Gabon hauetan ez dugu urte amaierako bazkaririk egingo amonaren etxean. Lehen aldia da nire bizitzan toki hau elkargune ez dela izango; joan dira ama eta izeba-osabak, amonaren ostean, eta jada beste norbaitzuen bizileku izango da. Hutsuneak esanahiz beteta datoz ordea, eta beste mahai batzuetan izango diren otorduek falta diren horien oroitzapenarekin ere jantziko dituzte elkarrizketak.
Izeba Tereren ahotsa gutxi entzuten genuen belaunaldi ezberdinak elkartzen gintuen bazkarietan. Arreta jartzen zien entzuten zituen kontuei, irribarrea ikusiko genion tarteka, eta bere ikuspegia ematekotan, denak entzun ostean izango zen. Baina gehienetan galdetu egiten zuen, besteen ikuspegiei lekua emango balie bezala. Hori bai, eztabaida edo gatazka arrastorik sumatuz gero, isilik edo sukaldera bidean zebilen.
Aitaren hizkera bizi bezain zakarrari barre bai, baina ihes ere egiten zion. Berak, umoretsu zein haserre, mahai gainean jartzen zituen bere ziurtasunak. Denaren inguruan zuen iritzia, zuri ala beltz, eta eskuarekin mahai gainean zartada ematea bezain zaratatsu zetozen hitzak. Gris gutxi haren hizketan, zuri-beltzetan astintzen zituen bazkal garaietako elkarrizketak. “Beti arrazoia”, baina zergatik?
Izeba Arantxak zirrikituak bilatzen zizkien zalantza gutxiko baieztapenei. Hemendik eta handik galderak, iritzi horiek nondik zetozen bilatzen bezala. Bati baino gehiagori astuna irudituta ere, ez zen asko nekatzen. Eta nola gustatzen zitzaion besteek argudio nahikorik ez zutela sumatzea!
Baina mahaiaren erdigunea osaba Boni eta biok hartzen genuen maiz, barretik eta txantxatik asko, eta ia besteak entzun gabe ere, aurpegiratzen ziguten gisan. Berriketa bizian, bazkaltzen ari nintzela ahaztu egiten nuela aurpegiratzen zidan amak, platera hutsik uzten azkena nintzela ikusita, beste behin. Bera isilean samar, entzuten gustura.
Ez, ez dugu denok bazkal-mahaia berdin hartzen, baina komunikazio eta harreman egoeraren parte gara, bakoitza gure moduan. Paul Watzlawick psikologoak luzez aztertu zuen aurreko mendean gizakion arteko komunikazioa, eta bere axiometako bat zen ez komunikatzea ezinezkoa dela. Eta ez dugu entzuten, baina zenbat esaten duten isiltasunek ere.
Azken asteetan lidergo postuetan dihardutenentzat komunikazio trebakuntzatan murgilduta egon gara, eta deigarria izan da zenbatetan izan den deskubrimendua isiltasunari eusteak dakarrena. Mahaiaren erdigunea hartzera ohituta daudenentzat, zirt-zart ahotsa jartzea erraz dugunontzat, entrenamendua ez da ongi hitz egitea, ongi entzutea baizik. Entzutea. Eta galdetuz, aktiboki entzutea. Eta iraultzen dira talde komunikazio egoerak, beste norbaitzuen ahotsa eta ekarpena deskubritzen delako.
Hobe ulertzen ditut orain gure mahai gaineko gatazkak, baita ardorik gabeko bestelakoak ere. Eta gogoa piztu zait zuei galdetzeko, zuen irribarre isilek esaten zutena ezagutzeko. Baina jada ez zaudete.
