Ekintzailea eta Osoigo plataformaren fundatzailea

Megawattak salgai

2026ko azaroaren 16a - 05:30
IMG 0131

Hauteskunde kanpaina eta etxebizitza dekretua direla eta, hanka puntetan komunikatu den gertakari garrantzitsu bat eman da. Potentzia gehiago, entxufe gehiago lelopean euskal gobernuaren 2030erako sare elektrikoaren plangintza Espainiako Kongresuko Diputazio Iraunkorretik pasa da, eta Ministroen Kontseiluaren sinadura besterik ez zaio falta. Gure herriak 6.000 megawatt gehiago izango ditu, gaur duen ahalmenaren erdia beste. Jaurlaritzaren arabera, kontsumo handiko 117 enpresa daude konexioaren zain, eta 70.000 lanpostu baino gehiago jokoan. Baina entxufea ez da neutrala. 

 

Sare-elektrikoa gero eta ondasun urriagoa da, eta megawatt bat ezin da bi aldiz eman. Datu-zentro batera doana ez doa altzairua lantzen duen labe elektrikora. Merlin Properties higiezinen enpresa 300 megawatt inguruko campusa ari da eraikitzen. Errendimendu betean, ia Araba osoak adina argindar kontsumituko luke. Lanpostuak? Ehunka batzuk. Demagogiarik gabe, megawatt bakoitzak zenbat enplegu sortzen duen galdetu behar dugu sare eskasia dugun garai hauetan, politika industrialaz ari gara eta.

Bada beste asimetria bat ere. Sarea, hein handi batean, denon artean ordaintzen dugu, argindarraren fakturan datozen bidesarien bidez. Etekina, ordea, megawattak alokatzen dituenarentzat da: Merlinek Arasurko bi eraikin oso-osorik alokatuta zituen entregatu baino urtebete lehenago. Hori ez da industria, higiezinen negozioa baizik, eta lehengaia guk ordaindutako sarea da. Gainera, eskari berri horrek argindarra garestitu dezake gainerako guztiontzat.

 

Ez naiz datu-zentroen aurka ari, behar ditugula iruditzen zait. Baina sarea publikoa bada, baldintzek ere publikoak izan behar dute. Lehenik, esleipen-irizpide argiak izan behar ditugu: megawatt bakoitzeko enplegua, deskarbonizazioa eta bertan uzten den balioa exijitu beharra dago. Bigarrenik, konexioaren kostua eskatzaile handiak bere gain hartu behar luke, legez. Hirugarrenik, energia berriztagarriak erabiltzea eta konputazio-kuota bat unibertsitate, ikerketa-zentro eta ETEentzat banatzea behartu beharko litzateke. Eta laugarrenik, erregistro publiko bat, nork zenbat eskatu duen, eta nori eman zaionaren gardentasuna bermatuko duena.

Etorkizunean eskatzailea OpenAI edo Anthropic bada? Enpresa horiek ez datoz lanpostuak ekartzera, megawatt bila baizik, eta ondo dakite lurraldeak elkarren aurka lehian jartzen. Guk, ordea, haiek behar dutena daukagu: sarea. Eska diezaiegun, beraz, haiek bakarrik eman dezaketena: enplegurik ezean, konputazioa: ahalmen bermatua gure unibertsitate, ikerketa-zentro eta ETEentzat, eta erabiltzen ez duten potentzia sarera itzultzeko betebeharra.

Azken batean, norentzat ari gara sarea handitzen? Denon artean ordaindutako azpiegiturak denon onurarako izan behar du, ez enpresa gutxi batzuen etekinerako soilik. Enpresek irabaztea ez da arazoa, herriak ezer jaso gabe ordaintzea baizik. Megawattak ez dira merkatuko beste salgai bat, herri baten etorkizuna elikatzen duen azpiegitura baizik. Entxufeak jartzea ez da politika industriala, azpiegitura hobetzea da. Nori ematen dizkiozun erabakitzea ordea, bai.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain