Orain dela pare bat hilabete hemen bertan iragartzen nuen muga-zergen inguruan Trumpek iragarritako neurriek ez zutela berri onik ekartzen. Ez dira bi aste pasa kargua hartu zuenetik eta jada iskanbila itzela sortu du. Gidoia biratuz, bere haserrearen hartzaile nagusiak Txina eta Europar Batasuna izango zirela zirudien, baina bere bizilagunak, Kanada eta Mexiko, ere eraso nahi ditu. Momentuz, Txinari %10eko muga-zergak ezarri dizkio dagoeneko, eta hilabete atzeratu ditu mugakideenak, horiek errepresalia neurriak hartuko zituztela iragarri ondoren. Edozein kasutan, eragile ekonomiko nagusienek harriduraz eta beldurraz hartu dute testuinguru ekonomikoa hankaz gora jarri dituen erabaki horiek. Merkataritza gerra danborrak entzuten dira nonahi.
Azken egunotan, Trumpen administrazioaren ekintzak hainbat ebidentzia argi eta garbi uzten ari dira. Lehenik eta behin, AEBko presidente hautatu berriak ez dakiela nazioarteko merkataritzak nola funtzionatzen duen. Hori ez da bereziki larria edo ezohikoa: abantaila konparatiboaren kontzeptua ulertzea ez da oso intuitiboa, eta ulergaitza egiten zaie ekonomiako ikasle hasiberriei. Baina, dirudienez (eta hori da benetan kezkagarria dena), bere inguruan dagoen inork ere ez dauka inongo irizpiderik gai horren inguruan. Edo (are kezkagarriagoa) ez dira gai bere nagusiari esateko “jauna, ez dut uste hori ideia ona denik”. Bestalde, norbaitek pentsatzen al zuen kanpainan esandakoak beteko ez zituela? Bai, horixe. Mileik argi eta garbi erakutsi duen bezala, eskuineko populismoa berria erabat harrotuta dago. Errebantxaren bila dabiltza, bere agenda osotasunean betetzeko prest.
Alde anitzetako harremanek eta nazioarteko akordioen etorkizunak oso iluna dirudi. 1994ean, AEB, Kanadak eta Mexikok Ipar Ameriketako Merkataritza Libreko Eskualdea osatu zuten, NAFTA delakoa, elkarren arteko muga-zergak ezabatuz eta munduko truke libreko eremu handienetako bat sortuz. NAFTAren ondorioz, hiru ekonomien arteko elkar menpekotasuna areagotu egin da, eta produktu askoren balio kateek hiru herrialdeen mugak zeharkatzen dituzte. Trumpen erabakiek itun hori kolokan jartzeaz gain, MMEaren (Munduko Merkataritza Erakundearen) inguruan adostutako merkataritza politikak arautzeko markoa hankaz gora utzi du. Dohako negoziaketa-txandaren porrotak MME nahiko jota utzi ondoren, muga-zergen gorakada batek eragindako akzio-errepresio espiralak erakundearen bukaera ekar dezake, nazioarteko merkataritza oihan basati (are basatiago) batean bilakatuz.
Eta paradoxikoa bada ere, kapitalismoaren irudirik gordinena irudikatzen duen Trumpek heriotzaz zaurituta utzi du liberalismoak aldarrikatutako merkataritza librearen ideia. Urtetan, Ipar Globaleko herrialde aberatsek salgaien (eta kapitalen) mugimendu askea sustatu dute, integrazio prozesuak bultzatuz, merkataritza-oztopoak ezabatuz eta merkataritza askeko akordioak adostuz. Historian zehar izandako globalizazio prozesu sakonenak enpresa eta merkataritza askatasuna zuen bere oinarrietako bat. Washingtoneko kontsensua bezala bataiatutakoak, Potomaceko ibaiaren ondoan izango du bere hobia. Bere burua liberaltzat jotzen duen inork Trumpen alde jotzeko tentazioa izango balu, ezin izango luke merkataritza askearen aurkako eraso hori babestu.