Merkatua da, adiskide!

Pantailen erresuman bizi garen garai honetan irudiak datozkigu burura oroitzapenetan pentsatzeko orduan. Dena jaso nahi dugu sakelekoen bidez eta hodeian gorde, memoria zibernetiko berri horretan. Nire kasuan, ordea, usaimenak lotzen nau, hein handi batean, nire gaztaroarekin. Aita Kordobakoa zen eta bertan pasatzen genituen oporren tarte luzeak. Olibondoz jositako lurra da Kordoba, berde ilunez eta usain gogorraz zipriztintzen dutena. Dastamenak ere Andaluziarako lotura egiten dit. Osabak kooperatibatik ekarritako olio prentsatu berria platerean hedatu, eta ogia bertan bustitzen genuen. Oliba olioa baino ez genuen etxean erabiltzen, eta bitxia egiten zitzaidan jendeak bestelako olioak erabiltzea. Garai horretan ekonomia kontu arrotza zen niretzat, eta ez nekien oliba olioarekiko arrakala hain handia zenik. Urre likidoa zergatik esaten dioten gerora jakin nuen. Gure elikaduraren zutabe nagusietako bat da oliboa olia, duda barik, eta bere salneurriaren gorakadak gizartean horrenbesterako kezka sortzea erabat logikoa da.

Ahoz aho dabil urre likidoaren prezioa eta memeak egiteko iturri ezin hobea bilakatu da. Prezioaren igoerak kaltetu ugari utzi du, eta utziko ditu. Osasun balio eskasagoa duten olioengatik ordezkatuko dute askok eta, elikaduraren katean barrena hainbat jaki eta kontserben garestitzea ekarriko du. Kaltetuez gain, onuradunak ere utziko ditu, ordea. Atzo EnpresaBIDEAn azaldu genuen bezala, bada oliba olioaren merkatuan inbertitzen duen inbertsio funtsa, % 20ko errentagarritasuna lortzen ari dena.

Prezioaren gorakada azaltzeko badira motibo andana. Klima arrazoi nagusietako da, duda barik. Aldaketa klimatikoak muturreko egoerak ekarri dizkigu. Lehorteak ez badira, ur jausi gogorrak dira uztak kaltetzen dituztenak, ekoizpena murriztuz eta prezioa igoaraziz. Azalpenak logika handia du, eta aldaketa klimatikoak gure patrikei ere eragiten diela azaltzeko oso adibide ona da.

Badira, baina, hain ezagunak ez diren bestelako kontuak, oliba olioaren merkatuekin lotutakoak. Iberiar penintsula munduko ekoizle nagusietako bat bada ere, espainiar estatuak bertan kontsumitzen duenaren halako bi esportatzen du. Bukatzear dagoen 2022/2023ko kanpainan aurrekoan baino % 35 gutxiago ekoiztu da, 666.300 tona olio. Estatu mailako kontsumoa, era berean, 400.000 tonakoa izango dela estimatzen da. Barne kontsumoa asetzeko nahikoa ekoizpena, hortaz. Galdera, orduan, erraza da. Zergatik igo dira prezioak?

Erantzuna esportazioetan bilatu behar dugu. Izan ere, hamar hilabeteetan urte osoko ekoizpenaren % 90 kanpoan saldu da. Prezio askoz altuagoak ordaintzen dira kanpo merkatuetan, eta ekoizleek atzerrian saltzea nahiago dute. Merkatuaren logika horrek gidatzen du olioaren merkatua, eta kontraesan nabariak ditu. Esportazioek uzten duten hutsunea betetzeko, Espainiak olioa inportatu behar du. Inkoherentzia honek prezioei nabarmen eragiten die. Garraio kostuek prezioa are gehiago garestitzen dute, batez ere petrolioaren martxa ikusita. Ondorio ekologikoak ere baditu, bertakoa beharrean kanpokoa kontsumitzeak duen karbono aztarnagatik.

Baten batek mundua zoratu egin dela pentsa lezake eta hankaz gora gabiltzala. Logika handirik ez diote askok ikusiko gurpil zoro honi. Erantzuna, ordea, oso erraza da: merkatua da, adiskide!

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK