Mantso

Carl Honoré-ren “In Praise of Slowness” (“Mantsotasunari Gorazarre”) liburua utzi dit Olentzerok zuhaitzaren azpian. Etxekoek zerbait esan nahi didatela uste dut. Abiadura beste ezeren gainetik lehenesten duen mundu zoro honetan beste modu batez egon gaitezkeela dio egileak, eta hori lortzeko gakoak ematen ditu. Estalkia erantzi orduko irakurtzeko irrikatan nengoela pentsatu dut bat-batean, baina nola edo hala, lehen pultsioari eutsi diot eta moteldu beharraren balazta sakatu dut. Lorpen txikia izan da, txikiegia, agian, baina lorpena edozein kasutan. Urte berriko gurarien zerrendan urteak dira gauzak geldoago hartu beharra goi-goian jartzen dudala, eta urteak dira zerrenda hori atzera berriro irakurtzeko tenorea heltzen denean bete ez izanarengatik damu izaten naizela. Aurten berdin-berdin gertatu da.

Honoré kazetaria da, ekonomia-hedabide ospetsuetan lan egina, gainera.  Bere bizitza pertsonalarengatik atsekabetuta ekin zion “Slow Life” delako mugimenduak ezarritako premisatan sakontzeari eta geroztik haren ahots eta bozgoragailua bilakatu da. Honetan ere, “pertsonala politikoa da” eta pentsamendu-korronte horren atzean norberaren bizitza-azturak kuestionatzetik harago doan planteamendua datza. Iritzi kontrajarriak gora-behera, gero eta maizago aipatzen den desazkundearen mugimendua izan daiteke haren oinordekoa. Gutxiago kontsumituko duen mundu baten, ekoizpenaren erritmoa moteldu eta bizitza jasangarriagoa eta bizigarriagoa izango dela diotenak zuzen daude, hazkunde ekonomikorik gabe bazterketa larriagotuko dela diotenak bezain zuzen, tamalez. 

Azkartasuna  eraginkortasunarekin lotzen dugu: zenbat eta gehiago egin, hobe, zenbat eta lehenago amaitu, hobe, zenbat eta lanpetuago ibili, lan hobea. Datuek argi erakusten dute ez dela horrela, baina gure gizartearen balioetan lastertasuna gailendu da, presa produktibitatearen ahizpa txikia delakoan edo. Beti presaka eta lanpetuta dabilen langilea talde-motorea dela esaten dugu, bere lana garaiz amaitzen duena susmagarria gertatzen zaigun bitartean.

Oker gaude. Abiadurak ez du zerikusirik produktibitatearekin. Produktibitateak pertsona edo talde baten eraginkortasunaz hitz egiten digu, gure lanaren lortzen den balioa (ekonomikoa, soziala, pertsonala) ematen digu eta abiadurak, berriz, egingo den lan-kantitatea neurtzen du. Gehiago eta hobea ez dira derrigor txanponaren bi aldeak, baina itxura denez, ahaztu egin dugu. 

Uko egin diogu  garapen teknologikoarekin “erosi” genituen sasiko promesen artean, behar bada hauxe da traketsena: teknifikazioak gure lanaren eraginkortasuna ekarriko zuela esan baziguten ere, gaur egun 1970. urtean baino 200 lan-ordu gehiago egiten dugu urtean, batez beste.

Liburua amaitutakoan esango dizuet zerbait berri ikasi ote dudan, baina ez dut uste berehala egingo dudanik: denbora eskaini nahi diot. Gure kulturak denbora galtzeko beldurra irakasten digu, baina paradoxa da azelerazioak bizitza alferrik galtzea eragiten digula.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK