Aurten nire buruari agindu nion Black Fridayren lilurak ez ninduela harrapatuko. Konpromiso irmoa izan da, militante. Eta dena ondo joan da, edo nahiko ondo… benetako beherapenak hasi ziren arte. Euri txikia bezalakoa da, tantaz tanta busti egiten zaituena ia konturatu gabe, eta une horretatik aurrera erresistentzia irrist egiten hasten da. Baina ez modu homogeneo batez: zapatila berrien aurrean erraz eutsi diot tentazioari, baina urte-osoko harpidetza merke batek edo irakurtzen desiratzen ari naizen liburuaren aurrean sirenen kantua askoz ozenago entzun dut.
Ez dakit nire kasua den soilik, baina ohartu naiz askoz zorrotzagoa naizela ukitu dezakedanarekin kontsumo digitalarekin baino. Ez da kontu berria: txartelarekin ordaindutakoa merkeagoa dirudi beti; billetearekin, ez horrenbeste. Materialak muga argiak ditu; digitalak, ordea, itzaletan jokatzen du. Zergatik aplikatzen ditut arau desberdinak? Izan ere, ongi dakit denda bateko kutxatik ez pasatzea gaizki dagoela, baina ez dut horren argi ikusten zertan datzan falta ordainpeko artikulu bat ordaindu gabe eskuratzeko bidezidorrean barrena sartzen naizen aldiro.
Pentsatu nahi dut nire koherentzia ahula baino gehiago dagoela hor: bizi garen lurraldeak ez duela oraindik arau finko eta sendoen egiturarik. Interregno digital moduko bat da: zaharra ez da guztiz hil eta berria oraindik ez da jaio. Mila esker, beste behin ere, Gramsci jauna.
Logika kontrajarriak nahasten diren sasoi baten bizi gara: egunkari askotan artikulu batengatik ordaindu behar duzu, baina EnpresaBIDEA zuretzat doan da. Newsletter batzuk irekiak dira eta beste batzuk itxita daude ordaindu ezean. Paper akademiko bat preprint gisa doan da, baina azken bertsioa eskuraezina da maiz.
Nola eraiki etikaren oinarri sendo bat sistema bera irregularra denean? Nola eskatu koherentzia, seinaleak nabigatzailearen, egunaren edo gailuaren arabera aldatzen badira?
Gure etikaren iparorratza analogikoa da, baina merkatua digitala da gero eta gehiago. Black Fridayk gupidarik gabe erakusten du: kontsumo arduratsua defendatzen dugu, baina klik azkarrak traizionatu egiten gaitu; “helburua” aldarrikatzen dugu eta segidan saskia betetzen dugu; kultura baloratzen dugula esaten dugu, baina ordainketa saihesteko zirrikitua bilatzen dugu aukera dagoen bakoitzean.
Nahasmendu hori ez da norberaren etxean geratzen, noski: Lanera ere sartzen da gurekin batera, eta zuzenean eragiten dio gure erakundeen kulturari.
ISACAk argitaratutako State of Digital Trust 2024 txostenean 5.800 profesional baino gehiagok hartu zuten parte. “Konfiantza digitala” funtsezkoa dela nabarmendu zuten, baina aldi berean prestakuntza-arrakala kezkagarria salatu zuten. Hamarretik zazpik diote beren erakundeak ez duela irizpide etikoen inguruko formakuntzarik eskaintzen.
Digitala ez da lan tresna hutsa: espazio moral bat da. Eta hortaz, ezin dugu soilik tresnen erabilera irakatsi irizpidea eman gabe. Ez dirudi ideia onik hain tresna boteretsuak nola erabili azaldu gabe eskura ematea. Gidatzen ikasi egin behar da modu txukun batez, ez etxean Fast and Furious ikusita.
Ez da kontrola, laguntza baizik: kultura digital heldua eraikitzea. Horretarako, pedagogia etikoa behar da, hau da, azaldu zergatik babestu behar diren egile-eskubideak, zerk bermatzen duen lizentzia ordaintzeak, edukien errespetua ez baita soilik lege-betekizuna, errespetua eta zintzotasun etikoa baizik. Ingurua etengabe aldatzen denez, arauak biziak eta eguneragarriak izan behar dira: orientatzeko, ez itotzeko.
Galdera ez da jada “egin al dezaket?”, den-dena egin daiteke eta. Galdera, orain, zera da: “Zer ondorio ditu honek ekosisteman, enpresan, planetan?”.
Kontsumo digitalaren kontratu berria osatzen ari gara, oraingoz ez baitago idatzita, egunero praktikatzen dugun arren. Plataformek ereduak probatzen dituzte, komunikabideek bizirauteko borrokan jarraitzen dute, legeak atzetik doaz eta bien bitartean, guk irizpideak inprobisatzen ditugu, komenentzien arabera. Nahaste-borraste horretan, enpresek eta erakundeek funtzio estrategikoa dute: oraindik existitzen ez den kontratu horren laborategi izatea.
Black Fridayko tentazioa ez da kapritxo pertsonal hutsa, alerta-dei kolektiboa baizik. Etika digitala lantzen duten enpresek, segurtasuna ematen dutenek, esperimentatzeko tokia bermatzen dutenek konfiantza eta ezagutza sortzen dute.
Trantsizioan gaude. Eta agian hor dago aukera: elkarrekin orientatzen ikastea, gaur egun oraindik marraztu gabe dagoen mapa poliki-poliki agertzen hasi arte. Baumanek esan zuen bezala, “etika da maparik gabeko mundurako iparorratza”. Ados nago.