Meta-bertsoa osatzeko azken errimak

Denbora asko behar izan dut gaia lehen aldiz ateratzeko, baina ez naiz lehena. Uztailean Joseba Lakaren Metabertsoa hotz dago iritzi-artikuluak estreinatu zuen metabertsoaren gaia EnpresaBIDEAn. Horrelako zerbait zioen Josebak: “Gaur egun metabertsoak piroteknia-jokoak baino ez direla uste dut [...]. Dena den, etorkizunean bizkortu egin daiteke metabertsoak zabaltzea, bai maila profesionalean, bai kontsumo masiboan.” Eta ez zaio arrazoirik falta. Apple eta Meta erraldoiei buruz ari zen, baina dagoeneko estatu mailan ere Telefonicak Web3 eta metabertsoaren aldeko apustu zuzena egiteko bi milioidun inbertsio aurkeztu zituen aurreko astean: Imascono eta Bit2Me.

Lehenak, metabertsoan esperientziak garatzen laguntzen du, hala nola etxeen segurtasunean aplikatzen den errealitate areagotua edota Ferrán Adriàren Bullyko murgiltze-esperientzia. Bigarrenak, aldiz, gaztelaniaz hitz egiten duten herrialdeetako kriptodiru kudeatzailerik handiena da, eta zerbitzu korporatiboekin eta online bidezko hezkuntzarekin lotutako beste negozio-iturri batzuk ditu. Telefonicak enpresaren walleta nabarmendu du aktibo nagusietako bat bezala.

Metabertsoarekin lotutako azken berria delako erabili dut Telefonicaren kasua, baina azken hilabeteetako dozenaka kasu ekar genitzake mahai gainera. Begi-bistakoa da metabertsoa gizartearen gehiengo batek erabiliko duen ingurune digitala izango dela, baita enpresen zerbitzu, produktu edota komunikazioak emititzeko kanal berria izango dela ere. Enpresa bat bazara, gauza bat da e-commerce bat eta online erosketa bat egin daitekeen webgune bat izatea, edo menu bat eta hainbat aukera dituen aplikazio bat, edo profil bat sare sozialetan, non argazkiak eta bihotzak parteka daitezkeen gainontzekoekin. Baina oso bestelakoa da 3D ingurune bat izatea, jendeak denbora errealean mugitzeko, paseatzeko eta elkar eragiteko espazioa izatea. Hamaika dira bertan eraiki daitezkeen eta bezeroak murgilarazi ditzakeen esperientzia berriak. Oraindik ez dakigu zer, zertarako eta nola egingo dugun, baina mundu honetan esperimentatzen ari diren enpresa teknologikoen mezua garbia da: “Erabili, eta pentsatu zure produktu edo zerbitzua bertan. Zer egin nahiko zenuke? Proposatu eta egiten saiatuko gara”.

Lau urte barru munduaren laurden batek metabertsoan gutxienez ordu bat pasako duela ziurtatzen dute ikerketa batzuek, eta beste batzuek metabertsoak mugikorrak ordezkatuko duela espekulatzen dute. Ni ez naiz hain erradikala. Metabertsoaren okerrena da interfaze edo espazio digitala erabiltzeko beharrezkoak diren eta gaur egun ia inork ez dituen gailu batzuk behar direla, hala nola betaurrekoak, eskularruak. Eta zer esanik ez, altzariekin estropezu egin gabe mugitzeko nahikoa espazio izatea etxe edo bulegoetan. Uste dut teknologiaren garapen abiadura baino zailagoa izango dela etxe guztietan meta-kit berri hauek aurkitzea.

Hori gutxi ez balitz, kontuan izan behar dugu Metabertsoan kalitateko esperientzia izan dezagun beharrezko izango dela telekomunikazioen eta gure gailuen potentzia biderkatzea, egungo grafikoak, oro har, oso oinarrizkoak baitira eta esperientzia nahiko justua. Zalantza dut —ideiarik ez dudalako gehienbat— 5G nahikoa izango ote den ehundaka pertsona alde batetik bestera eta era guztietariko jarduerak egiten ari diren espazio horri eusteko; seguru asko hurrengo teknologiaren bertsioaren zain egon beharko du metabertsoak. Teknologiari urte batzuk falta zaizkio azken errimak osatu eta behar bezala funtzionatzeko. Baina zuri? Zenbat beharko duzu metabertsoa ulertu nahi, asimilatu, animatu eta egunerokoan bertan jarduteko?

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK