Magiarik ez da

EnpreSarean Azokaren seigarren edizioa egin zen joan den astean Orona Ideoren egoitzan eta bertan izateko aukera izan nuen (eskerrik asko, bide batez, Bai Euskarari Elkarteari gonbidapenarengatik eta arlo sozioekonomikoan euskararen erabilera bultzatzeko lan eskergarengatik). Etorkizuneko lan-munduaren gainean begirada partekatuz, adimen artifizialaren garapenean eta pertsonen ongizatean zentratu ziren ponentziak, mami eta azal. Lehen begi-kolpean uztarri berean nekez ezkontzen diren bi kontzeptuak direla pentsatu nuen, baina egunak aurrera egin ahala ikusten hasi nintzen nondik norakoa.

Hurrengo goizean, autoan nindoala, Euskadi Irratiko Faktoria saioko elkarrizketa nagusia entzun nuen. GPT-3 izenekoa zen elkarrizketatua, Ixa Taldeak sortutako adimen artifizialeko zereko zera bat. Adeitsu eta berritsu, hunkituta baina jendaurrean lotsarik gabe agertu zen. Baikor mintzatu zen energia-eraldaketaren auziaz, eko-urduri zegoela aitortuta ere, baina aurrera begira irtenbideak askotarikoak izango direla aurreikusita. Iturri askotatik edaten du etengabe, horrek egiten du “jakintsu” (bere hitzak dira) eta maiz datu soilak ematera baino areago, iritziak emateraino iritsi zen. Kotxetik irten nintzenerako, erantzunak baino gehiago, galderak nituen bor-bor.

Beldurretik begiratzen bazaio, ikaratzeko modukoa dirudi. Esate erraz baterako, banku-merkatuetan etengabe sortzen den informazioa prozesatu eta “erabakiak” hartzen dituzten sistema adimendunek berealdiko kalapita eragin dezakete mundu osoan, industriak suntsitu edota informazio horren kontrola (boterea) duten pertsonen mesedetan milioika herritar gose akabatzeraino; eta hori guztia hezur-haragizko inork bere eskuak zuenean zikindu beharrik gabe. Itxaropenetik begiratzen bazaio, ordea, klima-larrialdiaren zulo beltzetik ateratzeko sistema konplexuak ulertu eta aplikagarri bihur ditzakete, giza-adimenak kudeatu ezin dituen milioika aldagaiak erarik eraginkorrenaz konbinatuta.

Geuk ematen diegu bazka etengabe ikasten ari den adimen artifizialari. Geuregandik ikasi ditu orain zeharo objektibo eta aseptikoak balira bezala itzuli egiten dizkigun alborapen edo joera guztiak. Geu bezain “akatsduna” da teknologia, ez orojakile, ez akats gabea, ez magikoa. Mundu binariorik ez dago, eta ez da egongo: konplexuago bilakatu da guztia, grisa nagusitu da nolabaiteko lasaitasuna eramaten ziguten zuri eta beltzaren ondoren. Hobe genuke ohitzen hastea eta panorama berri honek dituen ondorioez gogoetak sustatzea. Berriro galdera garrantzitsuak egin behar dizkiogu gure buruari, erantzuna algoritmo batek ematea nahi ez badugu, behintzat.

Ongizatea “helburu” edo “baldintza” bilatzen duen lehiakortasun-eredua. Zein da gurea edo, nahiago bada, zein beharko lukeen? Ez da semantika-kontua: bata ala bestea aukeratu, zeharo aldatzen da gizarte-eredua oso-osorik.

Historian zehar, aurrerabidean jarri gaituzten ezagutzek giza-jatorria izan dute, baina hori ezingo da aurrerantzean egia biribiltzat hartu. Geuk sortu ditugun teknologiek bide propioak urratzen dituzte eta iritsiko da unea (iritsi ez bada jadanik, behintzat) zeinean erabat harien menpeko izango garen. Arthur C. Clarke zientzia-fikziozko idazle britainiarrak Clarken Legeak izenez ezagutzen diren hiru aipu famatuetako azkenak argi esaten digu: “Teknologia aurreratu oro ezin da magiatik bereizi”. Ez da ordea, magia, giza-adimenaren emaitza baizik, eta geuri dagokigu zein bide hartu nahi dugun erabakitzea.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK