• IRITZIA
  • Merkatutik azokara: erosketa esperientzia bihurtzen denean

Merkatutik azokara: erosketa esperientzia bihurtzen denean

2025eko uztailaren 24a
maialen gaztanaga galarraga

Mundu digitala gure eguneroko bizitzan gero eta esparru gehiagotan sartzen ari den honetan, presentzialtasunak beste balio bat du. Mundu presentzialaren barruan, bada topaketa mota bat, bizirik jarraitzen duena eta are balio berriak bereganatu ere egiten ari dena: azoka. Izan ere, azoka dagoeneko ez da stand segida huts bat, ezta betiko saltokietan edo online eros daitezkeen produktuak erosteko leku bat ere, ekosistema bat baizik, beste formatu batzuetan sortzen zaila den zerbait eskaintzen duena: esperientzia, elkarrizketa, deskubrimendua eta giza harremanak.

 

Askotan, merkatu eta dendekin konparatzen ditugu azokak, baina bada gogoan izan beharreko funtsezko desberdintasun bat: dendan, produktuak aurkitzen ditugu, eta, azokan, berriz, produktuak sortu dituztenak; hilabeteak eman dituztenak pentsatzen haiek nola berritu, gu nola emozionatu, arazo bat nola konpondu edo baliozko zerbait nola eskaini. Horrela, sortzaileen eta erabiltzaileen arteko gertutasunak kontsumitzeko egintza aberasten du, izugarri aberastu ere: bizipen partekatu bat bihurtzen du.

Azokak, gainera, ez dira erakustera mugatzen. Hitzaldiak antolatzen dira, tailerrak, erakusketak, bilera informalak... Eta horixe da, hain zuzen ere, azoken indarguneetako bat: komunitatea sortzea. Leku jakin batean gertatzen dira, urtean egun batzuetan, aurrez aurre ezinbestean, eta denboran eta espazioan bat egite horrek giro paregabea sortzen du.

 

Kontua ez da soilik saltzea, ezta erakustea ere: gakoa proposatzea da; profesionalek, adituek, kuxkuxeroek eta herritarrek ikasi, eztabaidatu eta esploratzeko gune bat sortzea. Eta hori gertatzeko, funtsezkoa da entzutea.

Erronka argia da: azoka tradizionalen funtsa mantentzea, baina horiek adimenarekin garatzea; teknologia berriak integratzea, erreklamo gisa baino gehiago tresna baliagarri bezala: adimen artifizialaren aplikazioa erabilerraztasuna eta edukien sorkuntza hobetzeko, esperientzia pertsonalizatuak garatzeko edo AA sortzailearen bidez baliabide bisual eta narratiboak sortarazteko.

Gaur egun, azokak ez dira erakusleiho hutsak. Eta horrek ekipoak eskatzen ditu, zer interesatzen den, zerk kezkatzen duen eta parte hartzera gonbidatzen diren pertsonak zerk mugiarazten dituen antzemateko gai direnak.

“Merkatutik azokara” igarotzea, nolabait, ohikotik ezohikora pasatzea da. Eredu baten aldeko apustua da: saltzera mugatzen ez dena, baizik eta elkarrizketa, pertenentzia eta etorkizuneko ikuspegia sortzen dituena. XXI. mendean ere, azokek benetako topagune izaten jarraitzen dute; aurrez aurreko harremanek aukera berriak zabaltzen dituzten lekuak.