Maite ditut, maite…

Izenburuak ez du zerikusirik gaur kontatu nahi dudanarekin. Edo bai, oraindik ez dakit. Idazten hasi naiz nora iritsiko naizen jakin gabe, idazten hasi behar dudalako: gaur da nire txanda, asteroko langintzan. Izenburutik hastea ez da gehien gustatzen zaidan metodoa, baina gaur denbora gutxi dut eta nonbait irakurri dut horixe dela idazteko modurik eraginkorrena.

Ekin diot hasieratik, beraz, eta teklatuari eragiten hasi aurretik ere, prestatu dut nire ingurua, denbora gutxi dudanez, zeharo efizientea izan behar dut eta. Milka gure txakurra beste gela batera eraman dut, isildu ditut ordenagailuko jakinarazpenak eta sakelako telefonoa. Nire buru barruan sareetan zer dabilen begiratzera ahots engainagarriaz dei egiten didan ahotsa apaltzen ere saiatu naiz. Eta ekin diot. Etxeko telefonoak jo duen arte, zeren eta mezua idatzi eta ondoren sakeleko zenbakira deitu duen adiskidea harritu egin baita ez dudalako erantzun, eta gogoratu du emana niola “badaezpadako” beste zenbaki hori, zer gerta. 

Orain ez dakit nola jarraitu “maite ditut, maite” izenburua duen dena delako hau.

Kirmen Uribek 17 segundo izenburuko olerki-bilduman jaso zituen hamazazpi urtez idatzitako poemak. Atarikoan kontatzen du batez beste 17 segundo ematen dituela bisitariak artelan baten aurrean New Yorkeko Metropolitan Museum of Arten edo behintzat, hala kontatu ziola harako bisita egin zionak. Han datu hori neurtuta dute, eraginkortasunaren mesedetan. 

Adiskide batek ikastaro bat egitea gomendatu dit, oso ondo etorriko zaidana, liburu-jale amorratua naizenez gero. Ikastaro horretan, liburu bat ordubetean irakurri ahal izateko metodologia erakusten dizutela esan dit, zure bizitzan galdu ezin duzun aukera eskaintzen ari denaren tonuan. “Pentsa”, esan dit, “zenbat liburu berri irakurri ahal izango duzun adarretatik joan gabe muinera nola iritsi ikasiko bazenu”. Nola esango diot, bada, behin Picassoren Gernika ikusten astebete egin nuela, Museoa ireki orduko eta itxi arte haren aurrean jarrita. Nola adierazi behin eta berriro itzultzen naizela poema berberetara?

Atentzioaren eskasian bizi gara. Kontua ez da bizitzak berez zurrupatzen dizkigun orduak gero eta gehiago direla; hala balitz, gaitzerdi. Auzia kezkagarriagoa da, geratzen zaigun denbora apurra etengabeko inpaktu eta amarruek bereganatu dutelako. Atentzioa ere galdu dugu. 

Gaur maitasun erromantikoaren eguna da, eta baliteke ausaz aukeratu dudan izenburua etengabe jaso dudan propagandari esker nire buru barruan txertatu izana, bi aldiz pentsatu gabe, idazten eseri aurreko iragarkiak nire atentzio ahituta bereganatu egin duelako. Izan ere, atentzioa urria ez ezik, friboloa ere izaten baita, edozein huskeriarekin katramilatuta geratzen da eta. 

Aisialdia esaten genion lana ez zen denbora-zatiari, baina “asealdia” ez ote dugun bilakatu susmoa eta kezka dut. 

Eta berdin lanaren munduan ere. Enpresa baten hurrengo bost urteko norabidea alda lezakeen gogoeta estrategikoa aste betean egin daiteke. Erabakiak hartzea bilakatu dugu behieneko zeregina, erabaki horien kalitateari ia erreparatu gabe. Langileen karrera-ibilbideak hiru hilean behin berrikusten ditugu, epe hori nahikoa delakoan, adibidez, teknologia berri batera egokitzeko. Efizientziaren legea, eferbeszentziaren garaian. Konbinazio eskasa, nik uste. 

Atentzio poxi bat, horixe besterik ez genuke beharko maiz. Hau idazteko, idatzitakoa irakurtzeko, irakurritakotik nork bere buruari galdera batzuk egiteko, eta hala dela, erantzuteko denbora eta egokiera izateko. Poxi bat, besterik ez.

Edonola ere, orain ikusten dut zerikusia baduela kontatu nahi nuenarekin. Izan ere, maite ditut, bai maite, atentzio guztia bertan jarrita goxo hartzen nauten tokiak eta zereginak, eta baita 17 segundotan nekatzen ez diren pertsonak ere. 

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK