“Frantzian, berriki arte, langile migranteen %80 legez kanpo bizi zen paperik gabe. Sistema ez-ofizial “ofizial” bat zen. Migranteek, batzuetan, bazeukaten beren egoera legeztatzea, lana eta bizilekua lortuz gero eta enplegu-emailearen babesarekin. Sistema, migranteok aurrenik delitugiletzat harturik, aukeraz baliatzen zen hasieratik nabarmentzeko ez zeukatela eskubide besterenezinik –soilik gerora erabil zitzaketen eskubideak-.” John Berger idazleak eta Jean Mohr argazkilariak Zazpigarren gizona. Europako langile migranteen bizipenak irudiz eta hitzez liburua argitaratu zuten 1975ean. Euskaraz irakur dezakegu Iñigo Roquek 2026an argitaratutako itzulpenari esker. Liburuak, 1973 eta 1974 urteetan idatzitakoa, gizon langile migranteen esperientzia deskribatzen du Europan. Ateratzen duen ondorioetako bat: Mendebaldeko Europako ekonomia-sistema ez dela bideragarria eskulan migranterik barik, eta Europako mendebaldeak milioika migranteekiko etengabeko mendekotasuna duela.
Berrogei urte ez dira alferrik pasa ia ezertan, baina migranteekiko gaur egungo politika hasieran jasotako testuaren oso antzekoa da. Berrogei urte ezer gutxi da migranteei aplikatzen zaien egungo lege eta araudietarako. Hasteko, 2000. urteko Atzerritartasun Legeak baldintza zurrunak ezartzen ditu Espainiara sartzen diren Europa kanpoko migranteak behin-behineko bizileku eta lan baimena lor dezaten, oro har: Espainiara postu legal batetik sartu, dagokion bisatua izan, bizitzeko baliabide nahikoa egiaztatu, lurraldean modu ez-legezkoan ez egon eta lan kontratu baten eskaintza izatea. Ikusita baldintza horiek guztiek milaka migrante legez kanpo uzten dituztela, 2024ean aldatu zen Erregelamenduak bigarren aukera eman die Espainiako erresuman modu ez-legalean sartu zirenei: lurraldean bi urte bizi izatea egiaztu (Bergerrek aipatzen duen sistema ez-ofiziala, nola bestela biziraun lanerako baimenik gabe), aurrekari penalik ez izan eta lan edo senideren baten bidez errotuta daudela egiaztatzea dira baldintzak.
Hala ere, milaka eta milaka pertsona geratzen dira legearen bazterraren kanpoko aldean: ez daramate bi urte, ez daukate gertuko seniderik eta ez lan eskaintzarik. Horretarako onartu eta sartu zen indarrean aurtengo apirilean Atzerritartasun Legearen Erregelamenduaren aldaketa, legezko izateko baldintzak malgutu asmoz. Legezko eta, ondorioz, eskubide eta betebehar beteko herritar bilakatu ahal zuten Espainian 2026ko urtarrila aurretik bost hilabete eraman eta aurrekari penalik ez zeukaten migranteek. 65.000 migrantek hartu dute erregularizazio bidea Hego Euskal Herrian, 1,2 milioitik gora migrantek Espainiako lurraldean. Legeztatzeko baldintzak betetzen dituzten guztiak zergak ordaintzera eta laneko Gizarte Segurantzan kotizatzera sartuko dira.
Erregularizazio berria arauak berak ezartzen duen salbuespen egoera bat da, legeak berak ezarritako baldintzei, behingoz, muzin egiten dion salbuespen bat. Giza mugikortasunaren joera berriak eta Espainia migranteentzako lehen mailako leku bilakatu izatea ditu abiapuntu erregelamenduaren aldaketak. Espainiaren kokapen geografikoa eta ekonomia eta gizarte egonkortasun, segurtasun eta oparotasuna omen dira migranteentzako desiragarri. Irakur bedi lerro artean Espainiako lurraldearen eskulan premia.
Ondorioz: oraingoan iturria ireki egin da migranteentzako, eta herritar ugari poztu gara gure ondoko milaka pertsona langilek paperak, bizileku eta lanerako baimena, eta eskubide zein betebeharrak izango dituztelako.
Kontua da zer gertatuko ote den hemendik aurrerako migranteekin eta zein baliabide erabiliko den estatuko mugaz kanpotik datozenak ekonomia kapitalistaren gurpilean sartzeko.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta