Metabertsoa hotz dago

Teknologia digitalen sektoreak bero mediatiko gehiegi sortzeko joera du, eta gure irudimena aztoratzen du. Teknologia baten une erreala baloratzeko tresna gogokoenetako bat Gartner aholkularitza-enpresaren hanpatze-zikloa izenekoa da. Gure euskarazko wikipediak ondo azaltzen duen moduan, “hanpatze-zikloa teknologia jakin batzuen heldutasun, onartze eta negozio-aplikazioen irudikapen grafikoa da”. Ohikoa da teknologia digitaletan modu arinegian hitz egitea oraindik lurruna baino ez diren etorkizuneko errealitateez. Prest ez dagoena saltzen da, eta horrek neurriz gaineko itxaropenen gailurrak eta desilusio ajeak eragiten ditu. Metabertsoak edo mundu sintetikoak modan daude orain. Askok kontsumo masiboaren etorkizun hurbilari buruz hitz egiten dute, baita metabertsoen etorkizun profesionalari buruz ere. Errealitatea edo ilusio hutsa?

Txostenak irakurtzea ez dago gaizki, baina norberak esperimentatzea baino hoberik ez dago. Astebete luze igaro dut modan dagoen metabertso bat, Meta enpresarena, probatzen. Arratsalde grisak kalean —zirimiria eta hodei trinkoak—, eta hotza metabertsoan. Egia da Meta Quest 2 betaurrekoak zoragarriak direla, batez ere lehen agertutako Oculus Rift originalekin alderatuta. Egia da, halaber, erabilera- eta nabigazio-esperientzia ona dela. Izan ere, murgiltze-gunean 'sartzen' garenean, ez da eskuliburu bakarra irakurri behar; dena da intuitiboa. App mota guztiak aurkitzea, instalatzea eta erabiltzea erraza da. Alde horretatik, plataforma heldua dela ezan genezake.

Murgiltze-bideoak kontsumitzea esperientzia liluragarria da beti, eta eduki eta joko kopurua izugarria da. Baina hortik iragarritako metabertsora jauzi bat dago, errealitate izatetik urrun dagoena. Niretzat Meta proiektuaren bi balio-proposamen nagusiak etsigarriak dira. Lehenik eta behin, Horizon Workrooms izeneko enpresa-bileretarako espazio hori probatu nuen, hura probatzera gonbidatu ninduen lagun baten gonbidapenari esker. Onartzen dut bilera birtualean ondo pasatu nuela eta ideia interesgarriak daudela, hala nola mahaigain birtuala, baina ez nuke inoiz erabiliko lan-bileretarako. Sortu nuen gero nire espazioa (doan hilabetez), eta pentsatzen aritu nintzen ea zer egin behar nuen erabilgarriagoa izateko, baina ez ninduen konbentzitu. Iritziak iritzi, topagune profesionala izatetik urrun dagoela uste dut. Hortik Horizon Worldsera joan nintzen, esperimentatu dezakegun mundu birtual baten antzekoena dena. Mundu sintetiko horrek gaur egun ez du benetako erakargarritasunik. Iritzi pertsonala da, baina oso urrun ikusten dut horrelako mundu birtuala kontsumitu nahi duen gizarte bat. Era berean, objektu birtualekin egindako metabertsoen monetizazioa urrun dagoela uste dut, errealitate izatetik oso urrun.

Gaur egun metabertsoak —Metak bultzatutakoa bereziki— piroteknia-jokoak baino ez direla uste dut. Baina zer gerta daiteke etorkizunean? Hor, Apple bezalako enpresa batek, kopia onen bidez beste batzuek lehenago hasi duten guztia urre bihurtzen duenak, bizkortu egin dezake metabertsoak zabaltzea, bai maila profesionalean, bai kontsumo masiboan.

Bien bitartean, metabertsoen zarata horren guztiaren azpian dauden teknologien garapenean eta aplikazioan punta-puntako enpresa talde txiki eta dinamikoa dugu Euskadin. Horren adibide dira VIROO (Virtualware. GAIA klusterraren barruan dago), LUDUSGlobal (LUDUS), eta Eravis (Innovae). Horri gehitu behar zaizkio egungo edo merkaturatze-bideko start-upak, hala nola 2022ko Makina-Erremintaren Biurtekoan probatu genuen Kayrox, eta murgiltze-teknologia horiek modu errealistan aprobetxatzea eta tokiko enpresekin lankidetza sustatzea xede duten sektore industrialak.

Gutxienez Metak zerbait garrantzitsua lortu du: utzi egin diogu bere plataforma nagusiaren gainbeherari (Facebook) eta hari lotutako eskandaluei (Cambridge Analytica) buruz hitz egiteari. Metabertsoa hotza bada ere, Zuckerbergek zeozer lortu badu izan da metabertsoak berriro ere hanpatze zikloaren lehen fasean kokatzea, 'teknologiaren eztanda' deritzon horretan.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK