoera eta lan harremanak

Bestalde asteak lan harremanen inguruko albiste andana utzi digu. Asteartean, Espainiako Gobernuak 2023rako lanbide arteko gutxieneko soldata (SMI) onartu zuen, hileko 1.134 eurotara igoz, aurreko urtean baino %5 altuagoa. Sindikatuekin baino ez du lortu Yolanda Diaz presindenteordeak eta lan alorreko ministroak neurria adostea. Enpresarien ordezkariek gutxieneko soldata %3 igotzea proposatu zuen, igoera bestelako neurriak adosteko baldintzarekin. Administrazio publikoek lizitatzen dituzten kontratuen zenbatekoak ere igotzea eskatzen zuten enpresariek, euren marjinei eutsi ahal izateko. Bruselaren aurrean zorroztasun fiskala erakutsi nahi du Espainiako Gobernuak, eta enpresarien eskariei men egiteak gastu publikoa handitzea ekarriko zukeen eta jaramonik ez die egin.

Gurean gutxieneko soldataren igoerak ondorioak izan ditu: Arabako Foru Aldundiak errenta zergatik salbuetsita egoteko gutxienekoa igoko du SMI kobratzen dutenentzat. Aurreko erabakiak enpresariak eta langileen ordezkariekin adostea lortu du presidenteordeak, baina oraingoan harreman ona okertu dala dirudi. Ikusteko dago giroa berriz goxotzea lortuko duen Yolanda Diazek, bere alderdiaren beste aldarrikapen bat mahai gainean jarri baitu, lanaldia 37,5 ordutara murriztea. Enpresariekin bakarrik ez, gobernu barruan ere zailtasunak ditu neurria aurrera ateratzeko. Galizako hauteskunde kanpainian buru belarri dabiltza alderdiak, eta Sumarreko buruak PSOErekin aldentzeko aireratu ditu gobernu barruko desadostasunak.

25 eta 64 urte arteko langileen erdia baino gehiago (%53,52) egoera ekonomiko prekarioan bizi direla eta egoerak okerrera egin dezakeela salatu du LAB sindikatuak

Gurean ere lan harremanei buruzko hainbat berri izan ditugu aste honetan. Alde batetik, luze jotzen ari zen itunpeko ikastetxeetan sindikatuek eta patronalak akordioa itxi zuten greba bertan behera utziz. Lan negoziaziori buruzko datuak ere eman ditu aste honetan ELA sindikatuak, 2023an sinatutako lan hitzarmenetako soldatak %6,5 handitu direlarik. Eta bestalde, Euskal Herriko soldaten inguruko bi txosten ezagutu ditugu bukatzear dugun aste honetan. LAB sindikatuaren Ipar Hegoa fundazioak Hegoaldeko lan prekarietateari buruzko datuak eman ditu. Hala 25 eta 64 urte arteko langileen erdia baino gehiago (%53,52) egoera ekonomiko prekarioan bizi direla eta egoerak okerrera egin dezakeela salatu du sindikatu abertzaleak. Lanpostua izanda ere bizimodu duina izateko adinako diru-sarrerarik ez izateko arriskua nabarmendu dute. Soldata igoera handiena izan duten lan esparruak ere ezagutu ditugu egun hauetan. Asteazkenean aurkeztu zuen LKS Nextek Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako datuak. Hala, soldatak KPIa baino zertxobait gehiago igo ziren iaz, aurreko urteetan galdutako erosahalmena konpentsatuz, eta ingeniaritza eta informatika arloko lanpostuek izan dute soldata igoera handiena 2023an.

Traktoreak errepideetan

Nekazaritzaren alorra izan dugu, zalantza barik, aste honetako protagonista nagusia. Ez da ohikoa lehen sektoreak egunkari eta albistegietako azalak betetzea, baina nekazarien protestek eta aldarriek lehen lerrora ekarri dute hainbatetan ahaztuta izan dugun nekazal mundua. Protestak Alemanian egin zuen eztanda. Gobernuak gasoliorako laguntzak hiru urteko epean kenduko zituela iragarri zuen urtarrilaren 4ean, eta bertako nekazariak kalera atera ziren. 70 urtez lagundu ostean, trantsizio ekologikoak eraginda alboratu nahi du erregaien hobaria Berlinek. Alemaniako nekazarien aldarriak Europa osoa zipriztindu du, eta Frantzia eta Espainia eta gero Euskal Herrira ere heldu da gatazka.

Hiru dira nekazal arloaren kezka iturri nagusiak: ingurumen alorreko araudiaren albo kalteak, Europako Batasuneko NPB Nekazaritza Politika Bateratuak eskatzen duen burokrazia eta Europatik kanpoko konkurrentzia, batez ere Ukrainatik eta Mercosur osatzen duten Amerikako hegoaldeko herrialdeetatik. Trantsizio ekologikorako politikek jomugan jarri dituzte, kasu askotan, erregaiak eta abeltzaintza intentsiboa. Auto elektrikoak sustatu diren garai honetan badira elektrifikazioaren bidez deskarbonizatzeko zaila den makineria andana. Traktoreak horren adibide ezin hobea dira. Talka egiten duela ematen du, hortaz, gas isuriak murrizteko politikak eta egungo nekazaritza ereduak. Nekazarien protestaz baliatu dira hainbat, 2030 Agenda bezalako politiken kontra egiteko, Europako Batzordeak eta estatuetako gobernuak gaitz guztien errudun egiteko. Sektorea, baina, anitza da, askotarikoa eta bere aldarrikapenak, ere bai. Euskal Herrian, esaterako, beste tokietan ez bezala, banaketa kate eta saltoki handien aurrean bildu dira nekazariak. Nafarroan, esaterako, hasierako protestetan Europako garapen jasangarriak bertan behera geratzeko eskatzen zuten bitartean, Bizkaian ENBA eta EHNE sindikatuek bat egiten dute 2030 Agendarekin eta aldarria burokrazia lausotzearekin lotuta dago.

Hiru dira nekazal arloaren kezka iturri nagusiak: ingurumen alorreko araudiaren albo kalteak, Europako Batasuneko NPB Nekazaritza Politika Bateratuak eskatzen duen burokrazia eta Europatik kanpoko konkurrentzia

Europako Batasunaren aurrekontu osoaren herena darama NPBk, dirutza hortaz, eta logikoa da Europak laguntzak modu egokian kontrolatu nahi izatea. Erdibidea topatu beharko dute diru publikoaren kontrolak nekazariak burokraziaren zurrunbiloan ez itotzeko. Araba eta Nafarroan izan dira protesta nagusiak aste honetan. Atzo onartu zuen Eusko Legebiltzarrak klima aldaketaren legea eta nekazariek bilkura egin zuten legebiltzarraren atarian. Gaurkoan nekazariek Bilbon dute hitzordua. Ez da lehen aldia lehen sektorearen aldarriak Bizkaiko hiriburua hartzen duenik. Duela 40 urte, 1984ko otsailaren 5ean, traktorez bete ziren Bilboko kaleak. Litekeena da gaurkoa azkena ez izatea.  

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK