Osteopata batek hau esan zidan: bere kontsultara zihoan jende gehienak lanean pilatutako tentsioak arintzea bilatzen zuela. Tentsio horiek funtsez emozionalak izanik, gero giharretan eta ehunetan nabarmentzen zirela.
Uste baino gehiagotan, lan-giro eskasarekin, estresarekin edo aitortza-mailarekin lotuta daude gorputzeko minak. Eta horien guztien atzean, neurri handi batean, eguneroko komunikazioaren kalitatea dago. Barrurantz komunikazioa hobetzea da gaur egun erakunde askok mahai gainean duten gai nagusietako bat.
Nahiz eta enpresa askotan giroa “normala” dela sentitu, komeni da gogoratzea komunikazioa dela, lan ingurunean zein familia esparruan —Gabonetan konturatuko zinen moduan—, gainerako guztia sostengatzen duen oinarria.
Adibidez, informazioa argi eta garaiz partekatzeak segurtasuna sortzen du, norabidea ematen du eta pertsonak parte sentiarazten ditu. Informazioa balio partekatu gisa ulertzen denean, konfiantza sendotu egiten da eta erabakiak modu kolektiboagoan hartzeko aukera zabaltzen da. Kontziente izan behar zara informazioa modu interesatuan gordetzen denean —duzunean—, informazioa boterea dela lelopean, hor komunikazioaren zubia apurtzen ari zarela, komunikazioaren azpitik badagoelako konfiantza eta enpatia.
Bilerak ere badira lan-kultura hori lantzeko espazioak. Ekidin itzazu “bileren aurreko bilerak” horiek erabakiak hartzeko edo influentziak sortzeko erabiltzen badituzu.
Ikuspegi horrekin bat egiten du Psikologia sortzaileentzat: sormena bizirik mantentzeko eta lanean bizirauteko lehen sorospenak liburuan azaltzen denak. Frank Berzbachek honela definitzen du sormena: pertsonak seguru, entzunak eta kontuan hartuak sentitzen diren testuinguruetan garatzen.
Zergatik? Lan-inguruneetan segurtasun psikologikoa dagoenean, informazioa partekatzen denean eta erritmoak zaintzen direnean, tentsioa gutxitu eta konfiantza handitu egiten da. Horrek zuzenean eragiten du komunikazioaren kalitatean eta pertsonen ongizatean.
2026ari begira, beharrezkoa da baita ere umorerako espazioak sortzea. Umore sanoak, errespetutik eta konplizitatetik sortuak, harremanak estutzen ditu eta lan-giroa arintzen du. Gainera, elkarrekin egoteko testuinguruak bultzatzea garrantzitsua da: elkartzeko espazio formalak zein informalak aukera dira elkar ezagutzeko, harremanak lantzeko eta elkarbizitza indartzeko. “Ni ez nator lanera lagun berriak egitera” esango didazu, baina hobeto lan egiten dugu gizatasunez eta enpatiaz baliatzen garenean.
Eta urte berri honetarako jarrera garrantzitsuena agian hau da: entzutea. Entzute sakona, aurrean dugun pertsonaren beharrak ulertzera bideratua. Hortik hasten baita benetako komunikazioa, eta hortik eraikitzen baita lan egiteko modu hobe bat.
Kexatu ordez, proposatu. Suposatu baino, galdetu. Harremanak errespetuz eta umorez zaindu. Eta horiek guztiak eginda, oraindik ere zure lan arloan hobekuntzarik ikusten ez baduzu, agian 2026 lan berri bat bilatzeko momentu polita izan daiteke! Zergatik ez?