Kazetaria eta komunikazio-aholkularia

Maparik gabe nabigatzen

2026eko urtarrilaren 20a
Pilar Kaltzada Gonzalez

Duela egun batzuk egindako elkarrizketa batean, The New York Timeseko lau kazetarik Donald Trumpi galdetu zioten zein ziren bere esku-hartze militarraren mugak. Erantzuna argigarria izan zen, beldurgarria ere bai: ez omen du bere burua legeek, arauek, kontrol mekanismoek edo nazioarteko oreka-sistemek mugatuta ikusten. "Bai, badago gauza bat. Nire moralitatea. Nire burua. Hori da gelditu nazakeen gauza bakarra"Halaxe esan zuen.

 

Noiz arte luzatu daiteke erokeria hau? Munduan gertatzen ari denari begiratzen diogu, eta egia esan, gero eta zailagoa da ulertzea. Ez da gizon gutxi batzuen aldi baterako zoramena soilik (denak zuriak, boteretsuak, nortasun gaixoaren mugak urratzen edo besarkatzen dituzten profil psikologikoekin), edo ez da hori bakarrik. Mundua gure begien aurrean birkonfiguratzen ari da, eta ez dakigu nora begiratu. Mundua mugitzen da eta mapa ez dator bat ezagutzen genuen lurraldearekin.

Lehen printzipio orokorrak zeuden tokian aldebiko harremanak nagusitu dira orain. Lehen guztiontzako arauak zirenak gaur egun baldintza zehatz bihurtu dira, norekin, noiz eta zertarako diren definituta ezartzen diren arau desberdinak. Mundua ez da jada erdigune normatibo baten inguruan antolatzen eta akordio asimetriko eta etengabe berrikusteko modukoen artxipelago gisa eratzen ari da. Aspaldian zetorren joera hori, eta galdera saihestezina da: zer erantzukizun dute edo dugu harreman partekatuen gutxieneko etika babesten zuten adostasunak erortzen ikusi ditugunok?

 

Sistema multilateral batetik gero eta aldebakarragoa den beste batera igarotzea aldaketa sakona da boterea nola erabiltzen den ulertzeko moduan. Eta boterea gure eguneroko bizitzako alderdi guztietan dagoenez —egiten dugunean, kontsumitzen dugunean, ekoizten dugunean—, inpaktua erabatekoa da.

Askotan entzuten dut araurik gabeko mundu batean bizi garela. Baina baieztapen horrek ñabardurak eskatzen ditu, aldaketa sotilagoa delako: arauak egon badaude, baina ez dira komunak, ez dira guztiontzakoak. Badira arauak, bai, baina ez dira lehen zirenak. Hamarkadetan zehar fikzio funtzional batera ohitu gara —akastuna, desorekatua, baina partekatua— arau multilateralen gainean eraikia. Baziren marko komunak, eta nolabaiteko aurreikusgarritasuna, planifikatzeko, inbertitzeko eta elkarbizitzeko aukera ematen zutenak. Gaur egun, marko horiek hautsi egin dira eta harekin batera, ordena ulertzeko genuen modua ere bai.

Ez da historian lehen aldia halakorik gertatzen dena. Aitzitik, interregno guztien ezaugarri komunetako bat da hau: etapa baten amaierak (ia beti gatazkatsuak) hurrengoari lekua egiten dion unean gaude. Trantsizio horiek beti datoz zaratarekin, eta seinaleak irakurtzen ez dakitenak albo batera uzten dituzte.

Horrek nahasmena sortzen du, zatiketa desordenaren isla zela ikasi dugulako. Baina balio du oraindik uste horrek, zatiketa bera denean estrategia? Zatitzeak betebeharrak murrizten ditu, maniobratzeko aukera ematen du, posizioz aldatzea ahalbidetzen du hautsi izanaren kostuak ordaindu gabe. Sistema kolapsatzen ari dela diogu, eta baliteke hala izatea, baina bada beste hipotesi bat: agian pitzaduren artean mugitzeko modua ikasteko mutazioan dago. Maparik gabeko mundu batean nabigatzeak gaitasun bereziak eskatzen ditu, ur bareetan ikasi genituenak ez bezalakoak.

Enpresentzat, testuinguru honek erabateko inflexio-puntua dakar. Ez da nahikoa arauak betetzea, orain interpretatu egin behar direlako. Ez da aski balio-kateak optimizatzea, orain intentzioak irakurri behar dira, tentsioak aurreikusi, testutik kanpo zer negoziatzen ari den eta beste mahai batzuetan zer erabakitzen ari den ulertu egin behar da. Neutraltasuna ahul bihurtzen gaitu merkataritza, teknologia eta geopolitika lotsarik gabe —eta ondoriorik gabe— gurutzatzen diren mundu batean.

Testuinguru berrian koherentzia ez da globala, harremanen gainekoa eraiki egiten da. Gaur egun, egonkortasuna (posible al da oraindik?) ez da itun handiekin bermatzen, baizik eta egokitzeko gaitasunarekin, irizpideei tinko eustearekin eta itxuraz kaotikoak diren mugimenduen atzean errepikatzen diren patroiak fin irakurtzeko trebetasunarekin.

Arau argirik ez dagoenean, irauten duena ez da azkarren dabilena, erabakitzen asmatzen duena baizik. Zein mendekotasun onartu, zein kostu sozial hartu, zein muga ez gainditu, errentagarria izan arren. Konplexutasuna, irizpiderik gabe, suntsitzailea da.

Ekonomikoa eta soziala ez dira jada bide paraleloetan mugitzen, eta iparrorratza —beste behin— ez da teknikoa, etikoa baizik. Gaur kaotikoa dirudien munduak formak ditu, nahiz eta ez diren orain arte ezagutu ditugunak. Maparik gabe nabigatzea deserosoa da, bai, baina ez da aitzakia norabidea aukeratzeari uko egiteko. Mundu berri honetan orientatzen ikastea ez da erraza, ezta gutxiagorik ere. Mapa zaharkituta geratzen direnean, aukera bakarra da burua altxatzea, zerua irakurtzea eta korronteei erreparatuz patroiak bilatzea, ez horrenbeste ziurtasunak.