Marte edo Facebook?

Etsipen-tonu nabarmenaz, zera esan zuen Buzz Aldrinek, Apollo 11ko ilargi-misioko astronautak: “Marte kolonizatuko genuela agindu genuen, baina horren ordez, Facebook sortu dugu". Orainaldia beste molde batekoa espero zuen, antza, ez iragan hurbilaren bertsio marketsa dirudien hau.

Nonahi irakur daitezke 2023. urteari begira aurreikuspen ekonomikoak, gutxi edo asko asmatu egingo dutenak (aurreikuspen guztiak bezalaxe, bide batez esanda). Zoritxarrez, bete-betean asmatuko dute urte honetan munduan desberdintasunak areagotu egingo direla esaten dutenak.

Klima-aldaketaren aurrean ahulenak diren hamabost herrialdeetatik hamabi larrialdi humanitarioa jasaten ari dira. Tenperaturen igoerak eta muturreko fenomeno meteorologikoek gaixotasun infekziosoen transmisioa azkartu egin dute, eta beroarekin lotutako hilkortasunak gora jarraitzen du, ur-eskasiak eta elikagairik ezak eragindako desnutrizioa ikusi gabeko mailetara iritsi delarik. Munduan 340 milioi pertsonak laguntza humanitarioa behar izango dute urte honetan, joan den urtean baino % 25ek gehiagok. Krisiaren dimentsioa errazago ikusten da, adibidez, kontuan hartzen badugu bizirauteko laguntza hori ezinbestean behar dutenek gure planetako hirugarren herrialderik jendetsuena osatuko luketela. Inoizko desplazatu kopururik handienera iritsiko gara aurten, sekula ikusi den elikadura-krisirik handienaren erdian gaudelako: 45 milioi pertsona inguruk gosez hiltzeko arrisku argia dute aurten laguntzarik jaso ezean.

Baina Facebook daukagu, aizue.

Burtsan kapitalizatuen dauden enpresen artean zerbitzu-erraldoiak (teknologikoak, eskuarki) daude goi-goian, hamaika zerotako inbertsioak edo “balioa” aitortzen dutenak. Gutxitan ikusten da zerrenda horietan, ordea, zenbat lanpostu sortu dituzten, edo zenbat diru itzultzen duten, zerga bidez, adibidez, negozioa egiten duten herrialdeetan. Ez du ematen kasualitatea denik, ez bada “kasualitatea” merkatuen kutunak izan eta behar bezala finantzatuta egotea. Erronka handiei erantzun beharko lieketen eta manufaktura-osagai sendoa duten beste sektore batzuetan ez da horrela gertatzen, bistakoa denez.

Izen-deiturarik ez baina nortasun oso argia duten “merkatuek” pizgarriak eskaintzen dituzte ekonomiak bidea egin dezan. Zer lagundu, zer lehenetsi, nola bideragarri egin negozio-ideia bat eta hark sortu beharreko “balioa” erabakitzen dute. Eta nonbait deliberatu dute munduan inbertsioa epe laburrera itzuli eta are gehiago, burbuila baten gisan puztu daitezkeen proiektuak behar dituela munduak.

Komunikazio-teknologiak berriztagarriak eta efizienteagoak diren energia-sistema berriekin uztartzen dituen industria edota manufaktura aurreratua ez dira, agian, epe laburrerako irabazi-iturri oparoak, baina munduan behar den eraldaketaren emaria askatuko lukete. Berehalako balio ekonomikoa ez duten eraldaketa-proiektuen inbertsioa lehenetsiko balitz, ordea, oso bestelakoa zatekeen panorama.

Ez dakit Marten koloniak izango genituzkeen, Aldrinek espero zuen moduan, baina seguruenik ur-hornidura, elektrizitatea eta elikagaiak bermatuxeago leudeke munduko toki askotan.

Izen-deiturarik ez baina gure munduari nortasuna eman dion eredu honek kontsumitzaile gisa esne-mamitan hartzen gaitu, baina herritar modura bazter baten uzten ditu gero eta gehiago. Eta amildegiaren ertzera iristen ari gara.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK