Ekonomia hazten ari omen da, lanpostuak sortu eta sortu. Haatik, dena ez da hain idilikoa, askotan, hazteko grin horrek edozeinen begiak itsutzeko gaitasuna izan ohi baitu. Adituek, talentua aurkitzeko gero eta zailtasun gehiago dituztela ere nabarmentzen dute, profesional falta, edota lan-baldintzen inguruko trabak argudiatuz.
Hori dela eta, hainbat enpresek denbora galtze hutsa edota zama izan daiteeken lan eskerga gainetik kendu, eta teknologiaren aldeko apustua egin dute, hautaketa prozesu anitzetan adimen artifiziala edota bestelako hainbat iragaz-metodo digital aplikatzeko joera hartu baitute. Baina, non geratu da gutxiengo gizatasuna? Zer gara pertsonak ala robotak?
Ezbairik gabe, teknologia lagungarria izan daiteke bizitzako edozein arlotan, baldin eta behar den moduan erabiltzen bada, noski. Hau egin ezean, aurkako efektua izango luke, hots, mesedea egin beharrean etxekalte izango litzateke. Gauzak horrela, kontuan izan behar da zenbat eta zenbat hautagai uzten dituzten makinek hautaketa-prozesuetatik kanpo, nolabait ere diseinatzaileek ezarritako eskariak betetzen ez dituztelako. Deitoragarria, baina, zoritxarrez errealitatea.
Teknologiak garapenerako tresna izan behar duela argi dago, baina, ez inondik inora traba. Profesional kualifikatuak bilatu ezin, eta “nola deskribatzen duzu zeure burua” galderan, “erronkazalea” beharrean “lasaia” dioen botoia sakatze hutsagatik benetan langile fina den norbait kanpoan uzteko arriskua sor daiteke. Litekeena da, erronkazalea den norbait behar izatea, ez, ordea, ezaugarri baztertzailea. Horren harira, Adecco taldeak 23 herrialdetan, 30.000 langileri egindako ikerketari esker ondorioztatu da lau langiletik batek ez duela inongo konfidantzarik adimen artifizialak hautaketa prozesuak kudeatzeko dituen irizpideetan. Ikerketaren arabera, batez ere, teknologiari lotutako lanpostuek erakusten dute irizpide ez gizatiarren aldeko konfidantza, esate baterako, salerosketa digitalean edota teknologia berrien garapenean aritzen direnek. Halaber, inkestatu askok eta askok argudiatu dute, lengoaia eta aurrez aurreko tratu faltak ez diela uzten beraien hautagaitza behar den moduan aurkezten
Egia da hautaketa-prozesu handiei bide emateko benetan tresna erabilgarria izan litekeela, betiere, aditu lantaldearen gainbegiradapean baldin badago; nola ez, benetan pena merezi duten horiek hanka ez egiteko xedez. Beraz, apika, metodo horiek bide tradizionalen osagarri izan behar bai, baina, baldintza argi batekin: giza baliabideetako prozesuak profesionalizatzea izan behar du jomuga. Talentua bilatzeko erraztasunak, profilak xehetasun handiagoz aztertzea, gizarteko talde edo kolektibo oro jasotzea edota datuen kudeaketa erraztea izan behar dira giza balideetako sailen etorkizuneko erronkak, besteen artean.
Argi eta garbi gera dadila, makinak, makinak direla, eta horiek ez dutela, ez sentimendurik, ez programatuta ez dagoen ideia liluragarririk. Dagoena dago, bere onura, eta bere gabeziekin. Nolanahi ere, ez dago esan beharrik kanpora begira enpresak eman beharko lukeen itxuran, profesionaltasuna baino hoztasun kutsua transmititzen dela.
Gure etxean nor sartu edo ez sartzeko erabakia ordenagailuaren esku uzteak benetan kezkatzen nau, zenbaki hutsak bilakatzea, titulu-agiri soila, nortasunaren gainbehera…
Garapen teknologikoa bai, baina gutxiengo gizatasuna ere bai.