Merkatua zuzentzeko neurriak

Enplegu eta ekonomiari dagokionez, 2023 estreinatu berriak ekarri dizkigun albisteen artean badaude bi lehen bista batean euren artean kontraesankorrak irudi ahal dutenak: alde batetik, langabeziaren jeitsiera eta Gizarte Segurantzako afiliazio kopuruaren hazkundea. Albiste ona, zalantza barik. Hego Euskal Herrian iaz sasoi honetan baino 19.000 pertsona gehiago daude Gizarte Segurantzan izena emanda. Era berean, EAEn langabezia % 3,5 jaitsi da, eta Nafarroan, %1,3. Azken hamabost urteetan izandako langabezia tasa txikiena izan da, eta lotuta dago Espainiako enpleguak 2022ko itxieran azaleratu dituen azkenaldiko kopuru onenekin, nahiz eta oraindik lan egin nahi eta enplegua topatzen ez duten pertsonak 2.800.000 izan.

Bigarren albiste ekonomikoa Espainiako gobernuak urte hondarrean onartutako laguntza ekonomikoko neurriek osatzen dute. Ukrainako inbasioaren ondorioz eta inflazioak sortutako prezio igoerei aurre egiteko, gobernuak neurri sorta onartu eta abiarazi ditu herritarrek prezio igoeraren ondorioak samurtu ditzaten. Hortik etorri dira janari txekeak, BEZ murrizketa zenbait jakitan, prezio jaitsiera edo doakotasunak garraio publikoan, etxebizitzen errenta %2 igo ahal izatea aurten eta etxegabetzeen etenaren luzapena, besteak beste. Neurri horiek guztiak herritarren bizimodua hobetzera bideratuta daude, oinarrizko diren produktuen prezioaren gainean eragiten batzuetan, eta zuzenean dirua ematen besteetan, 200 euroko janari txekea adibide.

Zergatik lirudike lehen bista batean bi albisteak elkarren kontrakoak direla? Pentsa dezakegulako, eta horrela erakutsi digute, lan eta enpleguaren zifrak onak diren momentu batean, herritarren gehiengoa enpleguak babestuta dagoela. Ikasi dugulako lan egiten duenak bizimodua aterako duela gutxi-asko, eta enplegua baldin baduzu, gai izango zarela bizitzari eta bizitzeko behar den kosteari aurre egiteko.

Ez da, baina, horrela. Onartutako neurri ekonomikoek frogatzen dute laguntzen premia. Ez da nahikoa gizartean enplegu tasa duin bat izatea jendearen behar guztiak asetzeko. Enplegurik ez dutenak ere babestu egin behar dira. Baina gainera, ez da aski, lan merkatuaren barruan dagoen jendearen artean, enplegua daukaten langileen artean ere pobrezia, zaurgarritasuna eta hilabete bukaerara ezin iristea bizi dugulako. Zerk eragiten du, baina, langile enplegudunen zaurgarritasuna? Bi arrazoik, batez ere: etxebizitza garestiak, bai alokairuan, bai jabetzan, zeinari mailegu hipotekarioen garestitzea batu behar zaion, eta bizitzako oinarrizko beharrak asetzeko balio ez duten soldatak.

Ekonomiak eragiten dituen prezio garestiei aurre egiteko nahiko ez diren soldata horiek osatzea dute helburu onartutako laguntza neurriek. Laguntza neurriak beharrezko izateak arrazoia kentzen die enpleguaren hobekuntzak merkatua berez arautuko zela uste zutenei, enplegu datu onen ondorioz langileek bizimoduari aise aurre egingo ziotela adierazten zutenei.

Ez da horrela. Ez dago modurik gaur egun langileen egoera duina, eta ulertu bedi egoera duina norbere eta familiaren etorkizuna tajuz moldatzeko moduko soldata bat ahalbideratuko duena, merkatuaren bitartez soilik bermatzeko. Merkatuak, izan lan merkatuak izan ekoizpenen eta kontsumo ondasunen merkatuak, bere arau propioak dauzka, eta berauen artean ez dago, gaur egun, langileari enpleguaren bitartez bizitza lau bat lor dezala ziurtatzea. Hain zuzen, merkatuak bakarrik ezin duelako merkatuak berak sortzen dituen arazoei aurre egin, erabili behar da politika eta botere publikoen eskuhartzea aberastasuna birbanatzea ekarriko duten neurri zuzentzaileak ezartzeko.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK