Kazetaria eta komunikazio-aholkularia

Masustazko izozkia

2022eko azaroaren 1a
pilar kaltzada

Ez da sekula jan dudan izozkirik gozoena, baina hura bezalakorik ez dagoela zenbat aldiz esan ote dudan kontua galdu dut. Lehen aldiz neuk eraman nuelako, geroztik oso zale izan den adiskide batek idatzi didalako jakin dut Donostiako “Los Italianos” izozki-denda itxiko dutela laster. Aitortuko dut, bada, nostalgiatik idazten ari naizela, laster “itxita” jarriko duen kartel horren atzean geratuko direlako nire txikietako oroitzapenik gozoenetako batzuk. Hondartzatik atera eta etxerako autobusa hartu baino lehen hantxe egiten genuen geldialdia senideok.  Masustazkoa izan da beti nire faboritoa, eta une zoriontsuen zaporea zuen. Makina bat urte eta gero, haraxe eraman izan nituen nik nire alabak eta Donostiara itzultzen garenerako erritualen parte izan da beti, nik txikitan egiten nuen bide berbera egin zezaten atsegin nuelako, zapore berberak probatuta nolabaiteko lotura krematsua sortuko zelakoan . Udan “Los Italianos” eta neguan “Santa Lucia” txokolategia.

 

Pandemiaren ondorioak begien bistan daude oraindik, baina lehenagotik dator gertuko komertzioaren gainbehera. Eusko Jaurlaritzak maiatza amaieran eman zuen ezagutzera 'Euskal merkataritzaren egoeraren diagnostikoa' izeneko txostena, azken hamar urteetako jarduera eta joerak biltzen dituena. Bertan irakur dezakegu, adibidez, Euskadiko merkataritzako enpresa-parkeak gaur egun 23.103 saltokik osatzen dutela eta denbora-tarte horretan % 27,5 galdu dela,  hamarretik ia hiru, alegia.  Deigarria da, txanponaren beste aldeari begiratuta, lan-postuek izan duten jokaera, % 2 hazi baitira denbora-tarte berean. Ziurgabetasuna nagusitu da: inflazioak kontsumoa moteltzea ekarriko du eta datuez landa, konfiantza da gainbehera datorrena: datorrenaren beldur, kosta egiten da egoerak hobera egingo duela pentsatzea. Sektore guztietan berdin eragingo duenik ezin esan, baina guztien gainean berdin zabaltzen dira okerraldiaren lainoak.

Darwinismo komertziala ez da berria, baina joerak bizkortu egin dira azken bolada honetan.

 

Makina bat saltokik itxi behar izan dituzte ateak eta batzuetan kosta egiten da nortasunari eusten dionik aurkitzea. Neurriren baten, ulergarria da, den-dena horren bizkor aldatzen den garai honetan, iraute hutsa balentria baita; berria sar dadin, batzuetan, zaharrak atzera egin behar izaten du.  Gure hirietan jazotzen den fenomenoaren atzean, baina, beste indar batzuk daude, eboluzio naturala baino askoz indartsuagoak direnak eta, oraingoz bederen, geraezinak diruditenak. Atari zabaleko saltoki-gune erraldoi bilakatu ditugu hiriak, kontsumo-gune amaigabeak. Kontsumoak bolumena eskatzen du eta  hori marka handien esku lortzen dela onartu dugu, itxuraz.

Marka handiek hiriak biziberritzeko gaitasun handiagoa dutela ukaezina da, eta komertzio-eredu hori sartu da geurera ere, inguruko herrialde ia guztietan bezalaxe. Hori ez litzateke horren larria izango gertuko eredua erabat txikitu ordez elkarrekin bizi ahal izateko modua ziurtatuko balitz horretarako. Ohi bezala, kontua orekan datza: zuria eta beltzaren artean makina bat kolore daude, ingurura begiratuta kontrakoa iruditu arren. 

Nostalgiatik idazten dut, baina iragan-minak itsututa baino, etorkizun-mirak kezkatuta.

Denok dugu joera horretan dagokigun arduraren zati bat, handiagoa edo txikiagoa, baina guztiok geurea. Pertsona baten nortasuna zerk sortzen duen ez dakit, baina esango nuke lekuek pisu handia dutela. Poetak kontrakoa esan arren, beti itzuli nahi izaten dugu zoriontsu izan garen tokietara. Berdin gertatzen zaie hiriei.