Merkea ez da debalde

Gure aitona zenak bere bizitzaren azken-azken aldian ezagutu zuen ageriko kosturik gabeko telefonoa. Harritu egiten zen, zeharo, ordura arte kostu handikoak ziren telefono-konferentziak —hala esaten zitzaien, gazteok, beste lurralderen batera egindako deiei— ia musu truk egiten genituela esaten genionean. Noizbait buelta etorriko zitzaigula erantzuten zigun, merke erosten dena azkenean garesti ordaintzen dugulako. Herri-jakintza.

Low cost kontzeptua duela bi hamarkada inguru ezagutu nuen nik, eta gehienok bezala, hegazkin-konpainien eskutik. Zoragarria izan zen: ordura arte gutxi batzuen esku zegoen luxua eskura genuen, eta munduan barrena bidaiatzen hasi ginen. Esperientzia demokratizatu egin zen, eta garai bateko elitearen parte bilakatu ginen. Susmagarria egiten zitzaigun hasieran, ez da? Nola liteke horren merke bidaiatu ahal izatea konpainia batzuetan beste batzuek prezioei eusten zieten bitartean? Galdera deserosoak egin ordez, prestigio mozkorraldian murgildu ginen buru-belarri, ondorioei erreparatu gabe, edo zehatzago esanda, albo-ondorio horiek normaltzat emanda: gutxi axola eserlekuen artean hankak jarri ezinda bidaiatu behar izatea, edo kabina maleta bakar baten hamabost eguneko arropa eta enparauak sartu behar izatea. Ontzat eman ditugu ordutegirik bihurrienak, hala moduzko arreta-zerbitzuak edo ia beti berandu iristea, funtsean jakin badakigulako kostu altuak dituzten zerbitzuak merke ordaintzearen truke zerbait galdu beharra dagoela.

Ez luke zertan, baina ontzat eman dugu. Kalitate baxuko produktu bat produktu txar bat da, duen prezioa duela ere. Ekonomialariek hamaika aldiz azaldu digute prezioaren egitura faktore askoren araberakoa izan daitekeela, eta arrazoizko prezioak lor daitezkeela, adibidez, teknologiaren aurrerapenak baliatuz, eskala-ekonomiak bilatuz edota ekoizpen-prozesuak eraginkorrago eginez. Alemanian Gut und Günstig kontzeptua erabiltzen dute prezio baxua eta kalitate onargarria duen produktu edo zerbitzua erabiltzeko: ona eta merkea, batera. Gaitzerdi.

Eskutik joan zaigu aspaldi, baina eutsi egin diogu zoramenari, eredu basati honen kosturik altuenak ez ditugulako guk ordainduko, atzetik datozenek baizik. Kasu egin Ryanair konpainiako buruak joan den astean eskainitako elkarrizketa baten esan zuenari: litekeena da masiboki bidaiatu duen lehen eta azken belaunaldia izatea, kostuak etengabe murriztearen estrategiak hondoa jo baitu, ezin baita gehiago estutu jada agortu egin duguna.

Aitona zuzen zegoen: merkea garesti ateratzen da. Ia debalde eskaintzen zaizkigun askotariko zerbitzuen truke, guztiok kontsumo-zorabioaren parte izatea onartu dugu, gutariko bakoitzak gure parte egitea. Bezero modura ordaintzen ez dugun gainkostu hori noren bizkar joaten den galdetzeari uko egin diogu. Eta garesti ordainduko dugu, merkea ez baita debalde.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK